2008-11-24

Ilargia ezpainetan, irribarrea gogoan


Nik ez nekien, baina orain badakit: “Ze usain gozoa / ilargiak / jaioberriaren aurpegian!”. Juan Kruz Igerabideren Ilargia ezpainetan liburuttoari esker ikasi nuen. Iaz izan nuen aukera Juan Kruzekin berarekin ordu batzuk emateko eta orain, neguko arratsalde hotz honetan, liburutto horretako hainbat poema berriz irakurri dut. Usain goxoko poemak, xamurrak, ederrak.

“Leihoan / bi begi / tximeleta.” Poema llaburrak –ezen ez motzak– iradokitzaileak; orain leihotik begira nagoela nire begien isla dakusat eta islak dakarkit burura tximeleta... edo ez, orain leihotik begira nagoelarik, nire begiek dakusaten tximeletaren hegoek dakarkidate burura begien isla; irakurlea zein den.

Zazpi urteko gure alaba txikiari poema irakurri eta marrazteko eskatu diot: tximeleta begidun bat marraztu du, hegoetan begiak dituen tximeleta.

Haiku-en oihartzuna dakarten poemak bildu ditu Adunakoak, duela hamabost urte baino gehiago estreinakoz argitaraturiko Begininiaren poemak gogoangarriaren ildotik: “Partxiseko fitxa da / ilargia / zeruraino itsasia.” Orduan bezala, oraingoan ere Luis Emanaldiren marrazkiak osagarri; izan ere, Begininiaren poemak liburuko bi marrazki berriro agertzen dira Ilargia ezpainetan liburuan, bi liburuen arteko lokarri.

Badira poema batzuk, ume txikiekin, landu daitezkeenak, eta maitasuna gai nagusia duten poemak bereziki nerabeentzat ederrak izan daitezkeenak. DBHko lehenengo zikloan irakurtzeko moduko poema asko eta asko daude, horregatik Ilargia ezpainetan liburuttoa Liburu Gaztea sarirako hautatuen arteko bat da, DBHko 1go mailarako, zehatz izateko.

Ume txikiagorekin ere ongi funtzionatzen dute hainbat poemak. Adibidez, Lehen Hezkuntzaren 2. mailan, arbelean hauxe idatzi: “Ilargiaezpainetanduzulazunigana”; alegia, poema idatzi hitzen arteko tarterik gabe, hitz guztiak jarraian idatziak eman. Bi lan egin behar zuten umeek: lehenbizikoa, hitzak bereiztea, eta bigarrena, bertsoak bereiztea. 24 umeetatik 22k egin zuten ongi aparteko laguntzarik gabe. Irribarrea umeen eta irakaslearen ezpainetan.

Zuk ez zenekien, baina orain badakizu “Ilargia ezpainetan / duzula, / zu nigana...” Horregatik irakurri behar dituzu poema horiek, irribarrea izateko gogoan eta ilargia ezpainetan edo, agian, ilargia gogoan eta irribarrea ezpainetan; irakurlea zein den.

2008-11-23

Txapas gogoan iltzatua

Gogoan dut iltzatua Txapas lankidea hil zeneko albistea heldu zitzaigun egun beltz hura, gaur dela urtebete. Handik hilabetera edo, lantokian hamaiketako berezia prestatu behar izan nuen nire urtebetetzearen karietara, eta lantokiko bilera aretoan elkartu ginenean patata tortilla, ardoa, patea, eta gaztaren inguruan Txapasen itzala gainetik kendu ezinik ibili ginen hamaiketako osoan zehar.

Gogoan dut iltzatua hamaiketako berezi horretako, hiruhilekoaren bukaerako hamarretako berezi horretako, ardo beltza aukeratzeko orduan Obanosko Septemtrion ardoa baztertu nuela; ardo berezi hori aukeratzeko zorian nengoela burura etorri zitzaidan Txapasek berak kontatu zidala Septemtrion ardoa egiteko mahats mordoak banan-banan eta eskuz biltzen dituztela... Septemtrion baztertu nuen, ez bainuen nahi hamaiketako osoan zehar Txapasen itzala izatea ardo trago bakoitzean. Palacio de Monjardin krianza bat hartu nuen, agian ez Septemtrion-en mailakoa, baina ardo beltz on-ona, ene irudikoz. Alferrik, baina. Hamaiketako horretan Palacio de Monjardin botila zabaltzean beste lankide batek bota zuen deblauki: “Txapasek esango lukeen bezala, Palacio de Monjardin: hiru gezurren ardoa; herri hartan ez dago palaziorik, ez dago mendian, eta ez dago jardinik.” Eta egia da; orduan gogoratu nuen Txapasi entzuna niola nik neuk ere kontu xelebre hori. Goiz horretako ardoa ez zitzaidan iruditu beti bezain on-ona; ez zegoen mindua, ez zegoen ozpindua... baina han ez zegoen gure Txapas eta gu ginen minduak.

Gogoan dut iltzatua berarekin lan egin nuen azken eguna, neka-neka eginda zegoela eta ni, txantxetan, zahartrosia izanen zela esaten niola.

Gogoan dut iltzatua ohean zela, Burlatako bere etxean, ikustera joan nintzen azken aldia; liburutto ttipi bat eman nion opari.... eta zeinen gustura egon ginen hitz eta pitz... plazera zen Txapasekin solas egitea, Erdi Aroko kanta ingeles baten itzulpenaz, latinezko atsotitz baten kontura, testu batean koma baten beharraz, edo Miguelico Sanz-en azken xelebrekeriaz. Ze zoriona izan genuen Txapas ezagutzean, lagunok!

Gogoan dut iltzatua Txapas bizirik ikusi nuen azkeneko aldia, gurpil aulkian noraezeko pasieran lagun baten laguntzarekin, eta gogoan dut une horretan pentsatu nuena: Txapas izan denarekin, dedio! Txapas izan denarekin.
Bukatzera noa: hasieran esan dudan bezala, gogoan dut iltzatua Txapas hil zeneko albistea heldu zitzaigun egun beltz hura. Goiz hartan eskela jarri behar geniola-eta, Otamendiren bertso bat bururatu zitzaidan:

Iturria hertsitzen duzunean
ni ez naiz amaitzen
urarekin bizi naiz
berarekin naiz joaten.


Ez dakit asmatu genuen, zeren badakit Txapasek ura baino gustagarriago zuela ardoa, neronek dudan eran; Txapasek esaten zuen bezala, “ardoa, gutxi baina ona!” Nolanahi den ere, egia da Txapasekin lan egitea pribilegio bat izan dela, luxua izan da niretzat, eta harekin bizi eta biziko garela.

Javier Tirapu Flores, Txapas lankidea, irakasleen irakasle eta adiskidea. Haren omenez jaso dezagun kopa, eta egin dezagun topa, ardo gutxi baina on batekin, berari gustatzen zitzaion ardo beltzarekin, Txapasen omenez, berarengandik ikasi nuen eta gogoan iltzatua gelditu zaidan esaldi bat erabiliz; “bere izenean eta gure gizenean!”

Bitxia da, gero! Askoz errazago egin zait lankidearen gaineko ohar hau idaztea, gure aitarena baino...

2008-11-22

Ezjakinkeria (sic)

Hemen batzuek ez dakite euskaraz eta, gainera, ez dute jakin nahi. Nehork ez dezala bere burua engaina! Horri ezjakinkeria deitzen diot nik. Seinaleak ele biz ikusita, euskaraz solasean edota kantuan entzunda, tripak mugitzen zaizkie fatxa hauei... Tripak mugituta, nola ez dituzte, bada, puzker handiak botako! Eta fatxen arteko norgehiagoka ikusten ohituak gara, zeinek handiago botako duen, zeinek gehiago zabalduko kaka... Izanez ere, fatxen eremuan eskuindarrak ez ezik nik PSNkoak ere sartzen ditut, neholako zalantzarik gabe! “Vascuence-ren Legea”-ren aldatzeari uko egin berri diote-eta, gertaerei nagokie.

Pasadizo adierazgarri bat gertatu zitzaidan Iruñeko kafetegi fatxa batean. Arratsalde batean kafetegi horretara sartu, mahaira eseri eta hurbildu zitzaidan zerbitzariari kafesne bat eskatu nion, alemanez:”-Guten Abend! Ich möchte einen Kaffee mit Milch und Zucker, bitte.”
Zerbitzariak ez zekien alemanez... baina ahaleginak egin zituen, alegia, saiatu zen ulertzen, hark hitz egiten ez zuen Goethe-ren hizkuntza, baina, halarik ere, komunikatzeko ahalegina egin zuen... Arrapostua emateko tenorean, aldiz, ingelesezko hitz batzuk lardaskatzen hasi zitzaidan... Bon, kontua da arratsalde hartan kafesne bat ekarri zidala. Danke schön!

Gaur, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aldarrikatzeko manifestazioan izan eta gero, lehengo eguneko kafetegi horretara sartu, mahaira eseri, eta zerbitzariari euskaraz eskatuta...
“-Kaixo, kafesne bat, mesedez, sakarinarekin”. Zerbitzariak hauxe erantzun dit: “Es que no hablo el vasco”; haren begiradak, gainera, beste zerbait esaten zuen: “¡No te jode! ¡Lo que me faltaba! ¡Mira cómo son, que nos quieren imponer el vasco! ¡A mí que no me venga con hostias porque, mecagüensusmuer...!

Inolako ahaleginik ez ulertzeko euskaraz egiten duenari... Ulertzeko! Ez nion eskatu euskaraz erantzuteko! Agian, “kafesne” ulertzen zaila da, eta “kafekonletxea” esan behar nion... Edo, agian, ez zidan ulertuko “sakarina” hitza. Ezjakinkeria, agian.


Manifestazioa hasi aitzin, Golem zinemaren aurrean

2008-11-16

Nola idatzi norberaren aitaren obituarioa?

Eskuartean daukat “Doluan laguntza izpi batzuk” izeneko liburuttoa. Aita hil zitzaigun ostiralean eta haren errautsak jaso berri ditugu. Tanatorioan hartu dudan liburuan hauxe irakurri dut: “Irakurri eta idatzi, onuragarria da benetan, nola sentitzen zaren benetan zure buruari aitortzeko gauza izan zaitezen.” Izan ere, arrebak esan zidan zerbait idazteko... Baina bi egun igaro eta gero, hauxe baino ez dut lortu:

Labur zurrean hitzekin saiatuko naiz azaltzen jadanik denok dakiguna: jakina baita gure aita gizon xaloa zen, xumea, bihotz onekoa; bi hitzetan esanda, gizon on-ona. Une latz honetan gure atsekabearekin bat egin duzuenoi eskerrik asko etortzeagatik, eta amaren, arrebaren eta hiruron izenean mila esker, bihotz-bihotzez.


Gainera, hitzok esateko unean ez naiz gauza izan deus ere esateko; han gelditu naiz, eserita, zurrun, hotz... Eta liburuttoaren aholkuari jarraiki idazten ari naiz orain; baina ez dakit hobeki sentitzen naizen...

2008-11-05

Poesia joan-etorrian (II)

Plinio Zaharrak idatzi omen zuen "Nulla dies sine linea", alegia, ez eman egun bat ere lerro bat idatzi -edo irakurri- gabe. Euskaldunok esango genuke: "Hotz ala bero, irakurri -edo idatzi- egunero". Haatik, Plinio Zaharraren hitzak ekarri nahi izan ditut hizpidera, bitakora hau egiteak aukera ematen didalako hainbat urtez golkoan gorderik izan dudana plazaratzeko. Halatan, urteak dira gertatu zitzaidala aitortzera noakizuna, baina plazaratzeko tenorea heldu delakoan, noan harira.

Unibertsitaterako busera elkarrekin igo ginen. Une hartan, ohartu ere ez nintzen egiten zu han zinela, edo erdizka baino ez nintzen ohartu, edo busera igo eta gero ohartu nintzen. Busean esertzean ohartu ere ez nintzen egin zure begi horiek han zeudela, edo erdizka baino ez nintzen ohartu, edo eseri eta eta gero ohartu nintzen.

Oroitzapenak uharteak dira, iragan lausoaren hariaz josiak agertzen direnak. Oroitzapen kate ahul horretatik tiraka agertu zara. Oroitzapenak oroitzapen, ametsen itsaso nahasian aurkitu zaitut, behin eta berriz, urte hauetan guztiotan, itsaso nahasi horretan galtzen erraza dela jakinda ere. Zernahi dela ere, jakizu zure begi horiek izan ditudala iparrorratz urteotan, eta, horiei eskerrak, ez naizela ibili noraezean itsasoaren zabaltasun urdinean. Olatuen bidez heltzen zait zure begien melodia, edo, horrela uste dut nik, bederen.

Egun hartako gandua! Buseko giza-lanbroen artean hegan sentitzen nintzen, baina, haatik, ez nengoen urduri; aldarte gozo eta otzanez sentitzen nintzen, barneko harrik gabe, bihotzeko zimikorik gabe; izan ere, haizearen zurrumurru atseginak zugana hurbiltzeko eta hurbiltzeko agintzen zidan. Eta hurbildu nintzaizun.

Begi nabarrak erakutsi zenizkidan, eta zure mutur beltzak iragarri zidan bus hura ez zela paradisuan geldituko, eta etorkizun beltza nuela aurrean, ikatza bezain beltza, erabiltzearen erabiltzez metafora gastatua bilakatu den hori erabiltzea zilegi bazait. Atzera eseri, eta aurreko eserlekuaren bizkarrean poema xume hauxe idatzi nizun:

Billabesan begiak kliskatu eta artean han zinen.
Behin aitortu zenidan
lepoa zenuela gorputz atalik sentikorrena.
Musukatuko,
laztanduko,
besoetan hartuko zintuzkedan,
Zureganatzeko gogoak erretzen zizkidan barrenak:
zer ez nizun esango belarri-girgiletan,
zer ez nizun xurgatuko,
zer ez nizun emango orduan!
Poeta nintzela aitortu nizun eta barre egin zenuen.
- Poeta, bai; baina lasai, ez naiz kutsakorra. –esan nizun.
Billabesan begiak kliskatu eta gero, joana zinen.
Poetok, maitale herabeti horiek.

Urte batzuk igaro eta gero, orduan aitortu ez nizuna ari natzaizu talaia honetatik aitortzen eta, honenbestez, egina dut gaurko lana. Blog honetan geldituko da sekula aurrez aurre esan ez nizun hori, agian, noizbait irakurriko -edota entzungo- duzun esperantza zimelduarekin.

Plinio Zaharraren hitzekin hasi eta, orain, gogora datorkit Vesuvio sumendiaren erupzioa hobeto ikustearren sumendiaren ahora gehiegi hurbildu eta itota hil zela. Idatzitakoaz damutuko ote naiz... Delete?