Su Berrin bada gonbidatu bat ostiral hon(e)tan berezi Iturramatik joanda ta gero Iparraldean da bizi; Iparraldetik datorkiguna, aritzeko gaur kantari, txalo bero bat jo diezaiogun eta zinez ongi etorri. Ostatu xume polit honetan aritu zaigu kantatzen gure gogoak eta bihotzak kantuen bidez bizkortzen bertso txiki hau bukatu eta hasiko naiz zerbitzatzen; mila esker etortzeagatik ta saiatu errepikatzen.
2015-10-30
Bertsoak Suberri ostatuan
2015-09-10
Bertso xume bat ikasturtea hasteko
Ikasturtearen hasieran, irakaskidei egin bertso xumea: animoak emateko bertze modu bat
Irailak 10, lehen eguna
Zer nolako apurua!
Baina lehenago egina dugu
Ta beraz, lasai burua
ikasturte hau baietz gainditu
hori bada segurua
ongi hasi, ta hobe bukatu
Ez al da hori helburua?
2015-09-02
Eliza handi bat, Euskal Herria plazan
Orain dela hamar
urte, horixe zen Eliza Katolikoaren egitasmo nagusia Berriozarren,
udaletxearen ondoko plazan eliza berri bat eraikitzea. Juxtu-juxtu
orain dela hamar urte, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak, Fernando
Sebastianek, aldarrikatzen zuen orube hori ezinbestekoa zela eliza
bat eraikitzeko, eta guztiz beharrezkotzat jotzen zuen, Berriozarren
dauden beste hiru elizak nahiko ez zirelakoan... Eliza prest zegoen
emateko San Kristobal elizaren esparrua ordainetan; trukean Eliza
Katolikoa ez zen aterako galtzaile, ez horixe!
Garai horretan
Benito Rios genuen alkate, eta PSNz gain, UPNk eta CDNk sostengatzen
zuten udal gobernua; egitasmoaren kontra, gizabanako anitz, talde
asko eta askotarikoak, eta garai hartako beste alderdi politiko
guztiak: Berriozar Baietz, IU, Aralar eta Batzarre. Baina indar
handiena orube publikoaren defentsan osatu zen plataformak egin zuen,
eta kale agerraldia bat baino gehiago egin genuen, baita manifestaldi
bat ere jaietan, ehunka lagun bildu zituena, 2005eko irailaren 5eko
egunkariak dioenari kasu egitera. Jadanik Berriozarren bizi ez den
lagun bat, Iñigo Orella, Kristauen Oinarrizko Komunitateetako kide
eta plataformako eleduna argi mintzo zen salatzeko orduan egitasmoa
“Berriozarko auzokide gehienen interesen kontra” zihoala, “Eliza
Katolikoak hemengo bizilagun asko eta asmo ez baitu ordezkatzen ”.
Iñigo Orella, mikroa eskuan duela
Urte horretako jaietarako pegatina bat atera zen, Herriaren orubea, herriarentzat zioena, behean duzun hori, non putre batzuk
herriaren orubearen gainetik aritzen ziren hegan, “OPUS” hitza
airean osatzen zutelarik... Zorionez, erantzun zabala izan zen,
egitasmoa gelditu eta, azkenik, bertan behera utzi zuen Fernando
Sebastian artzapezpikuak.
Hamar urte igarota,
Berriozarko hiru elizek hutsik jarraitzen dute, hileta-elizkizun
edota jaunartze egunetan izan ezik. Eliza Katolikoaren eta
Berriozarko bizilagun gehienen arteko amildegia gero eta handiagoa
da. Izan ere, garai batean gutariko edonork, jakin, ederki zekien nor
zegoen apaiz eta nor parroko Berriozarko parrokian... Eta gaur egun?
Gaur egun Euskal
Herrian plazan dauden eserlekuak, zuhaitzak, berdegunea, pasealekua,
aparkalekua ikusten duzun hurrengoan, ez ahantzi han eliza bat egon
zitekeena, gurutzeak, kanpaiak, serorak, apaizak eta beste hostia
batzuk, gure herriaren erdi-erdian. Nork esaten zuen borrokak ez
zuela merezi? Ez ditzagun borroka horiek ahantzi!
2015-08-22
Selfie-aren aitzindaria
Gaur
albiste-agentziek adierazi dutenez, ballet dantzari da hil egin da
selfie bat egiteagatik. Guiorgui Mshvenieradze
dantzaria, Georgiako Ballet Nazionalekoa, ito egin da urtegi batera
erorita, selfie bat egiten ari zelarik. 26 urteko gizonezko
gaztea “oso indartsua zen, baina erortzean konortea galdu zuen”,
lekuko batek esandakoari kasu egitera. Nina Ananiashvili dantzari
ospetsuak zuzentzen duen Georgiako Ballet Nazionaleko izar honen
istripua “tragedia handia bat izan da; gizon ona zen eta dantzari
hobea”.
Oso jende gutxik
daki lehen selfie Berriozarko lagun batek egin zuela. Lehen
selfie 1985 urtearen inguruan egin zuen Kaleberri tabernako
Andresek. Kodak VR 35 kamera zahar ederra baliatu zuen,
irudiko hori bera.
Mundu digitalean
batzuk ahaztuta duten eta bestetzuk ezagutu ez duzuen karretea
jarri behar zen, eta baziren 12, 24 eta are 36 argazkiko karreteak.
Anitz urtez argazkiak zuri-beltzean atera genituen, eta gero —hura
zen hura, teknikaren lilura!— koloretan ere bai! Etxean ez bazenuen
zure laborategi txikia propio antolatzen, karreteak errebelatzera
eraman behar izaten zenituen... Orduan, batzuetan, ustekabeak hartzen
zenituen: argazki guztiak ez ziren atera; edo argi izpiren bat
sartuta argazki zenbait hondaturik ziren; edo 36 atera beharrean, 37
argazki zenituen! Haiek garaiak, haiek!
Andresen Kodak VR
35 zaharrak ez zuen tenporizadorerik, eta Andresek bere buruari
argazki bat atera nahian, kamera apal batean jarri, erratza baten
makila hartu, eta makilarekin botoi beltza sakatzean lortu zuen hemen
duzuen irudia, lehen selfie, artean izen horrekin ezaguna ez
zen arren. Argazkiaren ertzean ikusten den erratzaren makila urdinak
salatzen du; gaur egun pedanteek selfie stick deritze.
Egileak berak
aitortzen du ez zuela lehenengoan erdietsi, lehenbizikoan,
makilarekin argazki kamera pittin bat ukituta argazkia mugitu
zitzaiolako, eta Andres baino Andresen gelako apalategia atera
baitzen... Argi dago, selfie egiteak beti izan ditu-eta,
bere-berezko arriskuak... Baina orain, Guiorgui Mshvenieradze
dantzariaren heriotza dela bide, selfie egitearena kirol
arriskutsuen zerrendan sartu beharko dugu.
Nork esango zigun
guri: Kaleberri tabernako Andres, selfie egitearen aitzindari! Baduzue aitzakia bat asteazkenean hasiko diren Berriozarko jaietara etortzeko.
Location:
31013 Berriozar, Nafarroa,
2015-08-14
Akrostiko bat
Duela 7 urte nire olerki batzuk, dozena bat edo, Muxugorri izeneko bilduma batean agertu ziren, blog honetan bertan jaso zenari kasu egitea. Denboraren joanak begiaren memoriak higatzen dituen arren, bilduma horretako olerki batez oroitu naiz. Akrostiko bat zen, senide hil berri zela-eta idatzia.
Orain, duela hiru egun, gure ama hil zaigu, eta haren hutsunearekin bizitzen ikasi beharko dut. Bitartean, duela zazpi urte idatzitako hura berreskuratu dut: aliterazio anitz eta kultismo gehiegitxo duen arren, oraindik orain indar berezia hartu du. Oraindik amaren heriotzaren inguruko zurrunbiloan, hauxe da gorputzak eskatzen didana.
Ustekabean urrezko urteak urdintzean ulertu duzu
Bizitza by-pass bihurri bat baizik ez dela
Istant batean ia-ia ihesi iragan dena.
Sen ona duzu bidelagun bakarra
Urteek emandako eskarmentua, aholkulari
Nostalgiaren nebulosa nahasian ez galtzeko
Tenpus tiranoaren trena ez baita sekula gelditzen.
Sasi guzien gainetik eta
odei guztien azpitik
Memento oro balia, magikoa bailitzan
Ausaz, azken-azkena bailitzan.
Sasoian saia segitzen soilik senari
Ez egundo etsi, eta edonola eutsi
Maite duzunari, memento mori malapartatuan
Azken arnasa ahitu artean.
Orain, duela hiru egun, gure ama hil zaigu, eta haren hutsunearekin bizitzen ikasi beharko dut. Bitartean, duela zazpi urte idatzitako hura berreskuratu dut: aliterazio anitz eta kultismo gehiegitxo duen arren, oraindik orain indar berezia hartu du. Oraindik amaren heriotzaren inguruko zurrunbiloan, hauxe da gorputzak eskatzen didana.
Ustekabean urrezko urteak urdintzean ulertu duzu
Bizitza by-pass bihurri bat baizik ez dela
Istant batean ia-ia ihesi iragan dena.
Sen ona duzu bidelagun bakarra
Urteek emandako eskarmentua, aholkulari
Nostalgiaren nebulosa nahasian ez galtzeko
Tenpus tiranoaren trena ez baita sekula gelditzen.
Sasi guzien gainetik eta
odei guztien azpitik
Memento oro balia, magikoa bailitzan
Ausaz, azken-azkena bailitzan.
Sasoian saia segitzen soilik senari
Ez egundo etsi, eta edonola eutsi
Maite duzunari, memento mori malapartatuan
Azken arnasa ahitu artean.
Subscribe to:
Posts (Atom)





