2011-11-23

Hauteskunde orokorren kronika ttipia


Bat, bi eta hiru eserleku nahi zuen lortu Yolanda Barcinak UPN-PP koalizioarentzat, baina azkenik, gaur arratsaldean bertan berretsia, bi baizik ez; halaber, Barcinak nahi zuen PSNk bi ateratzea, baina azkenez, bat baizik ez. Bana lortu dute Amaiurrek eta baita, Geroa Bai-k ere... Nafarroa Garaian sekula ez dira lortu bi ordezkari abertzale bidaltzea Madrilera. Ez da kontu makala!
Horregatik Yolanda, esanak esan, ez dago oso pozik: UPN-PP koalizioan joanik ere, 7000 boto galdu duelako Nafarroan; poz maltzurrik ez hauteskunde gaueko irudietan... Horrelako gauetan, telebistako bolumena jaitsi, eta aurpegiaren hizkuntzari erreparatzeko gomendioa egiten dut nik. Politikariek esaten dituzten hitzak aldez aurretik prestaturiko eta esku-liburuetatik ateratako hitzak izaten dira. Aldiz, aurpegiek hitzek baino askoz gehiago komunikatzen dute horrelakoetan. Yolandaren aurpegiari begira, Okzitaniako Tolosan jasotako hiru tartakadez gain, hauteskunde gauean beste bi tartakada jaso berri zuela zirudien.
Hauteskundeak direla-eta, Berriozar, halere, beti berexi: PSNren hondamendi iragarria gorabehera, Berriozarren zerrenda bozkatuena izan da, 1639tik 1042ra jaitsita ere. Estatu mailako hauteskunde izanik eta PPren gehiengoa aurreikusita egonik ere, Berriozarren 85 boto gehiago baizik ez du lortu eskuin-koalizioak. Amaiurrek 843 boto lortu ditu; eta Geroa Bai-k horren erdia, 418. Amaitzeko, Izquierda-Ezkerrak, 348.




Baten bati irabazi diot garagardo bat egin genuen porra dela medio...
Dena dela, hauteskundeak pasatu eta biharamunean, Volswagenek Landabenen daukan lantegiko 700 laguni ez zaiela kontratua berrituko iragarri da, eta Barcinak hori gertatuko zela ederki zekien leehnagotik. Baina iragan den astean lantegira eginiko bisita batean konbentzitu omen zuen zuzendaritzak albistea txarraren iragarpena atzera zezan, gutxienez hauteskundeak iragan arte atzera zezan... Eta Volkswageneko zuzendaritzak, batere disimulurik egin gabe, hauteskundeen biharamunean, to eta no, 700 lagun, kalera... Eta burura datorkit galdera bat... 700 lagun horietako askok ez al zioten botoa emanen Barcinari berari?



No comments: