2020-06-23

Amuarrain baten bizitza labur zoriontsua


Urtegian gaupasa egin ondoren, zizare bakar bat ahoratu gaberik eta maldan behera pilpirika dabilen kupela baino zorabiatuago, etxera joatea erabaki nuen. Buztankada bat emanda, errekan gora jo, eta orduan ikusi nuen, errekaren bazterrean soslaia bat; nire barrukiak esan zuen: “Hara, hasi da Gobernua arrantza-baimenak banatzen”. Burua ur-azalera atera eta oihu egin nion: “Hi, hankabiko ergel hori, joan hadi perrotxikoak hartzera” eta nire bideari berriz lotu nintzaiolarik, beste morroi bat ikusi nuen errekaren ertzean, begiak handi-handiak zituela, aldaroka zebilena, eta nire ondotik pasatzean ni ikusi ere egin gabe joan zena: “Hara, bestea, babalore halakoa!” Arrantzaka ez dute astoek soilik egiten.

 

Erreka nagusira ur epela zekarren errekasto baten gora egin nuen; eskertzen da uraren epeltasuna, eta erreka txikiek hori dute on... Baina errekastotik gora egitean, lixiba usaina hasi nintzen nabaritzen... Hankabiko arlote baten batek ziur isuri duela nahita, jakinda lixibarekin zorabiatzen garela, lixibak uraren oxigenoa kentzen baitu, eta orduan, arnasa hartu ezinik, ur azalera ateratzen gara oxigenatzera eta gure zakatzak gorritzera, baina ur azalera erdi zorabiaturik ateratzean, hankabiko batek hartzen ahal gaitu... Eta lortzen ez badu ere, lixibak bere lana egiten jarraitzen du eta errekaren alboetako belarrak erretzen ditu... Eta esandakoa berresteko, bost litroko lixiba pote bat ikusi dut, ur azalean kulunka... Errekasto epeletik ihes egin behar dut, ez hiltzeko.

 

 Baina ordurako, erreka nagusian oinak, eskuak, harriak, oihuak, berunak eta amuak tarteko, azken ur-korrontea gainditu nuen; nahaste-borraste horren erdian, denetarik antzeman nuen... baita hirugihar usaina ere! Harrapa ezazu zangotik! Hauek bai trebeak arrantzan! Banoa hemendik harrapa nazaten baino lehen. Horiek horrela, hondorantz abiatu nintzen eta, —hura eta ura pagotxa!— harri baten ondoan zizare bat ikusi eta kosk egin niolarik, indar ikaragarri batek gorantz eraman ninduen bat-batean, azalerantz etengabe goraka; nik beherantz nahi, baina hankabiko alu batek gorantz egiten zuen tira... eta nik beherantz, neke-neke eginda bukatu nuen arte; azkenik, uretatik atera eta zubirantz igo ninduen.

Hankabiko gaztetxo bat zen, gizaki-kume bat. Tarte batez niri begira egon zen, eta gero, itotzen hasi nintzelarik, gizaki-kumeak amua atera zidan kontu handiz, zauririk eragin gabe, eta errekan utzi ninduen atzera, behar den bezala. Orduan ikasi nuen lekzio eder bat: hankabiko guztiak ez direla berdinak eta ikasgai hori ez zait sekulan ahaztuko.

 

2020-05-12

Basoko izakiei buruzko elezaharra

Aspaldi handian,
animaliak eta landareak
mintzo ziren garaian
basoko izakiak bizi ziren
gure mendietan.
Amalur, Basajaun eta Aker
gurean ziren nagusi
Ilargiarekin eta Eguzkiarekin batera

Amalurraren alde banatan
Ilargia eta Eguzkia begirale zirelarik
pagoak eta haritzak
astigarrak eta izeiak
makalak eta zurzuriak
zabaldu egin ziren
aise zabaldu ere.

Basajaunaren oniritziarekin
animaliak eta piztiak ere
barreiatu egin ziren
aske barreiatu ere
azeriak eta urtxintxak
otsoak eta arranoak
muxarrak eta erbinudeak.  

Aker, berriz, lur azpiko leize
eta kobazuloetan bizi zirenen
zaintzailea zen,
eta begira zituen
satorrak eta sugeak
sagu-zaharrak eta zizareak
gizon eta emakumeak.
Baiki, leize-zuloetan
gizakiak bizi ziren
emakumeak eta gizonak
zenbat eta bizkorragoak
hainbat eta trebeagoak
are gehiago mintzoaren jabe egin zirelarik
zenbat eta abilagoak
gero eta ausartagoak
are ageriago suaren jabe egin zirelarik    

Akerraren adarrak
okertu egin ziren
gizakiak zuhaitzak bereizten hasi
eta fruituak ematen zituzten arbolak
landatzen hasi zirenean
eta are gehiago okertu ziren
gizakiak piztiak bezatzen hasi
eta animaliak abere bihurtu zituenean.

Denbora kontua baino ez zen izan,
abere anitz zituztenak aberastu
eta aberats bihurtu zirela
leize-zuloetatik atereaz eta
Lur osoan barreiatu egin zirela
basoari tokia kenduz,
eta animaliak ehizatuz,
neurrian hasieran
neurrigabe gaur egun.

Ilargia eta Eguzkia,
handiegiak izanik eta
gizakiengandik urrunegi egonik
zeru goienetan aritzen dira
txandaka, lasai asko,
gauez bata
egunez bestea,
Amalurraren lagun
nekaezin eta erneak,
bata zein bestea
noiztenka kukutu egiten diren arren,
gizakiek horri eklipse deritzelarik

Amalur, Basajaun eta Aker 
gizakiaren hedatzeaz geroztik
gorderik bizi dira gurean
ezkutaturik mendi altuetan
eta gorderik baso sarrietan;
horregatik behe-lainoak,
eta langarrak hartutako mendietan
noizbehinka ikusten ahal dira,
azken buruan beraiek izan baitziren
nagusi aspaldi handian
eta nagusi dira oraindik ere
baso trinko gordeetan.

Horren guztiaren adierazgarri eta adierazle
hiru enbor berezi daude,
noizbait zuhaitz izan zirenak
orain Amalur, Basajaun eta Aker
itxura hartuta irauten dutenak
non eta Basoan,
Basoa pasealekuan
non eta Eguzki plazaren eta
Ilargi plazaren artean,
Berriozarren, Iruñea ondoan,
Euskaldunon Hiriburuzagitik hurbil.






Eta hala zan ala ez bazan, sar dadila kalabazan
eta atera dadila, Euskal Herria plazan



2020-04-23

Irri urrunak

Herengun eta atzo greba digitala egin nuenez gero, gordea neukan olerki ttipi bat gaurko.



Irri urrunak 

Aditu al duzu harrabots lauso hori?
Basoko izakien irria da
opor-planak egiten ari zinelarik,
irriabarraren abarrotsa.

Zure lepotik ez ezik neure bizkar ere
maltzurki egiten dute irri
hitzen hasperenak tintaz gorpuzten
saiatzen ari naizelarik.

Basoko izakiez lagundurik
literaturaren xarmaz lasaiki 
adimeneko aztoramendu
atsegingarrian, berrogeialdian.





2020-04-07

Hitz egidazu olerkia, HATSAren olerki bildumakoa

Koronabirusa dela eta, aurtengo Hatsaren olerki bilduma ez da oraino aurkeztu ahal izan, liburua inprimaturik eta prest egonagatik. Aurrerapen gisara, Hitz egidazu poema ttipia, Maite Ramosek egin liburuaren azalarekin batera




Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
xalo eta xuxen
gaztetatik aditzen
badakidalako ospea dut eta.
Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
lasai eta aise
erranak erranik ere
badakidalako hitzak gordetzen.
Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
zure hitzek osa dezaten
ezabatuko ez dudan poema bat. 





2020-04-02

Rodolfo Walsh-en aipu bat

Koronabirusaren ondoriozko berrogeialdia, aspaldi erosita eta oraindik irakurri gabeko liburuei ekiteko denboraldi egokia. Horietako bat, Rodolfo Walsh argentinarraren OperaciĂłn Masacre, iaz berrargitaratutako klasiko bat




"Intelektualaren esparrua, definizioz, kontzientzia da. Intelektual batek ez badu ulertzen zer gertatzen den bere garaian eta bere herrian, intelektual hori kontresan hutsa da -begien bistako kontraesana, kontraesan bizia-. Eta intelektual batek, ulertuta ere, ez badu deusik egiten, intelektual horrek ez du lantuaren antologian lekurik izanen, ezta bere herriaren historia bizian ere."

Rodolfo Walsh, 1968ko Maiatzaren Lehenean