2011-11-30

Smok Wawelski, Poloniako elezahar bat


Badut lagun bat Poloniara joanen dena zubi foralean. A ze inbidia! Sanoa, baina inbidia, azken finean...

Lagun hori Krakoviara joatekoa denez, Krakoviako elezahar bat kontatu diot, Smok Wawelski, Jak  to zen Smokiem Wawelskim bylo. Wincenty Kadlubek-en kroniketan agertzen den elezahar hau XII edo XIII. mendeetakoa omen da. Halaxe dio elezaharrak.




Aspaldi-aspaldian, Poloniako baso ederren artean eta Vistula ibaiaren ondoan, Krakus izeneko errege bat bizi zen. Gaztelu batean bizi zen, Wawel izeneko muino batean. Vistula ibaian gora eta behera merkatariak ibiltzen ziren eta, horri esker, gero eta jende gehiago joan zen bizitzera inguru horretara. Baina gizakiak ez ezik, beste izaki bat ere heldu zen zorigaiztoko egun batean: dragoi bat.
Dragoi anker horrek Wawel muinoko beheko aldean dagoen leize-zulo bat aurkitu zuen eta leize zulo hori hartu zuen bizileku. Aldian behin, dragoi ankerra leize zulotik atera, ahotik sua botatzen hasi eta dena suntsitzen zuen gupida gabe. Orduan, Krakus erregeak bere zaldun prestuenak bidali zituen dragoia hiltzera, baina bat ere ez zen bizirik itzuli. Dragoi maltzurra ateratzen zen hilabetean behin eta den-dena suntsitzen hasten zen. Batez ere, neskatila gazteak zituen gustuko jateko eta neska gazte bat jan orduko leizera itzultzen zela ohartu ziren herrian. Hori horrela, leize zuloaren ahoan neskatila gazte bat jartzea erabaki zen hilero-hilero, dragoia hori jan eta herria suntsi ez zezan. Eta hala izan zen. Dragoia hilabetean behin ateratzen zen leize zulotik eta neskatila gazte bat jaten zuen aldiro.


Gauzak horrela, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, dragoiak herriko neskatila gazteak, banan banan jan zituen harik eta bakarrik neskatila bat bizirik gelditu arte, erregearen alaba, Wanda. Etsi-etsi eginda, erregeak ez zekien zer egin eta orduan iragarki bat plazaratu zuen: inork dragoia hiltzen bazuen, Wanda alabarekin ezkondu eta ondasun handiak jasoko zituela.
 
Herrian bazen zapatari bat, Skuba Dratewka, oso azkarra zena. Erregearengana jo zuen zapatari gazteak eta Krakus erregeari esan zion erronka onartzen zuela. Baina zer egin zezakeen zapatari gazte batek, zaldun prestuenek kale egin zuten dragoiaren aurrean? 
   
Esaera zaharrak dioenez, asko balio du indarrak, baina gehiago buru azkarrak.

Zapatari gazteak bildots bat hartu zuen, sufrez bete eta dragoiaren leize zuloaren ahoan utzi zuen. Dragoia atera zenean, neskatila gazte baten ordez bildots xamur bat ikusi eta -grausk- irentsi egin zuen. Orduan hasi zen nabaritzen egarria, sekulako egarria, sabela erretzen zion egarri izugarria. Egarria apaltzeko Vistula ibaira jo eta ura edaten hasi zen. Edan eta edan eta edan aritu zen, baina ez zegoen modurik egarria apaltzeko. Vistula ibiaren erdia edan zuen eta, halere, ez zuen egarria kendu, eta edaten jarraitu zuen harik eta sabela – danba- lehertu egin zitzaion. Eta hala hil zen dragoi gaiztoa.

Kronikek diotenez, Skuba Dratewka zapataria Wandarekin ezkondu zen, eta Krakus erregeak Wawel muinoaren inguruan hiri bat sortu zuen: Krakovia.

Harrezkero pozik bizi izan ziren. Haiek pozik bizi baziren, gu ere pozik bizi gaitezen.


No comments: