2021-01-30

LESBOS-eko errefuxiatuendako 600 kilo elikagai

 

600 kilo elikagai bildu dute Sanduzelai eskolako ikasleek Lesbos-en baldintza penagarrietan dauden errefuxiatuentzat, ZAPOREAK elkartearekin elkarlanean

 

Iruñeko Sanduzelai eskolako 6. mailako ikasleek 1936ko gerla landu zuten lehen hiruhilekoan, eta gerlaren kausak eta ondorioak izan dituzte hausnarketa gai. Hausnarketa lerratu zen konfliktoen ondorioetara eta, batez ere, nola ekidin ondorio horietara heltzea.

 

1936ko gerlaz eta memoria historikoa ez ezik, ikasleek gaur egun ere gerlak non dauden, zergatik eta ze ondorioak dituzten ikertu zuten Hori horrela, oraindik gerlak badirela ikasi zuten, Sudan, Kongo, Irak, Afganistan edo Sirian, eta edozein unetan pizten dira berriak, Berriki Armenian eta Saharan gertatu den bezala. Era berean, ikasi zuten, 39ko gerlan bezala, konflikto horien ondorioetako bat errefuxiatuena dela

 

Hausnarketatik harago, 6. mailako neska-mutikoek zerbait gehiago egin nahi izan zuten. Irakasleak ZAPOREAK elkarteko ordezkariekin kontaktuan jarrita eta elkarte honekin elkarlanean, elikagaiak biltzeko kanpaina bat abiatu zuten, Lesbosen pilaturik dauden errefuxiatuei laguntzeko. 



Argazkian ikus daitekeenez, oso emaitza ona lortu dute. Zorionak!

 

2020-11-01

Hilen Egunerako elezahar bat




Elezahar batek dioenez, aspaldi handian baziren hiru zaldun, aberats eta gazte, egun batean zaldiz ibiltzera atera zirenak. Baso handi eta ilun batean barna zihoazela, halako batean hiru pertsonaia agertu zitzaizkien bidearen erdira, hiru gorpu ustel, harrek janak, hilik egonik ere bizirik eta haien aitzinean zutik.

- Nortzuk zarete? – galdetu zieten zaldun aberatsek.

Hiru hildako biziek hauxe ihardetsi zieten:

- Zuek zaretenak, gu behin izan ginenak. Gu garenak zuek egun batean izanen zaretenak. Beraz, profitatu bizitza denborarik duzuen bitartean, arimaren alde egiten duzuen probetxuzko ekintza oro garrantzitsua delarik.

Gero gertatutakoaz ez dakit nik, baina badakit, jakin, pasadizo hori jasoa dagoela artelan berezi batzuetan Nafarroa Garaian, Uxuen eta Agoitz ondoko Ekaiko elizan; gainera, XIV: mendean eginak, Uxueko margoaren zati bat baizik ez da gorde, hiru gazte aberatsena, eta Ekain, berriz, hiru hildako biziena baino ez da gelditzen, beheko argakian ikus daitekeenez...





Zonbien kontua, beraz, ez da gaur goizekoa, ez horixe! Simeón Hidalgoren blogean argazki gehiago duzue,


2020-10-30

Enpatia

Nafar Ateneoa diru-asmorik gabeko kultur erakunde bat da, 1985ean birsortua, eta Nafarroan kultur ekitaldi gehien sustatzen edota antolatzen duena. Hamaika arlo edo eledutza daude elkarte honetan, bertzea betze, Euskara eta Herri Kultura eledutza, azken hiru urteotan (2017-2020) nire esku egon dena. Lehenago,bidea bertze batzuk jorratu zuten: Eugenio Arraiza, Iñaki Azkona, Roldan Jimeno, Bingen Amadoz, Juankar Lopez Mugartza eta Ekaitz Santazilia. Bistan denez, emakumezkorik ez orain arte, baina, zorionez, urtarriletik aitzina Ines Castiella andreak hartuko du bere gain ardura nire ordezkatzeko. Ene irudikoz, erakunde orotan, osasungarria izaten da kargu-aldaketa, eta Nafar Ateneoan, ziur naiz, Ines Castiellak ideia berriak ekarriko eta berrindarturik azalduko baita. Eleduna izan naizen hiru urteotan ene ahaleginak euskarari esparru berriak emateko bideratu ditut, euskararen aldeko beste talde edota erakundeek betetzen dutenetatik landara. Hori horrela eta inori harrigarria suerta badakioke ere, erdarazko ekitaldirik ere antolatu dugu, beti ere euskaltzale den baina euskaraz ez dakien jendeari begira; horra hor, gaztelaniaz egindako liburu aurkezpenak eta bestelako emanaldiak.

Azpimarratu nahi dut Iruñeko Udalarekin elkarlanean hilabetero-hilabetero antolatu diren ekitaldiak, Iruñeko Kultur agendan ederki erroturik daudenak, eta Jokin Castiella kultur teknikariari nire esker ona adierazi nahi dio egindako lanagatik. Orobat, elkarlan horren ondorio zuzena dugu Iruña Hiria poesia sariketa, urtez urte finkatzen ari dena eta saridun zerrenda zinez interesgarria osatzen ari dena. Urterik urte, Jon Barberena zena, Juankar Lopez Mugartza, Aintzane Galardi, Mikel Arruabarrena eta, aurtengo edizioan, Erronkariko Oihane Zuberoa Garmendia Bidaia (h)ariketak poema-bildumari esker saridun.

Nafar Ateneoaren nahimena ez da, neholaz ere, euskararen aldeko beste elkarteekin lehiatzea, kolaborazioak bideratzea eta elkarren osagarri izatea baizik. Horregatik, beste elkarteek garatzen ez zuten euskarazko poesiaren arloa, bulkada berezia izan duena, alde batetik Joxemiel Bidador poesia taldea Nafar Ateneoaren abaroan sortu delarik eta, bertzetik, Nafar Ateneo poesia poema bakarrari sariketa berriki sortua, laster hirugarren edizioa beteko duena.

Bistan da, euskarazko kultura sustatzeko lanik eginik ere, lana ez da amaitu; lingua navarrorum delakoaren aldeko ahaleginik eginik ere, beti bada zer eginik. 

2020-09-05

Bi urte, lau hilabete eta egun bat filmari bertsoak

Ezkabako talaia honetatik ozen eta polliki entzun ziren atzo arratsaldean bertsoak, Berriozarko Euskal Herria plazan botatakoak, besteak beste jarraian agertzen direnak, atzoko saio ederraren lagin bat:  Julio Soto semearen paperean, eta Amets Arzallus aitarenean, Iruñean mustu berri den Lander Garroren Bi urte lau hilabete eta egun bat-en haritik eta saio osoan —nola ez— agertu zen konorobirusaren haritik. 


Orain aldi bateko garai gogorretan

soldaduska egitea zenuten zorretan

ez zihoana ez zen joaten oporretan

intsumisio hitza zegoen hor bertan

zuk ere parte hartu al zenuen horretan?


Hara, dena galdetu didazu hitz bate(a)n

gaur arte ausartu ez nererik esaten

intsumisoen haria denbora da eten

garbi erantzungo dizut, ez lehor, ez zeken

ni ere filma hortan atera nintekeen


Beraz ez zen gezurra eta ez zen kondaira

lehenengoz entzun dizut orduko mintzaira

trukean zen kartzela eta eztabaida

gaurko begietatik entenditzen zaila

zergatik ez zenuen parte hartu nahi ba?

 

Ba sakelan ez dit jo mobilak txirula

eta gonbidapenik ez baitzait xuxurla

joan zen insumisoen ardatz eta brujula

bukatu ziren hango agindu eta burla

baina hori ez da soilik lehengo pelikula

 

Izan nahi zenutenez pertsona askeak

zer izan zuen ba txarrik borroka janzteak

adibidez Covid-ak dakartzan nahasteak

gaurko arau eta norma eta lege trasteak

otzanegi ez al gara egungo gazteak?

 

Apaltasun pixka bat behar da bizitzan

kaleak ere bere ordena balitzan

baina Guardia Zibila maiz sarri peskizan

zeuk erabaki ezazu, seme, zure gisan

baina tarteka pixka bat intsumiso izan

 

Traba sortzen didate hainbat arnasestuk

maskarilla eta bere bi sokatxo estuk

ta erantziko banu, bi polizi-eskuk

atxilotu ezkero ta lau begi-estuk

ulertuko duzula zalantzarik ez dut


Botereak legea aurkezten du ahaltsu

nahiz eta izan mila argumentu faltsu

anarkisten kontsigna maite dut nik aizu

autoritatea beti ukatu ezazu

baina hori bai egin zure aitari kasu.

 


Atzoko saioan Amets Arzallus eta Julio Soto ez ezik, Sarai Robles eta Miren Amuriza ere aritu ziren kantari. Aspaldiko partez bertsorik entzun gabe ginen Ezkabaren magalean! 

2020-08-29

Saharako umeen kamishibaiak


Ipuinak kontatzeko kamishibai teknika behin baino gehiagotan izan dut mintzagai, ekainean bertan urrutirago joan gabe. Saharako errefuxiatu kanpamentuetara eramandako kamishibaiez landa, oraingoan badaude bi kamishibai berri, Saharako ahozko tradizio aberatsetik hartutako bi istorio, ume sahararrek kontatuak eta gero kamishibai bihurtuak.


Iruñeko Arte Eskolako lagunei esker, kamishibai horiek, irudi ederrez hornituak, eginak ditugu jada, Covid-19 malapartatuaren ondorioz eta ondoren epe guztiak gaindituta egonik ere.




Kamishibaiak, beraz, prest daude basamortuko liburutegietara eramateko; ea birus madarikatuaren krisialdia gainditu eta gero laster eramaterik ditugun.