2023-09-27

Irailak 27 ditu gaur

Denon bizitzan, baita herrien bizitzan ere, zikloak daude: ilberriak, ilgorak ilbeteak, ilbeherak. Eta irailak 27 dituen honetan aurreko ilargi-zikloak gogoan: iragandako une latzak, gozoak,  itxaropentsuak eta etsigarriak; malkoak eta irriak; minak eta musuak; erorketak eta jauziak; hasperenak eta txaloak; arrakastak eta porrotak; lortutakoa eta bidean galdutakoa; eta bidean gelditu direnak, jakina. Mikel Castillok 23 urte zituen polizia nazional batek hil zuenean, Iruñean, atzetik tiro bat emanda segada batean. Mikelek tiroa jaso zuen eta polizia horrek domina bat. Iltzatua daukat gogoan Mikelen heriotzaren berri eman zidatenean. Hogeita hamairu urte bete dira berriki; haatik, atzo goizean gertatu izan balitz bezala daukat oroimenean.  Hitzen hasperenak izeneko poema-bilduman jasota dago olerki hau:


Izen zenbait zail dira esaten

ahoskatzen errazak izanagatik.

Letrak herrestan jarri behar

izenaren benetako pisuaz

jabetuko bazara

eta silabak murtxikatu

eztarrian traba ez dakizkizun.

Izan ere, izen zenbait

ezpainekin baino

bihotzarekin esaten dira.

Mikel Castillo izen horietako bat da.

Gure belaunaldikook elkarri egindako

galdera maiz errepikatua:

Zu non zinen Mikel hil zutenean?


Euskal Herriaren ibilbidean, ilargia beti lagun zikloak pasatu ditugu, baita ziklo berriak erakarri ere. Ilbehera daudelako ditugu ilberriak eta ilbeteak, ilargiak etorkizunean ere lagunduko gaituelako. Mundu berri bat eraiki nahi eta behar dugu, zeinetan ilberriak, ilgorak ilbeteak eta ilbeherak etorriko diren bata bestearen ondotik, zeinetan beti sortuko diren erronka berriak, oztopo berriak, egitasmo berriak. Joan zirenak gogoan, haiei esker bizi ahal dugulako oraina, etorkizuna eraiki nahian, ilargia lagun, ilargia beti lagun.






2023-09-13

Dialisirako joan-etorrian, komeriak

Bigarren giltzurrun-transplantea egin zidatenez geroztik, ez naiz joaten Ospitalera dialisia egitera. Nolanahi, badira oraindik nire lagun batzuk, bertara joan behar izaten dutenak astean hirutan edo lautan, lau ordu edo lau ordu eta erdi makinari lotuta egotera. Hori horrela, astean dialisi-saiora ekartzen dituzte anbulantziaz eta, tratamendua jasota, etxera eramaten dituzte atzera. Sinplea dirudien arren, ez da dirudien bezain erraza. Izan ere, errealitatea bestelakoa da oso. 


Adibide bat: Maria anderea Iruñetik 30 kilometrora bizi da, eta, beraz, etxean goizeko 6,30etan jasotzen du anbulantziak. Eguneko ospitalerako bidean,  bertze 4 herritatik pasatzen dira, beste lagun batzuk jasotzeko. 7,30etan iristen dira ospitalera, dialisi-saioaren ateriko, garaiz prestatzeko. Maria anderearen kasuan 4 orduko dialisia izaten du astelehen, asteazken eta ostiraletan. Dialisi-saioa, teorian, 8,30etan hasten denez, dialisi-saioa normaltasunez igarotzen bada, 12,45ean anbulantzia zain izaten du etxera eramateko. Anbulantziak etxerako bidea atzera eginda 14,00etan uzten du teorikoki. 


Zein da errealitatea? Demagun  5 orduko dialisi-saioa duen paziente batek 8,30etan hasi behar duela eta goizeko 6,30etan etxera joaten direla jasotzera. Badakizue zer dakarren horrek? Anbulantzia noiz iritsiko zain  ordubete egon dela, eta beste ordubete zain tratamendua hasteko —2 orduko itxaronaldia—, eta, beraz, tratamendua atzerapenarekin amaituko dela; horrek eragin onik ez du izaten paziente kroniko honen bizitzan, ezta artatzen diren beste pazienteengan ezta erizainengan ere. Ez al litzateke errazagoa izanen jarduera-protokolo bat izatea? 


Demagun gurpil-aulki baten erabiltzaile zarela. Demagun anbulantzia-zerbitzutik esaten dizutela hobe dela aulki arrunt bat erostea anbulantzian sartu eta ainguratzeko. Zer egin? Ez al litzateke errazagoa izanen era guztietako aulkietarako egokitutako anbulantziak jartzea? 


Demagun  zaharra zarela eta 4 orduko dialisi-saioa amaituta ordubete itxaron behar izaten duzula, astean hirutan, eta, azkenean, taxi bat hartu behar izaten duzu. Zer iruditzen zaizu? Ez al litzateke errazagoa antolaketa ona izatea? Irudikatu etxera lasai asko itzultzen ari zaretelarik, zure anbulantziak dei bat jasotzen duela eta ospitalera beste paziente baten bila itzuli behar dela. Zapuztuta. Eta, gainera, anbulantziatik jaisteko esango baliote, beste anbulantzia batek etxera eramateko? Ez al litzateke errazagoa izanen txukun antolaturiko ibilbide bat izatea? Gaixo kroniko hauei zor zaien begirunea behar-beharrezkoa da.


Benetako kasuak dira, dialisi paziente kroniko batzuei gertatutakoak sarri. Izan ere, eta horra testu honen  gakoa, gaixo kroniko horiek sarritan pairatzen dituzte atzerapenak antolamendu-gabezia dela kausa; zalantza izpirik gabe,  zerbitzuak badu zer hobeturik. 


Nafarroako ALCER elkartean urteak daramatza eskatzen anbulantzien edo premiazkoa ez den osasun-garraio programatuaren jarraipen-batzordean parte hartzeko,  bai iritzia emateko, baita ere zerbitzu eraginkorragoa izan dadin, bai lizitazio-pleguetan, baita giltzurrun-gaixotasuna duten pertsonentzat berebiziko garrantzia duen zerbitzu horren funtzionamendua kontrolatzeko eta ebaluatzeko ere. Denok ordaintzen dugun zerbitzu publikoa izanik, inplikatutako guztiei eskatzen diegu zorrotz jokatzeko eta eraginkortasunez kudea dezaten; tamalez, bistan da, paziente eta erabiltzaile batzuei ari zaigu erakusten asko dagoela hobetzeko, eta Gobernu berriak ekin beharko lioke horri. Izan ere,  hobe berandu inoiz ez baino.





2023-09-03

Soildu - Iñaki Bastarrikaren erakusketaren karietara


Iñaki Bastarrikaren Soildu izeneko margo-erakusketa Larralden izan dugu ikusgai uda honetan, —Senpere-Amotzen— . Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, soildu hitzaren adiera bat hauxe dugu: “landareez mintzatuz, hosto-abarrak galdu edo kendu”; ildo beretik, “mendiez edo bestelako lur-sailez mintzatuz, landareak galdu edo kendu”.


Soildu hitzaren esanahia ez da soilik hori, beste adiera bat ere badu eta: “lagungarri edo apaingarri guztiez gabetu”, hiztegi berberak dioenez, eta adibide eder zenbait ere badakarrelarik: “Egia soila. Jakite soila, hitz-jario alferretatik bereizten. Hemingwayen kontatzeko modu soila, elkorra itxuraz. Poesia huts-soila, edertasun biluziaren ispilu izan nahi lukeena.”Eta hiztegi berberean soildu elearen beste adiera baten etsenplu bat: “Pentsatze soilak lazten dizkit ileak”; hori idatzi zuena ez zen burusoila izanen, jakina.


Bistan da, gure hizkuntza ez da soila, ez da hutsa, ez hutsaren hurrengoa, aberatsa eta oparoa baizik.


Begi-bistan dauzkat Iñaki Bastarrikaren margoak, egurrezko leiho zahar-berrituetan ezarriak, eta guztietan Soildu aditzaren eragile bat ageri da margolanetan: aizturrak, —edo guraizeak, edo artaziak—. Aizturrak Iñakirentzat inspirazio-iturri izan direnak; edo guraizeak, guretzat harrigarritasun-haizeak; edo artaziak, arte-haziak.



Margolanetan aitzurrak agertzen dira landare-zurtoinak, abarrak, adarrak eta adaskak soiltzen, inausten, mozten, ebakitzen, epaitzen... Sinonimoak direla dirudien arren, sinonimoak ez dira existitzen, hitz bakoitzak baditu-eta bere ñabardurak, bere karga, bere garabidea...


Errana dugu gorago: gure hizkuntza ez da soila, ez hutsa, ez hutsala; aitzitik,  aberatsa da, naroa eta joria. Eta errana dugu artaziak direla protagonista margolanetan, bertan agertzen direlarik soiltzen eta mozten, ebakitzen eta epaitzen...



Bitxia da epaitu hitzak hartu duen bidea; gaur egun soilik aipatzen baita juje batek edo epaile batek erabaki edo ebazpen bat edo epaiketa batean bere epaia ematen duelarik.


Bitxia da oso hitz batzuek hartu duten bidea, baiki, bitxia den gisan Soildu izeneko margo-bilduma: pintzelak eta artaziak hartu-emanetan jarrita, artaziak hartu eta arte-haziak eman.




2023-08-21

Zahra El Hasnaoui Ahmed-en poema liburua: Amalurra Tirisen

Liman Boisha poeta sahararrak dioenez, Amalurra Tirisen poema-liburuan erbestearen ahots guztiak daude, eta, orobat, erbeste guztien bozak. Baina ez hori bakarrik; izan ere, poema-liburu honetan erresistentzia eta esperantza ere badaude, eta, oroz gain, liburu hau edertasunez betea da, poemak ez ezik irudiak ere badaudela-eta. Iruñeko Iturrama institutuko ikasleek poemak banan-banan irudiztatu dituzte, poema bakoitzak haiengan sortutako sentimenduak eta sentsazioak irudi banarekin lagunduz; poema bakoitzak haiengan eragindako sentipen eta sentsazioen erakusgarri bisuala, nolabait. Hori horrela, irudi bakoitzak poema ikusgarri bihurtzen du, sormen, freskotasun  eta originaltasunez eginak.

 

Saharako Zahra El Hasnaoui Ahmed-en liburu hau bidai-kronika bat da, Zaharak egindako bidaia anitzen emaitza poetikoa. Hainbat tokitara eta lekutara egindako bidaien  kronika ez ezik, bihotzaren eta barne-muinerainoko bidaien kronika ere bada. Zeren eta, ez dezaun ahantzi, bidaia baten helburua ez da edozein portutara heltzea: “Mundua liburu eder batera ailegatzeko egina da”, Mallarmé-k zioenez; Amalurra Tirisen moduko liburu eder batera ailegatzeko, diot nik. 




2023-07-27

Cristina Peri Rossi poeta uruguaiarraren poema bat, euskaratua

 

Gustatuko litzaidake

zuri esan ahal izatea:

Etorri nahi duzunean,

zure zain egonen naiz.

Itsasontziak horrelakoak dira

horrelakoak dira nasak

eta bidaiariak.

Zin degizut

gustatuko litzaidake

zuri esan ahal izatea:

Abiatu ginen ontzia

gure zain egonen da

iraganeko egunak

sekula iragan ez balira bezala

ibili ginen kaleak

toki berean daude

plazak

iturriak

zuhaitzak

asmamenaren gauzak

oroitzapenaren gauzak

oroiminaren gauzak.

Gustatuko litzaidake zuri esan ahal izatea:

Gaur goizean euria ari du,

zure zain egonen naiz

sekula ezer gertatu ez balitz bezala

Pinochetek Casa de la Monedari eraso egin ez balio bezala

soilik duela ordu erdi bat joan bazina bezala

tabako erostera.

Gustatuko litzaidake zuri esan ahal izatea:

Bizitza izugarri garestitu da

baina ilunabarrak arrosa kolorekoak dira oraino

badira uso izan nahi duten neskatoak

baina eskolara joan beharra dute

zure dohaina esnatzean duten usoak

zure dohain lokartua

sei urtez

nire gisara

udako gau batez lokartuta ikusi zutenak baino

ezagutzen ez dutenak

Baina segur aski horrexek

hain zuzen ere eragozten dit zuri esatea:

Etorri nahi duzunean,

zure zain egonen naiz.

eta segur aski

sei urtez gauero zu lokartuta ikusi izanak eragozten dizu

banku hutsera itzultzea

etxe abandonatura

itsasontzi hondoratura.

Ilun dakizun arren

udako eta neguko gauetan

zure zain egonen naizela

munduko gauza guztiak

iraganak balira bezala guretzat betiko.