2021-03-01

Saharako umeen eskutitza Joe Biden presidenteari


Lehenik, agur bero bat bidali nahi diegu amerikar guztiei.

Espero dugu zu ez izatea aurreko presidentea bezalakoa, Sahara Marokoren zati bat dela esaten zuen hori bezalakoa, hori egia ez delako.

Gu errefuxiatu kanpamentuetako neska-mutilak gara, eta bertan 45 urte daramatzagu. Pobreak gara gure Lurraldea ez dugulako eta Donald Trumpek gure ametsa hautsi zuelako, baina orain esperantza dugu zuregan, erbesteaz nekatuta gaude eta.

Gu neska-mutilak garenez gure hondartza politetan egon eta igeri egin nahi dugu, eta gure arrain gozoak jan, eta gure airea arnastu nahi dugu. Gure Lurraldean nahi dugu bizi eta bakean nahi dugu bizi, eta munduan gerra gehiagorik ez dugu nahi, are gutxiago hemen.

Nahi dugu zuk jakitea zurekin kontatzen dugula, eta gure Lurraldera itzultzeko gogoari ez diogula sekula etsiko, gure odola delako.

Gu ongi gaude, baina gure aita eta anaia askok gerrara joan behar izan du, Marokok Mendebaldeko Saharan gure jendea jotzen, gartzelaratzen eta hiltzen duelako.

Zuk erokeria hau geldierazten ahal duzu, urteak daramatzagu bakeari eusten eta erreferendumaren zain.


Eskutitz hau idazten dizugu zure lagntza eskatzeko, gure Lurraldera itzultzen laguntzeko mesedez, gure kaleetan barna paseatu nahi dugulako, zeruko izarrak ikusi eta gure Lurraldean zahartu ahal izateko. Ez dugu nahi gure aiton-amonei gertatutakoa gure gertatzerik nahi, gure Lurraldean lurperatuak izan gabe hil baitziren.




Ez dakigu eskutitz hau emanen dizuten eta irakurriko duzun ala ez, baina zure eskuetara heltzen bada, zure erantzunaren zain gaituzu, gerraren amaiera ekar lezakeelako, eta inor gehiagorik ez da hilen, errefuxiatu izateari utzi eta aske izanen gara, independentziaren alde egin eta gure Lurraldera itzulita. Eta kanpamentuetara bisitan etortzera gonbidatu nahi zaitugu, gure aiton-amonekin elkartu eta ohiko hiru teak hartzeko, eta askatasunez bere Lurraldera itzuli nahi duen Herri bat garela ikusteko.

Gure Herriaren izenean, besarkada bat behean sinatzen dugun neska-mutilen partetik. 











2021-02-18

Ordena, Joan Margarit-en poema

 

Ez dira anitz maitasunaren aurpegiak.

Mundu zahar baten ilunantzetik

ateratzen direlarik dakuskit.

Hildakoak eta bizirik daudenak nahasi egiten ditut, galerek

—gela bateko lanparen gisara—

bizitza ematen diote ene intimitateari.

Ordena horren beharra dut. Kontakizun hartan

biziko banintz bezala, Hemingway-ren ipuinik laburrenean,

A Clean, Well-Lighted Place.

Zure poesia horixe da niretzat

toki garbi, argi-argi bat.



Joan Margarit zenak Angel González poetaren omenez idatzitakoa, "Harrigarriki  uros" liburutik aterea. 



 

2021-01-30

LESBOS-eko errefuxiatuendako 600 kilo elikagai

 

600 kilo elikagai bildu dute Sanduzelai eskolako ikasleek Lesbos-en baldintza penagarrietan dauden errefuxiatuentzat, ZAPOREAK elkartearekin elkarlanean

 

Iruñeko Sanduzelai eskolako 6. mailako ikasleek 1936ko gerla landu zuten lehen hiruhilekoan, eta gerlaren kausak eta ondorioak izan dituzte hausnarketa gai. Hausnarketa lerratu zen konfliktoen ondorioetara eta, batez ere, nola ekidin ondorio horietara heltzea.

 

1936ko gerlaz eta memoria historikoa ez ezik, ikasleek gaur egun ere gerlak non dauden, zergatik eta ze ondorioak dituzten ikertu zuten Hori horrela, oraindik gerlak badirela ikasi zuten, Sudan, Kongo, Irak, Afganistan edo Sirian, eta edozein unetan pizten dira berriak, Berriki Armenian eta Saharan gertatu den bezala. Era berean, ikasi zuten, 39ko gerlan bezala, konflikto horien ondorioetako bat errefuxiatuena dela

 

Hausnarketatik harago, 6. mailako neska-mutikoek zerbait gehiago egin nahi izan zuten. Irakasleak ZAPOREAK elkarteko ordezkariekin kontaktuan jarrita eta elkarte honekin elkarlanean, elikagaiak biltzeko kanpaina bat abiatu zuten, Lesbosen pilaturik dauden errefuxiatuei laguntzeko. 



Argazkian ikus daitekeenez, oso emaitza ona lortu dute. Zorionak!

 

2020-11-01

Hilen Egunerako elezahar bat




Elezahar batek dioenez, aspaldi handian baziren hiru zaldun, aberats eta gazte, egun batean zaldiz ibiltzera atera zirenak. Baso handi eta ilun batean barna zihoazela, halako batean hiru pertsonaia agertu zitzaizkien bidearen erdira, hiru gorpu ustel, harrek janak, hilik egonik ere bizirik eta haien aitzinean zutik.

- Nortzuk zarete? – galdetu zieten zaldun aberatsek.

Hiru hildako biziek hauxe ihardetsi zieten:

- Zuek zaretenak, gu behin izan ginenak. Gu garenak zuek egun batean izanen zaretenak. Beraz, profitatu bizitza denborarik duzuen bitartean, arimaren alde egiten duzuen probetxuzko ekintza oro garrantzitsua delarik.

Gero gertatutakoaz ez dakit nik, baina badakit, jakin, pasadizo hori jasoa dagoela artelan berezi batzuetan Nafarroa Garaian, Uxuen eta Agoitz ondoko Ekaiko elizan; gainera, XIV: mendean eginak, Uxueko margoaren zati bat baizik ez da gorde, hiru gazte aberatsena, eta Ekain, berriz, hiru hildako biziena baino ez da gelditzen, beheko argakian ikus daitekeenez...





Zonbien kontua, beraz, ez da gaur goizekoa, ez horixe! Simeón Hidalgoren blogean argazki gehiago duzue,


2020-10-30

Enpatia

Nafar Ateneoa diru-asmorik gabeko kultur erakunde bat da, 1985ean birsortua, eta Nafarroan kultur ekitaldi gehien sustatzen edota antolatzen duena. Hamaika arlo edo eledutza daude elkarte honetan, bertzea betze, Euskara eta Herri Kultura eledutza, azken hiru urteotan (2017-2020) nire esku egon dena. Lehenago,bidea bertze batzuk jorratu zuten: Eugenio Arraiza, Iñaki Azkona, Roldan Jimeno, Bingen Amadoz, Juankar Lopez Mugartza eta Ekaitz Santazilia. Bistan denez, emakumezkorik ez orain arte, baina, zorionez, urtarriletik aitzina Ines Castiella andreak hartuko du bere gain ardura nire ordezkatzeko. Ene irudikoz, erakunde orotan, osasungarria izaten da kargu-aldaketa, eta Nafar Ateneoan, ziur naiz, Ines Castiellak ideia berriak ekarriko eta berrindarturik azalduko baita. Eleduna izan naizen hiru urteotan ene ahaleginak euskarari esparru berriak emateko bideratu ditut, euskararen aldeko beste talde edota erakundeek betetzen dutenetatik landara. Hori horrela eta inori harrigarria suerta badakioke ere, erdarazko ekitaldirik ere antolatu dugu, beti ere euskaltzale den baina euskaraz ez dakien jendeari begira; horra hor, gaztelaniaz egindako liburu aurkezpenak eta bestelako emanaldiak.

Azpimarratu nahi dut Iruñeko Udalarekin elkarlanean hilabetero-hilabetero antolatu diren ekitaldiak, Iruñeko Kultur agendan ederki erroturik daudenak, eta Jokin Castiella kultur teknikariari nire esker ona adierazi nahi dio egindako lanagatik. Orobat, elkarlan horren ondorio zuzena dugu Iruña Hiria poesia sariketa, urtez urte finkatzen ari dena eta saridun zerrenda zinez interesgarria osatzen ari dena. Urterik urte, Jon Barberena zena, Juankar Lopez Mugartza, Aintzane Galardi, Mikel Arruabarrena eta, aurtengo edizioan, Erronkariko Oihane Zuberoa Garmendia Bidaia (h)ariketak poema-bildumari esker saridun.

Nafar Ateneoaren nahimena ez da, neholaz ere, euskararen aldeko beste elkarteekin lehiatzea, kolaborazioak bideratzea eta elkarren osagarri izatea baizik. Horregatik, beste elkarteek garatzen ez zuten euskarazko poesiaren arloa, bulkada berezia izan duena, alde batetik Joxemiel Bidador poesia taldea Nafar Ateneoaren abaroan sortu delarik eta, bertzetik, Nafar Ateneo poesia poema bakarrari sariketa berriki sortua, laster hirugarren edizioa beteko duena.

Bistan da, euskarazko kultura sustatzeko lanik eginik ere, lana ez da amaitu; lingua navarrorum delakoaren aldeko ahaleginik eginik ere, beti bada zer eginik.