2016-04-02

Esku aldunaren Gakoaz

Batzuk ez dugu euskara etxean jaso, ezta eskolan ere, eta euskara zenik ere ez ziguten erakutsi arauzko hezkuntzan. Baziren, halere, nolabaiteko euskal kutsua ikusten uzten zuten maisu-maistra gutxi batzuk. Luchi horietako bat zen. Iruñerriko institutu batean aritzen zen Luchi, eta berak zioenez, leinu batek, giza-talde batek, bete buruari deitzeko orduan, gizaki deitzen dio berez. Adibidetzat ematen zuen hinuit-ek bere buruari deitzeko euren hizkuntzan erabiltzen duten hitza horixe dela, gizakia alegia. Maistra horrek erdaraz ematen zituen eskolak, baina hinut-en adibidea eta gero, hizpidera ekarri zituen euskaldunak edo eskualdunak: eskualduna omen da eskua duena eta eskua erabiltzea, baliatzea, gizakiaren bere-berezko ezaugarria dugu, bertze ezein animaliak ez bezala. 

Ez dakit Luchi izeneko hori euskalduna zen, baina Luchiren pasadizo hori berpiztu da ene baitan Agurtzane Anduetzaren azken liburua, Eskualdunaren Gakoa, Sarako Idazleen Biltzarrean hartu eta irakurtzean. Agurtzane Iruñean sortu zen, baina aspaldi bizi da gure herria erbibitzen duen mugaldeko herri batean, Zugarramurdin; margolaria, eskultorea eta baita idazlea ere... hitz bakar batez, artista.

Agurtzanerena poema bakarreko liburua da, bertsolerro bakoitza artistaren marrazki ederrez apaindurik; testua eta marazkia uztarturik doaz, eta bukaeran testua bera hainbat hizkuntzatara itzulia -edo egokitua, hobe erranda- frantsesez, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez, beste hainbeste ate zabaltzen duena.

Erraz eta plazera handiz irakurtzen den liburua Baionako Maiatz-en eskutik —nola ez!— agertu zen Amotzeko Larralden —non, bestela!— iazko ekainean, baina ene eskuetara heldu berria da, Sarako Idazleen Biltzarrean; Agurtzane Anduetza Iruñean sortua izanik ez legoke sobera liburutto honen aurkezpen bat hiriburuzagian ere egitea, esku-aldunak ahalduntzeko bidean.

Baina, oraingoz Agurtzaneren obra hobeki ezagutzeko hitzordua dago ezarria datorren larunbatean, hilaren 9an, iluntzeko 9etan, Sara herrian, tabako eta prentsa dendaren parean: irakurraldia euskaraz eta fransesez eginen da, eta hauxe da iragartzen dena: sosegu goxoa, giltza bilaketa, poesia doi bat, filosofia zantzuak eta berotasun handia... 

 Agurtzane Anduetzarekin, Larralden

2016-03-06

Gau txuriak - Paul Austerren poema bat

Inor ez hemen,
eta gorpuak
dio: esaten dena esaten dela
ez da esatekoa. Baina inor ez
da gorpu bat ere,
eta gorpuak esaten duena
inork ez du entzuten
zuk izan ezik.

Elurtea
eta gaua. Berriz ere
hilketa bat
zuhaitzen artean. Idazluma
mugitzen da
lurrean zehar eta ez daki
zer gertatuko den, eta idazluma hartzen duen
eskua
desagertu egin da.

Halere, idazten du.
Hauxe idazten du:
hasieran,
zuhaitzen artean, gorpu bat dator
gauaren erditik. Hauxe
idazten du:
gorpuaren txuritasuna
lurraren kolorea da. Lurra da,
eta
lurrak idazten du: dena
isiltasunaren kolorea da.

Ez nago
jadanik hemen. Nik ez dut inoiz esan
zuk esaten duzuna
Nik esan dut. Eta jadanik, gorpua
leku bat da
non ez den ezer hiltzen. Eta gauero,
zuhaitzen isiltasunetik
zuk badakizu
nire ahotsa
datorrela oinez zuregana. 


White Nights, Wall Writing bildumakoa, (1971-1975)

2016-02-25

Bertso xume bat Kalitateari

Kalitatea arduraduna
euskaraz ari da, ustez
ez ergatibo, ez ebakera
eta "nor-nork" bat ere ez
kalitatezko kalitatea
izateko izan beharrez
oinarrizkoa izan beharko
euskaraz txukun eginez

2016-02-19

Aurrematrikulazioa Ezkaban


Antsoaingo Ezkaba eskolan gaur bukatu da aurrematrikulazio-epea; bertso bat horren harira, D eredua aukeratu duten gurasoei egina


Hirurogeita lau ume daude
Ezkaban apuntatuta
hiru urtekoen hiru gela ta
poza handia hartuta
bete-betean asmatu duzu
D eredua aukeratuta
egun batean seme-alabek
eskertuko dizute-ta





2016-02-14

Bihozkada bat baserrian

Bihozkada bat baserrian
—arraro sentitzen hasita—



Bonbilla bakar bat
baserriaren hire gelako
sapaiaren erditik zintzilik
iluntze hozminean indarge
altueren beldurrari soraio
hustasunezko bakardadean irauten.
Eta beldur haiz,
beldur haizenez,
bonbilla isolatu hori
ez ote den, funtsean,
heure bizitzaren metafora gastatu bat,
hori baino ez.