2008-09-16

Elurra udan

Elurra izeneko liburukotea irakurri dut uda honetan. Udaren atarian ginelarik, Neguko barnetegiaren berri eman genuen gisara, uda bukatzear dela Elurra-z mintzatuko natzaizue.
Uda baino lehenagotik neukan erosia, eta 564 -aise esaten da- orrialde dituenez, udako oporretarako utzi nuen.
Udan zehar irakurri dut eta udazkena heldu aitzin neure buruari hitz eman nion post hau idatziko nuela... Eta euskaldun baten hitza ez da ur gaineko bitsa.

Aspaldi ez dut irakurri horrenbeste hunkitu nauen eleberririk. Orhan Pamuk-en Elurra itzuli dutenetako batek, Fernando Rey lagunak, gaztigatu zidan... Eta zinez hunkigarria izan da Nobel saridun turkiarraren eleberria.
Zertan datza nobela honen arrakasta? Ene irudikoz, nobela luze honen arrakasta tentsioari eta erritmoari nobela osoan zehar eustean datza... Zeren eusten baitio, ederki eutsi ere.

Elurra, Kar turkieraz, lehenengo pertsonan idatzita dago -azken atala izan ezik- eta protagonistak Ka du ezizena, eta Kars izeneko herriko futbol taldeak Karsspor du izena; protagonista Karspalace hotelera heldutakoan elurra ari zuen:

Elurrak, hiriko zikinkeria, lohia eta iluntasuna estaltzean, haiek ahantzarazi eta araztasun sentsazioa pizten zuen beti Karen baitan, baina Karsen emandako lehen egunean galdu zuen elurrarekin lotzen zuen inozentzia sentsazio hura. Han, elurra nekagarria zen, gogaikarria, izugarria, eta gau osoan egin zuen elurra. Eta ez zuen atertu goiz osoan ere.


Eleberri osoan ez zuen atertu. Zeinen trebea den Pamuk sentsazioak eta deskribapenak egiten! Baina, ordainetan, eleberri luzea atera zaio. Turkiako egoera korapilatsua agertuko zaizu, idazlearen estilo ederrarekin hornitua. Irakurri beste pasarte gogoangarri hau:
Hasieran, hura, ideia bat baino gehiago, irudi bat izan zen, museo bateko geletan barna presaka eta arreta handirik gabe margolan bat ikusi duzunean bezala: gero hartaz pentsatzen jarrita ere, ez zara gauza oroitzeko. Irudi bat baino gehiago, sentsazio bat izan zen, une batez agertu eta gero desagertu egiten dena. Ez zen Kari hori gertatzen zitzaion lehenbiziko aldia.

Ni irakurtzen aritu naizelarik azpimarratu ditudan zati guztiak hona ekartzea gehiegi luzatzea litzateke. Nire lagun bat irakasle eta irakurle sutsua da eta, behin, horrela mintzatu zitzaidan: "Hirurehun hitz baino gutxiago duen liburua... utikan!" Ondorengo irri-karkailek erakutsi zuten erdi-brometan ari zela. Baina, egia da euskarazko sorkuntzan, batzuk behintzat, faltan bota dugula eleberri potente sail on bat, XIX. mende bukaerako klasikoen eleberri potolo horien antzerako eleberri multzo bat, Orhan Pamuk-ek berak miresten duen eta liburuan aipatzen den Turgenev idazle errusiarraren tankerakoak... Zorionez, uda honetan, denbora luzea eskatu didan eta ordainetan asko eman didan eleberri hau irakurri dut. Eta post xume honek balio badu zuk ere noizbait Elurra irakur dezazun, bejondeigula!


Fernando Rey itzultzailearekin, Elurra mahai gainean dugula

2008-09-03

Zulo bat uretan

Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan izeneko liburua atera bezain laster erosi eta udan bukatu nuen irakurtzen.

Liburuaren hasiera eredugarria iruditu zitzaidan:

City hoteleko gelan Hans Langsdorff—ek bi idatzi zituen: bata, emazte Ruthi eta alaba Ingridi; bestea, Agintaritza Gorenari: “ohorearen arrastorik duen kapitain batentzat etorkizuna ez liteke ontziaren bestelakoa izan”. Ordu batzuk lehenago, hilabeteetan manupean izan zituen gizon guztiak agurtu zituen. Bi azalak ohe ondoko mahai gainean utzi eta kanporantz behatu zuen: udako gaua Buenos Aires altzoan kulunka. Azkenaldian sarritan bezala, Rügengo labarrek hartu zioten gogoa, Baltiko gainean zintzilik. Gala-uniformeko botoi urrekarak doitu zituen. Armairua zabaldu, oihala esku artean hartu, zurezko atea zarratu eta, Alemaniako banderan bilduta, ohe gainean etzan zen. Sabaiko hezetasun orbanean korazatu baten aginte zubiaren itzala ikusi zuen, eta masta bat ostean, baga artean hondora zihoazenak. Hasperen egin zuen.
Tiro hotsak aldameneko geletako bezeroak iratzarri zuen.


Liburuak berehala harrapatu ninduen. Agian Graff Spee korazatuaren historia epikoa ezagutzen nuelako. Edo agian Iruñeko ostatu ezagun bat agertzen delako:

Hala dugu usadio hartua, lau urte edo izango dira honezkero astearte goizero Roch-en elkartzen garela. Arratsaldez ematen ditu eskolak Estebanek, eta niri ere egoki datorkit ez ohiko elkarrizketaren bat edo ez badut, Kafearena ez da aitzakia besterik heure artean bilduta, egunkariak ukondopean ditugula, honetaz eta hartaz aritzeko. Ez da kikaretakoa, noski, batzen gaituena. Kafea barik hitza dela behar duguna jabetzen da bat, entzutea eta mintzatzea, arian kode propioa gatzatzen joatea, dakiguna besteari poltsikoan uztea eta, hala, sartu garenean baino gehixeagorekin ateratzea hor barrena hobeto ibiltzeko. Eta aitortzen lanik ematen ez didana: konpainiaren gozoa. Bakardadearen kontrako antidoto eraginkortzat dut, nik gutxienez, Roch-eko ostera. […] egia esan, kafea lagunik gabe hartzeko aparteko gogorik ez nuen.[…]


Edo agian idazlea ezer baino lehen poeta dela agerian gelditzen delako liburuko prosan zehar:

Asteak, hilabeteak, urteak ikusteke emanda ere, azalpen handirik gabe denboraren zanga urrats luzez igarota, bertan duzun horietakoa duzu Maite.


Baina ez. Esan dezadan klarki: liburuak harrapatu ninduen Itoitzeko urtegiaren gaia eta desagertu politikoen gaiak uztarturik agertzen direlako, portada ederrean agerian gelditzen den modura. Bide batez, ze gutxitan ikusten den euskal literaturan hori bezalako portada ona!

Apirilean liburu honen karietarat eman zioten Zilarrezko Euskadi saria merezia duelakoan nago, eta irakurleak liburuan aurkituko du Aranbarri bete-betean aurkituko du.
Hartara, zailak diren hitzak erabiltzeko betiko joerari eutsi dio Aranbarrik, besteak beste, honakook: kurlinta, martzala, urguna, laru, mendre... eta denerik.

Hitz hori, denerik, liburuaren 25. orriko paragrafo batean agertzen da, eta ulertu, ulertu egiten da aise testuinguruari esker.
[...] "Lau urte zeramatzan eta denerik egina zen: tabernari Madrilen, edari banatzaile Iruñean. Baita biltegiko zaintzaile ere, eta azkenaldian, igeltsero Txantrean." [...]


Baina zer da denerik? Denetarik bai, baina denerik?
Mitxelenaren Orotariko Hiztegian ez da agertzen, ezta Ereduzko Prosan ere... Denetarik ikusi eta irakurri dut, baina inork ikusi edo erabili al du denerik?

Tira! Bitxikeria hori gorabehera, liburu ona ene irudiko... baina nire neskalagunari, adibidez, ez zaio gehiegi gustatu... Istorioa bai, baina ez nola dagoen idatzia. Denetariko iritziak... Denerik?

Nolanahi den ere, bukatzeko, ekarri nahi dut kaiera honetara liburuan nola agertzen den desagertu politikoen eta errepresioaren afera Argentinan. Errepresio garai beltzenetan batzuek eta besteek ze jarrera hartzen duten. Lagun bat eraman dute militarrek eta "Ez ba du ezer egin itzuliko dute" edo "Ez dadu ezer egin agertuko da" diote batzuek... Eta "Bi deabruen teoria nagusituko zen; alegia, militarrak gaizki ari zirela, baina joan zutena ere ez zela aingerua".
Euskal Herrian eta azken egunotan Nafarroan eman diren atxiloketak direla-eta, batzuek berdin jokatu dute...

Nork esan zuen literatura errealitatetik at zegoela?

2008-09-01

Jai zoriuntsuak (sic)



Berriozarko Alderdi Sozialistak egindako eskuko programan agertzen da: jai zoriuntsuak.
Batzuen ustez lorpen handia omen da Alderdi Sozialistak euskara pixka bat sartzea euren eskuko programa horretan...
Baina euskaraz oso gutxi jarri zuten eta jarri zutena, gainera, gaizki.
Alderdi Sozialistakoek programa horretan erdarazko testua jarri dute eta, euskaraz data eta agur hori.

“Jai zoriuntsuak” (sic) jartzeak adierazten du ez dakitela idazten Berriozarko Sozialistok jai zoriontsuak opa dizkizuegu, eta galdetzeaz ere ez direla arduratu; pa ke? ezta? Nahikoa omen da “jai zoriontsuak” laburrago horrekin; azken finean, itxurakeria, itxura ematea. Hori jarri nahi zuten, baina hor ere hitz bat gaizki; ene ustez, itxurakeriagatik egin dute eskuko programa hori eta, gainera, akats horiek agerian uzten dute axolagabekeriaz ere jokatu dutela.
Bestalde, eskuko programa horretan data ere gaizki jarri zuten: akats gramatikal arrunt bat: 31era(sic). Tira! Hogeita hamaikak barezko a daukanez, e epentetiko hori ez zen beharrezkoa; hala ere, ez da oso-oso larria, baina arauak ez ditu betetzen eta akatsa da.

Eta euskaraz horren gutxi ekartzeko, akats gehiegitxo, ezta?

2008-08-17

Spain is pain



Isiltasuna nagusi autoan
Lurruna kristalean
Gaur ere egunak argituko du
Eta lagun irlandarrek aldarri bezala,
gure eguna helduko da.

Spain is different diote
Spain is pain diot nik
Espainia mina da
Espainia mingarria da
Mingotsa

Izen ahozkaezinezko herrien barna
Lurruna kristalean
Eta kristalaren beste aldean
Izen ahozkaezinezko herri lausoak

Espetxera helduta, urduritasuna nagusi. Esperoan,
Oraingoan paketea sartu behar. Esperoan.
Pekunioa sartu behar. Esperoan.
Laster gure txanda. Esperoan
Beti esperoan, esperantza galdu gaberik.

Filmetako gartzelak dirdiratsuak.
Fimetako jagoleak dotoreak.
Filmetako irudiak beti gardenak
Espainiako gartzelak zikinak.
Espainiako jagoleak kutreak.
Espainiako kristalak beti zikinak

Bai, Spain is different ziotenek arrazoiz zioten
Spain is pain, aitzitik.
Espainia mina da
Espainia mingarria da
Mingotsa

Berrogei minutuko begiradak
Berrogei minutuko hitzak
Berrogei minutuko irriak
Berrogei minutuko taupadak
Kristal zikinak gelditzerik ez dituenak

Berrogei minutuz
Bizitasuna nagusi gelaxkan
Lurruna begietan
Gaur ere bisitak bereak egin du
baina lagun irlandarrek aldarri bezala,
gure eguna helduko da.

Kristal lodiaren beste aldean
laguna, senarra, semea, alaba, emaztea, neska-laguna, mutil-laguna, ezaguna...
Hamaika hitz duintasuna izendatzeko.
Nire begi lausoetan lagunaren irudia daramat bueltan

Isiltasuna nagusi autoan
Lurruna kristalean
Bihar ere egunak argituko du
Zinez, Spain is different
Spain is pain

Espainia mina da
Espainia mingarria da
zapore mingotsa etxerako bidean.

Baina lagun irlandarrek aldarri bezala,
gure eguna helduko da.



Poema hau HATSAren poesia- Olerki bilduma 2008an argitaratu zen; David Cebrian Curtis-eko espetxean dago gaur egun, A Coruñan, Ezkabatik 650 kilometrora.

2008-08-08

Kalkulagrama

“Estatu Batuetako Armadaren 142. konpainiako soldaduek eraso bat burutu dute gaur, goizaldean, Irak-eko ipar-mendebaldean. Pentagonoko iturriek azaldutakoaren arabera, 154 errebelde hil, zauritu edo atxilotu omen dituzte. Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi duenez, operazio militar hori esker petrolioa erauzteko 69 dorre babestuko dituzte Estatu Batuetako tropek. 5 militar estatubatuar zauriturik suertatu dira ”.


EITBko esataria hitz egiten ari delarik, kopuru horiek guztiak kalkulagailu batean idatzi dituzu zenbaki horiek guztiak elkarren ondoan: 142, 154 eta 69. Ondoren, atera zaizun kopuru hori bider 5 –militar zaurituen kopurua- egin duzu. Atera zaizun emaitza hauxe da: 71077345. Itxuraz, esanahirik gabeko kopuru bat.
Alabaina, kalkulagailuko pantailan agertzen den kopurua berezia da: kalkulagailua goitik behera jarrita, pantailako zenbakiak horiek, 71077345, letra bihurtzen dira, eta 71077345 kopurua hitz bihurtuta, operazio militarraren benetako garailea agertzen zaizu: SHELLOIL.



Artifizio bitxi honi kalkulagrama deritzo. Màrius Serra katalanaren Verbalia liburu zoragarritik hartu nuen, eta Interneten ere erreferentzia bat baino gehiago agertzen den kontu horrekin. Nik istorioa jantzi egin dut, hori baino ez. Zergatik? Iruditzen zaidalako euskarak behar dituela bide berriak urratu.

Behar zenean, araugintzan aritu ginen; gero, testugintzara egin genuen jauzi... Ez dut ukatzen bide horiek jorratu behar zirenik: ezinbestekoa zen, eta egin, egin genuen. Eta, gainera, badakit jorratzen jarraitu behar ditugula... Horretarako dugu Afaltzaindia eta enparauak.

Baina, horrenbeste gintza serio eta zurrunekin -sobera jainkotiar, lurtar arruntontzat- bidean gelditu zaizkigunak ez dira gutxi izan... Zirtorik edota hitz-jokurik gabe, euskara herren eta maingu ibiltzen da; zuzena agian bai, baina hotza, hila, edo, kasurik hoberenean, gatz eta piperrik gabea. Horregatik, arauaren zurruntasunetik jolasera egin behar dugu jauzi, euskara erakargarri, bizi, kilikagarri, berexi, osasuntsu, bixkor, erabilgarri eta gustagarri izanen bada. Hizkuntza komunikaziorako tresna bada, bihur dezagun jolaserako tresna, bizi-bizia, bizitza bezalakoa.

Ildo horretatik, Iñaki Arranz-en liburu guztiz gomendagarria irakurtzeko aholkatzen dizut: "Hitza azti" izenburu palindromikoa duena, duela bi urte atera zena, eta, ene ustez, behar baino oihartzun ttikiagoa izan duena. Ez da di-da batean irakurri behar den liburua; hobe duzu atalez atal irakurri, bete-betean gozatuko baduzu... nik gozatu nuen bezainbeste, bederen.