2013-08-06

Ilargirainoko eskailera

Aspaldi handian Afrikako herri batean agintariek ideia bat bota zuten: “Ilargirainoko eskailera bat eginen dugu, inoiz egin den eskailerarik luzeena; hartara, Ilargira joanen gara eta Afrika osoan izanen gara eredu”.
Agintariek herrikideen artean lana banatzeko ardura hartu zuten. Herrixkaren ondoko muino bat aukeratu zuten eskailera finkatzeko. Aukeratutako muinoan agintari nagusiaren suhiaren etxola zegoenez, herritarrek bi ahuntz eman behar izan zioten suhiari lanak sortutako eragozpenengatik. Oso leku ederra zen, eta eskailera finkatzeko bertako zuhaitzak eraitsi behar zirenez, herriko batzuk aurka azaldu ziren. Agintariek gogor salatu zituzten aurkariak, Ilargiraino joatea ze garrantzitsua den ulertzen ez zutela argudiatuta: aurkari batzuek jipoiak jaso zituzten, eta beste batzuei ahuntzak bahituran hartu zitzaizkien. Gizonek oihanetik zuhaitzak ateratzeko, agintari nagusiaren emaztearen anaiaren bidea baliatzen zutenez, nagusiaren koinatuari hiru ahuntz eman behar izan zizkioten herritarrek. Era berean, nagusiaren senideek Ilargirainoko eskaileraren obraren berri emateaz ardura hartu zuten, eta herriz herri ibili ziren egitasmoaren handitasuna goraipatzen; hauei ere, launa ahutz eman behar izan zizkieten herritarrek horren lan garrantzitsua egiteagatik.
Azkenik obrak hasi ziren, eta bi enbor luzeenak zuloetan sartu eta finkatu zituzten, eta beste enbor anitzekin eskaileraren egurrezko mailak egin zituzten, sokekin lotu eta eskailera osatu zuten. Gizon batzuek sokei eutsi behar zieten; beste batzuek, egurrezko mailak egin; bestetzuk, enborrak ekarri... Agintea zutenek banatu zuten lana eta lanbide berriak sortu zituzten. Izan ere, obrak luzatu zirenez, eskaileraren kontra zeuden batzuen jarrera burugabeagatik, agintariek, konfiantzazko lagunen eta senideen arteko batzuk aukeratu zituzten obrak zaintzeko; askotxo ziren, gainera, baina zaindari hauei ere herritarrek bina ahuntz eman behar izan zizkien, denon onerako obra zaintzeagatik eta aurkariak menderatzeagatik.
Asko, urte asko luzatu ziren Ilargirainoko eskaileraren eraikitze-lanak. Azkenik, egun batean, aditu batek, leinuko nagusiaren lehengusu batek, adierazi zuen halako egun jakin batean igoko zela eskaileraren azken mailara eta Ilargiraino helduko zela. Hartara, nagusiaren urtebetetze egunaren gauean hasi ziren igotzen. Lehenik, zer gerta ere, zaindariak; gero, aditua; eta gero, agintaria eta senide batzuk. Gora, gora, gora... eta goraino igota zirelarik, ohartu ziren Ilargia oso urrun zegoela, lurretik zirudiena baina urrunago.
Agintariek eta bere senideek biharamunean enbor gehiago mozteko, langile gehiago jartzeko, sokei eusteko, ahuntz gehiago emateko eta lan gehiago egiteko agindu zieten herriko gizonei. Gizonek egurrezko maila gehiago egin zuten, askoz gehiago, eta gora igo zituzten enborrak eta sokak, harik eta presioaren presioaz tenkatutako soka bat eten egin zen. Orduan eskailera handia erori egin zen, eta behean zegoen herritarrak enborren azpian harrapatuta hil ziren.
Agintariek sokari eusten zion langile baten axolagabekeriari egotzi zioten istripua. Orain agintariaren senide eta lagun gehienak beste herri batean bizi omen dira, jasotako ahuntzak salduta eta erosoago bizi den beste herri batera joanda. Herriko jende xeheak lehen baino askoz ahuntz gutxiago du, eta hildakoen senideek negar egiten dute nagusiaren urtebetetze egunean.
Zambeziko ipuin berridatzi bat da, Seve Callejaren Afrikako Ipuin Herrikoiak liburu zaharretik hartua. Dena dela, Zambezin uste dute ez dela ipuina, benetan gertatua baizik. Abiadura Handiko Trenaren sustatzaileek irakurri beharko zuketen: “ikasgai ona da gehiegi igo nahi duten handinahientzat”.

No comments: