2022-08-27

Zuihitsua liburuaren aurkezpena Larraldean

 


Pandemiak ezarritako itxialdiaren alde positibo bat, positiborik bada, denbora gelditu zela izan zen, sormenari leiho bat zabaldu ziolarik. Munduaren akabera badator, betor, baina idatzita behintzat gera dadila, mundua bukatu aitzin, Zuihitsua.

 

Euskal letretan ez dago tradizio oparo eta itxia saiakerei dagokienez eta horra hor, enetzat, abantaila bat, euskaraz saiakerak idazteko potentzialtasuna handia baita. Izan ere, den-dena izan daiteke saiakera, alor emankor eta zabala. Saiakera, berez, saiatzea da, saio bat egitea.  Gainera, saiakera  egiteak aldez aurretik ez zenekizkien gauzak idaztera eramaten zaitu, idatzi aitzin lotu gabe zenituen ideiak uztarturik gelditzen dira, idatzi baiko sortzen delarik. Hori horrela, idazteak ideiak garatzen laguntzen  du, ez da komunikazio-tresna soila eta hutsa; idazketak ideia berriak sortzen laguntzen dio idazleari, lerroak idatzi arau agerian gelditzen direnak, idazkerak berak ekoitziak, idazlumak berak sortuak neurri batean

 

Bitxia da japonieraz Zuihitsua hitzak esanahia ildo horretatik doala, eta horregatik Idazlumari jarraiki du azpititulu saiakera honek, eta zin-zinez esan nezake zein idazlumarekin idatzi nuen atal bakoitza, testu-prozesadorearen arriskuez jabeturik, lehenik eskuz izkiriatu bainituen liburu honen atalak oro, eta gero, ordenagailura eraman nituelako

 

Baiki eta eiki: Zuihitsua  entsegua da, saiakera, idazlumari jarraiki sortutako ideia bilduma. Saiakera gutxi idatzi da euskaraz, gutxi irakurtzen omen da, eta are gutxiago saltzen da... Hori horrela bada, biziki eskertu behar zaio DAKIT argitaraldiari saiakerak, besteak beste, argitaratzeko ausardia eta erabakimena.

Aurkezpenaren ondoren, haiku atelierrean parte hartu dugunok

2022-07-27

Ernest Hemingway, Auritzen

 

Fiesta eleberri ospetsuaren zati bat, Koro Navarroren itzulpena




Bero kiskalgarria egiten zuen plazan gure maletak eta kainabera-kutxak hartuta bazkalondoan atera ginenean Auritzera joateko.

Jendea zegoen autobusaren teilatuaren gainean, eta beste batzuk eskailera batetik igotzen ari ziren. Igo zen Bill eta Robert Billen ondoan eseri zen leku bat gordetzeko niretzat, eta ni hotelera itzuli nintzen pare bat ardo-botila hartzera bidaian eramateko. Leporaino zegoen autobusa bueltatu nintzenean. Gizonak eta emakumeak goiko maleten eta kutxen gainean eserita zeuden, eta emakume guztiek haizemaile bati eragiten zioten eguzkitan. Beroa ikaragarria zen inondik ere. Robert jaitsi zen eta ni hark gordetako tokian kokatu nintzen, autobusaren gaina zeharkatzen zuen egurrezko eserlekuan.

 

Robert Cohn arkupeetako itzalpean geratu zen zu noiz abiatuko. Euskaldun bat zegoen autobusaren teilatuan zeharka jarria, gure eserlekuaren parean, gure hanken kontra bermatuta, eta ardo-zahagi handi bat zeukan altzoan. Ardo-zahagia eskaini zigun Billi eta bioi, eta edateko jaso nuen unean gizonak motor baten bozina imitatu zuen, hain ederki eta hain bat-batean, non ardo pixka bat isuri baitzitzaidan, eta jende guztiak barre egin zuen. Gizonak barkamena eskatu zidan eta beste trago bat edanarazi zidan. Geroxeago ostera ere egin zuen bozina-hotsa, eta bigarrenez engainatu ninduen. Oso ondo egiten zuen. Euskaldunei gustatzen zitzaien.

Billi espainieraz hitz egin zion aldameneko gizonak eta Billek ez zion ulertzen, eta, hala, ardo-botiletako bat eskaini zion. Gizonak ezetz egin zuen eskuarekin. Bero handiegia egiten omen zuen eta gehiegi edan omen zuen bazkarian.

Billek botila bigarrenez eskaini zionean zurrut handi bat jo zion, eta autobusaren alderdi hartan guztian ibili zen gero hara-hona gure botila.

Hezibide handiz hartu zuten denek trago bat, eta gero kortxoa jarrarazi eta alde batera utzarazi ziguten. Denek nahi zuten guk beren zahatoetatik edatea. Mendialdera zihoazen baserritarrak ziren.

Azkenean, beste pare bat bozina-hots faltsuren ondoren. Abiatu zen autobusa, eta Robert Cohnek adio egin zigun, eta euskaldun guztiek adio egin zioten.

Errepidean sartu bezain pronto, hiritik kanpo, freskatu zuen. Atsegina zen goian joatea, zuhaitzen azpi-azpian. Autobusa nahiko bizkor zihoan eta haize ederra sortzen zuen, eta errepidetik barna gindoazela, hautsak zuhaitzak jotzen zituela eta muinoan behera, hiriaren ikuspegi eder bat izan genuen, atzean, zuhaitzen artean, ibaiaren gaineko malkarretik altxatzen zela.

Nire belaunen kontra zegoen euskaldunak ikuspegia seinalatu zuen ardo-botilaren lepoarekin, eta begi-keinu bat egin zigun. Baietz egin zuen buruarekin.

-Polita, ezta?

-Primerako jendea dituk euskaldun hauek -esan zuen Billek  (...) (155. or.)






2022-05-27

Gerraren aurkako bertso bat

Ukrainari begira hasi naiz hausnartzen

Europaren geroa ari da iluntzen                                             

Gertatzen ari dena zail da ezagutzen

gertatzen ari dena digute ezkutatzen.

Gerrak dira pizten

herriak hondatzen

odola isurtzen

herritarrak hiltzen

Inperialistak, berriz, diruz asetzen.




2022-05-01

Maiatzaren Lehena Iruñean: bertso bat

 Gaur Iruñeko kaleetako

indar hau mantendu dadin

elkartuz gero, lortzeko ezer,

ez da izaten zailegi

Duintasuna eskatzen dugu

hori ez al da zilegi

antsietatea ez dadin izan

lan munduko katebegi.

Batu, elkartu eta antolatu

ez belauniko eseri

lortutakorik ez dezagun gal

eta irabazten segi.


Alaia Martin 
Iruñeko Gaztelu plazako kioskotik




2022-04-03

Hiru miru Saharara doaz

 

Hiru Miru ipuin ilustratua Denonartean argitaletxearen eskutik atera zen duela urte batzuk, eta orduan argitaletxe horretako Unai editoreak —eta hala ere lagunak— Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren liburutto atera berri bat eman zidan irakur nezan, Aho bete amets, ahozko haur poesiaren aldeko aldarri guztiz gomendagarri bat. 

Liburu labur baina ezin interesgarriago honen hasierak badakar nik hainbeste miresten dudan Eduardo Galeanoren pasarte bat: “Nazio batuen Erakundeak 1948an onarturiko eskubideen artean ez omen da ageri amets egiteko eskubidea, baina —Galeanok argi daukanez—, hargatik ez balitz, gainontzeko guztiak egarriz itoko lirateke.”

Orobat, Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets hitzak hiru esanahi biltzen dituela bere baitan: bat, lotan gaudelarik bizi izandako gertaera-bizipen-esperientzia sentsoriala —amets egin dut—; bi, asmo edo ilusio batekin loturikoa —handia idazle izatearekin egiten dut amets—; hiru, desioa edo nahia —umea zoriontsu izatea da gure ametsa—.

Denonartean argitaletxeko editoreak Yolandaren liburua eman zidanean opari, Hiru Miru Sahararako bidean jarri zuela esan liteke. Zergatik ez jarri Hiru miru Sahararako bidean, beste hegazti baten laguntzarekin, Bubisher proiektuaren bidez? Hona hor, beraz, arabieraz eta gaztelaniaz jarri beharra.

Alde batetik,  Agoitzen bizi den Sidahmed Mohamed sahararrak egindako itzulpenari esker, arabieraz irakur dezaten hemen sortutako istorio bat, Bubisher proiektuari esker hango kabietara joan daitezen hegan Hiru Miru; bada gure modu xumea jakin dezaten ez ditugu atzentzen, ez atzo, ez gaur, ez bihar.

Beste aldetik gaztelaniaz, Koro Azkonak egindako itzulpena, hango bigarren hizkuntza ere badelako eta Espainiako Estatuak baduelako erantzukizun handia, saihestu ezinezko erantzukizuna, hango egoerarekin,



Lehen esan bezala, Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets hitzak hiru esanahi biltzen dituela. Lehenik, nik ere amets egiten dut Saharako errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren Balalekin, Jnatharekin, Mouludekin, Habdalarekin, bost urtez udako oporraldia gure etxean eman duen Galia neskatoaren familia osoarekin eta han egon nintzenean ezagutu nituen saharar guztiekin. Bigarrenik, nik Sahara libre izatearekin egiten dudalako amets. Hirugarrenik, munduan zehar barreiatuta dauden saharar guztiak Mendebaldeko Saharara, euren lurraldera itzuli ahal izatea nire nahia, nire desioa delako.

Udak gure etxean eman dituen Galia neskatila sahararra Oporraldia Bakean programari esker hartu genuen. Esperientzia zoragarria izan da eta, dudarik ez dut, askoz gehiago eman digu guk eman dioguna baino, askoz gehiago ekarri digu guk hara eramandakoa baino. Gure alaba sahararrak badaki bi familia dituela: berea, Aaiungo errefuxiatu kanpamentuko Dechera-n bizi dena; eta gurea, harena ere badena, Euskal Herrikoa, eta hemen ez du Jnatha, baina badu Maite; ez du Balal, baina ni nauka; ez du Moulud, baina badu Uxue; eta du Habdala, baina badu Unai.

Unai, seme nagusia, Hiru Miru ipuinaren protagonista da; irudietan agertzen dena Unai semea da, aurpegia —nahita— erakusten ez den arren. Istorio xaloa da, umeei eta gazteei begira idatzia, based in true facts edo benetako gertaeretan oinarritua, eta Hiru Miru du izenburua, baina bi agertzen dira azalean... Hirugarren mirua nor den asmatzeko, irakurri egin behar da.

Eduardo Galeanoren testu batekin hasi eta nik euskarara ekarritako beste batekin amaitu, sahararrei buruzko Hodeien seme-alabak testu ezagun bat: “Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen”.