2019-03-30

Haibuna 俳文


Haibuna 俳文

Matsuo Bashōk erabili zuen estrainekoz "haibun" hitza XVII. mendean; 1690ean Kyorai ikasleari idatzitako eskutitz batean agertzen delarik. Bashō izan zen lehen haibun egilea, berak idatzi baitzituen haibun batzuk egindako bidaietan, ospetsuena, Oku no Hosomichi.
Haibun tradizionalak leku baten, pertsona baten edo objektu baten deskripzio laburra izaten zuen, edo bidaia baten egunerokoa, edo poetaren bizitzaren beste gertakari batzuk.
Haibunak idatzi zituzten, besteak beste, Yosa Buson, Kobayashi Issa eta Masaoka Shiki haikugile ospetsuek.

Haibunaren ezaugarriak

Normalean, haibun batek prosazko paragrafo bat (edo gutxi batzuk) izaten d(it)u, eta haiku bat (edo gutxi batzuk gehiago)
Haibuna testu labur bat da —ezen ez motza— prosa eta poesia uztartzen dituena, beti ere Japoniako estetikaren ikuspuntutik. Prosazko zatia ez da oso luzea izan behar, eta 300 hitzetatik ez pasatzea aholkatzen da.
Hortaz, testu narratiboarekin batera estetika japoniarreko poema bat behintzat agertuko da, haiku bat (edo gehiago) normalean, baina baita senryu, zappai, edo tanka bat.
Prosaz hasten da haibuna —prosa poetikoa izanik ere— eta hari narratiboaren maila gorenean haikua agertzen zaigu, hasierako zati narratiboaren etena, bat-bateko agerpen poetikoa, bukaerako haikua.
Haibuna, beraz, genero poetiko diskurtsiboa dugu, non prosa poetikoa eta haikua, biak, batera agertzen zaizkigun; prosa poetikoaren gailurrean haikua agertzea izaten da eskemarik errepikatuena, bakarra ez den arren.
Haibun batean egoera bat deskribatzen da, edo une berezi bat, era zehatz batez kontatua... edo izan daiteke amets baten fikziozko kontakizuna. Haiku osagarriak, prosazko testuarekin uztartuak, prosazko zatiarekin lotura zuzena ala zeharkakoa izan dezake, eta haikua biribiltzeko edo prosaz kontatutakoa argitzeko idatzi ohi da, baina ez errepikatzeko jadanik prosaz adierazitakoa; izan ere, haikuan prosan jadanik esandakoa errepikatzea sahiestu egin behar da.
Haibun batean bidaia baten berri eman ohi da, baina bidaia hori fisikoa ez ezik buruan sortua ere izan daiteke, eta ez da deskribapen hutsa izatera mugatzen, bidaian sortutako sentimenduek eta emozioek ere garrantzi handia dutelarik.
Hori horrela, iraganeko oroitzapenak izanagatik, askoz eraginkorragoa da orainaldian eta lehen pertsonan idaztea, eraginkortasun komunikatiboa handiagoa izate aldera. Orainaldia baliaturik, irakuleak egilearekin batera bidaia horiek, bizipen horiek, partekatzen ditu, orain eta hemen gertatzen ari direlako sentsazioa komunikatzeko.
Haibun bat idazteko orduan —haikuan bezala— less is more edo gutxiago gehiago da urrezko arau kontuan hartu behar da; ez da, beraz, luzamendutan ibili beharrik, ez perifrasi luzeetan galdu beharrik: proza zorrotza baliatu behar du idazleak —ez motza, bai laburra—.
Bukatzeko, prosaren osagarri den haikua bukaeran agertu ohi bada ere, egilearen esku dago jartzea bat baino gehiago —ez gehiegi— eta tartekatzea haikua(k) prosan zehar, estiloak estilo.
Egia da, bestalde, ingelesezko Contemporary Haibun aldizkariaren azterketa labur bat eginda, aditzaren denborari erreparatuz gero, aise ikusten da kasu zenbaiteten lehen aldia agertzen zaigula (Tense-Use and Haiku-Appearence in Contemporary Haibun), bertan aldaera anitz agertzen direlarik.
Laburbiltzeko, haibun-egilea, beraz, bada narratzaile bat haikugile izan nahi duena... edo haikugile bat, narratzaile izan nahi duena... biak, segur aski.

Haibuna Japoniatik at

Haibuna Japonitik at ere zabaldu da.
Ingelesez, lehenbiziko haibuna izan zen James Merrill amerikarraren Prose of Departure, The Inner Room liburuan argitaratua (1988).
Estatu Batuetan jarraituz, ingelesezko lehenbizko haibun-lehiaketa 1996an izan zen, Lehiaketa horren ondorioz Wedge of Light eman zen argitara 1999an. Urte bat lehenago argitaratu zen ingelesezko lehen haibun-bilduma, Bruce Ross-en Journey to the Interior: American Versions of Haibun
Bruce Rossen beraren ekimenez haibun-bilduma bat atera zen 1999az geroztik American Haibun & Haiga urtekaria, gaur arte jarraitzen duena, 2003az geroztik Contemporary Haibun izenarekin bada ere; 2005az geroztik Contemporary Haibun Online ere Interneten dago.
Britainia Handian, berriz, David Cobbel-ek British Haiku Society elkartea sortu zuen, 1990ean
Frantzesez, duela urte gutxi, 2011ko otsailean, Association Francophone pour les Auteurs de Haïbun sortu zen, eta 2014an elkarte horrek berak eman zuen argitara Chemins croisés, frantsesezko haibun-antologia bat.
Gaztelaniaz abiapuntua jarri zuen Octavio Paz mexikarrak —Eikichi Hayashiyaren laguntzarekin— Bashōren Oku no Hosomichi, 1957an itzuli zuelarik.
Hojas en la Acera aldizkaria, haikuan berezitua izanik ere, haibunak argitaratu dira. Gurean, Luis Elir Luelir eta Pedro Pagés Yama lagunek haibunak idatzi dituzte, batzuk ikusgai blig honetan: http://haibun575.blogspot.com.es/, Albaceteko beste lagun batekin batera sortua.
Gaztelaniaz Ameriketan ere haibuna idazten da; Perun, adibidez, Alfonso Cisneros Cox dute.

Euskaraz, nik dakidala, ez zegoen deus... orain arte.

2019-02-17

Inauteriei begira, sorginak eta akerra Akelarrean


SORGINAK

Sorginak Mari jainkosaren lagunak, Ama-Lurraren lagunak eta zerbitzariak ziren. Sorginek medikuntza tradizionala erabiltzen, gordetzen, ikasten eta irakasten zuten herriko jendea sendatzeko eta zaintzeko. Haiek ziren herriko sendagileak, erizainak eta emaginak. Hori dela eta, emakume jakintsuak eta boteretsuak ziren, eta, horregatik garai horietako agintariek emakume arriskutsu eta susmagarritzat hartzen zituzten.

Agintean zeuden horiek emakume horien aurkako gezurrak eta funtsik gabeko salaketak asmatu zituzten herriko jendearen artean sorginekiko beldurra zabaldu nahian. Horren ondorioz sorgin asko eta asko atxilotu, eta hil egin zituzten.

Emakume horien aldeko omenaldi txiki bat egin nahi dugu inauteri hauetan.



Tasio marrazkilariena duzu irudia










AKERRA

Arestian aipatu dudan bezala, garai horretan boterean zeudenek sorginen aurkako asmakeria asko zabaldu zuten. Adibide ezagunenen artean, Akelarrea izeneko kontua aipatu behar dugu.


Inkisidoreek zabaldu zuten sorginak, ilargibete gauetan, mendietan elkartzen zirela eta deabrua, akerra, gurtzen zutela.

Zugarramurdin bada soro bat, Akelarre izenekoa, eta inkisidoreek sorginen eta deabruaren arteko elkargunea bertan zela asmatu zuten: Zugarramurdi izan zen, hain zuzen ere, Nafarroa Garaian sorgin-ehiza lazgarriena nozitu zuen herria.

Francisco de Goya-ren "Aquelarre"



2019-02-10

Aingurak eta arrangurak liburuaren aurkezpenak otsailean





Hiru  poeta eta, halere, lagunak. Hirurak Iruñekoak eta hirurak euskaldunberriak. Juankar Lopez-Mugartza, Fertxu Izquierdo eta hirurok.

Hilaren 14an, 7,30etan, Juankar Lopez-Mugartza altsasuarra eta biok Aingurak eta arrangurak liburuaz solas eta jolas Iruñeko Karrikiri liburu-dendan.

Hilaren 21ean, 7,30etan, Fertxu Izquierdo txantrearra eta biok, liburuaz ele eta mele Berriozarko liburutegian.

Hiru poeta eta, halere, lagunak...


2019-01-19

Aingurak eta arrangurak prentsaurrekoan




Eskatu gabeko poema

eskatu gabeko musua 
bezalakoa da.
Baina horrela eskatuz gero,
ezin diezazuket ezetzik esan.
Beraz, emadazu orri txuri bat
ea betikoa adierazteko
poema berri bat

idazten dizudan.




Euskalerria Irratian: Reyes Ilintxetaren elkarrizketa
GARAn, Alex Uriarteren eskutik 




2018-12-28

Aingurak eta arrangurak liburuaren aurkezpena



Fertxu Izquierdorekin, Nafar Ateneoan

Ainguraketa arrangurak. (Pamiela, 2018) Aingurak eta kezkak. Aingurak eta kexak. Aingurak eta damuz, eta aiherkundez, eta batzuetan lantuz ere idatzitako poemak, hamar urtetan zehar idatzitakoak; ez guztiak, batzuek ez baitute denboraren higadura jasan eta bazterrean gelditu dira.

Zer idatzi eta nola idatzi, idazleak ebatzi beharreko bi ezezagunak, X eta Y, tokia eta debora edo garaia, hurrenez hurren. Olerki bilduma honetan dauden olerki guztiek badituzte oso koordenada zehatzak, tokian tokiko eta garaian garaiko olerkiak dira guztiak, denboraren galbahetik paseak. Hamar urteetan Maiatz eta Hatsa eta beste literatur aldizkari xumeagotan argitara emanak dira batzuk, eta berriak bestetzuk, azken atalekoak batez ere.

Aingura bat agertzen da azalean, olerki asko gogoan iltzaturik, ainguraturik gelditutako bizipenak, sentimenduak eta beste biltzen direlako olerki hauetan, anitz eta anitz bizitza arruntetik ateratakoak. Nik beti miretsi izan dut olerkari handiek bizitza arruntetik, objektu arruntetatik, olerki ederrak ateratzeko duten gaitasuna.
Hodeiak, Parkean, Kateak, Telefonoa, Aireportuan, horrela deitzen dira Wislawa Szymborska miretsiaren poema batzuk... Horra hor bere poema bat, Eskua:
Hogeita zazpi hezur
hogeita hamabost gihar
bi mila nerbio-zelula, gutxi-gorabehera.
Aski eta sobera idazteko
bai Mein Kampf
bai Winnie the Pooth.”

Eskua, Wislawa Szymborkaren eskutik; Eskua, Nobel saridun baten begietatik ikusia.
Baina ez dugu Poloniaraino joan beharrik. Iazko udazkenean, NUPeko irakasle Juankar Lopez-Mugartzaren Arima animalia poema liburuaren aurkezpenenaren kari, nik aitortzen nion nire miresmena gaitasun berarengatik. Bada beste olerkari nafar bat, hau ere estimu handitan dudana, Joakin Balentzia Tirapu... I need a kiss bere olerkia datorkit burura... Izan ere, bada liburuan berari dedikatua olerki bat. Bada, Joakin Balentziak olerki eder sortu zuen neska baten T-xerta batean, kamiseta batean, "I need a kiss" esaldia irakurrita. Kasualitateak zer diren, Joan Margarit poeta katalan garaikideak semaforo baten ondoko neska bati egin zion poema zoragarri bat:
Semaforoko neskatila
Zu zinen nire adin berekoa
zu
aurkitzearekin amets egiten hasi nintzelarik.
Orduan ez nekien, zuk oraindik ez dakizun gisa berean,
heltzen dela egun bat non maitasuna bada
bakardadez eta malenkoniaz kargatutako arma hau,
nire begietatik zuri destatzen ari dena.
Zeu zara bilatu nuen neskatila
artean existitzen ez zinela ere.
Eta ni gizon bat, eta egunen batean
zure urratsak niregana bideratu nahiko dituzu.
Baina zugandik urrun egonen naiz orduan
semaforo horretatik zu nigandik zauden bezain urrun.”

Zer idatzi eta nola idatzi. Hor dautza gakoak. argi bera bedi, baina badut jadanik 50 urte, “zer dira berrogeita hamar urte mende erdia baino ez”, diot nire poema batean. Urte hauetan bizitutakoak agertzen dira, idaztea, “bizi-hariak bi aldiz jostea baita”, beste poema batean jarri dudan bezala, Oroiminaren ehuntze-lanak poeman agertzen den bezala: “(...) laztanen lurrun luzea biziberritzeko;/ eta —zertan uka—
baita geroa izkiriatzeko ere, / idaztea, bizi-hariak bi aldiz jostea izaki.”
Kontu latzak, “zauri zorne zuria” isuri dutenak, eta kontu goxoak, “laztanen lurrun luzea” biziberritzeko. Ainguratuta nituen kontuak paperean jartzeak on egin dit, baina ez da izan idazkera terapeutikoa... Nik ez dut gehiegi sinesten horretan, uneak uneko salbuespenak izan ezik. Horren haritik bada beste poema bat, “Errezeta”. Idazketa terapeutiko hutsa norberaren berekoikeria ariketa bat izan daiteke; egia da, bestalde, “Lux Mundi” idaztean adibidez, karramarroaren atzaparretan hildako lagun bat neukala gogoan, Pello Uharte Orotz zena, baina poema hau minbizia borrokatzen dutenei laguntzeko asmoz idatzia da, hori eta hurrengoa, Ubi sunt akrostikoa, sostengua eta maitasun keinu bat, carpe diem berritua. Lagunak eta etsaiak ere agertzen dira, etsaiak edo arerioak, eta ene mendeku ttipia hartzen dut...

Zorionik beroenak eman nahi dizkizut/ nik usterik gutxien unean unean/ zure bateria guztiak / nire kontra desarratzen erakutsi duzun maitasunagatik”

Horrela hasten da Amodio deskontuak poema; mendekua? Mendekua baino, ordaina, zorrak kitatzeko modu bat da, Zuri zor poeman egin bezala, tautograma bat da, poemaren hitz guztiak letra berarekin hasten dira, kasu honetan z letrarekin
Zainetako zauriak, zuri zor/ zure zabarkeriaren zauriak/ zainetan zabal-zabalik, zuri zor.” (...) eta abar

Zer idatzi eta nola idatzi. Nik lehenagotik bi haiku liburu ditut argitaratura, GereziGaraiko Haikuak eta Orbel Azpiko Haikuak, eta haikuak idazten jarraitzen dut, Nafar Ateneoan haiku tailerra dinamizatzen dut eta hortik pasatu dira, adibidez, Bingen Amadoz, Josu Osta, Rafa Blanco, Carmen Valois, eta Maiela Zurutuza, Komorebi erakusketaren egilea. Hendaiako haitzak Euskal Herriko tokirik marraztuena izanen da segur aski. Maite Ramosek txuri-beltzezko haiga bat egin zuen nire haiku batekin... Eta haikua batean, bere laburrean, biribila eta laburra —ezen ez motza— izanagatik, ez dago metaforetarako lekurik, ez dago luzamenduetan ibili beharrik... ez dago lirikarako tarterik; haikuetan sentsazioak transmititzen dira, ez sentimenduak. 

Oraingo liburu honetan probestu dut poema narratiboak egiteko, baten bat Hendaiako Haitzak ditu iturburu eta helburu: “Dunbarri luzeari eta Dunbarri Zabalari beha”.


Edo “Beheko suan” olerkiak badu beste haiku bat aurrekari... Kasu honetan Olaldeako gure baserriaren beheko sua da iturria; berriz ere bizitza arruntetik eta objektu arruntetatik, olerkiak ateratzeko joera, uneak eta tokian ainguratuta gelditu direnak ene gogoan...

Hasieran aipatzen nuen Wislawa Szymborska. Nobel saria jasotzeko berbaldiaren bukaeran esan zuen:

 “Egia da, eguneroko hizkeran bizitza arrunta, mundu arrunta bezalako esapideak erabiltzen ditugu... baina eguneroko hizkeran ez dugu hitz bakoitzaren gaineko hausnarketarik egiten. Alabaina, poesiaren hizkuntzan, hitz bakoitzak pisua duen hizkuntzan, ezer ez da arrunta. Harri bat ez da arrunta, eta ez da arrunta harri horren gaineko hodeia. Ez dago egun arruntik, ezta egunari jarraitzen dion gau arruntik ere. Eta, batez ere, mundu honetako izate partikular bat ere ez da arrunta, inor ere ez.“

Bukatzeko azpimarratu nahi dut Maite Ramosen lana, akuarelak egin dituelako liburu honetarako. Lehen esan bezala, olerki hauek zerak dira, uneak eta tokiak, ene gogoan ainguratuta gelditu direnak... Horregatik dago aingura baten interpretazioa azalean; barnean, jatorrizko aingura beraren beste akuarela bat, Ea herriko moilan dagoena... Poesia Egunak bertan antolatzen dira, Eako Poesia Egunak, eta liburuaren poema batzuk Bizkaian idatziak izan ziren, gehienak Nafarroan eta Iparraldean izanagatik.