2017-10-04

XXI. mendeko Che


Ernesto Che Guevara Boliviako oihanean erail zutenetik 50 urte beteko dira bortz egunen buruan,  urriaren 9an. Haren gaineko hitzak eta iritziak entzungo ditugu egunotan, baina segur aski inork gutxik eginen dio erreferentzia duela urtebete Iñaki Gil de San Vicentek idatzitako El Che del siglo XXI liburuari. Caracaseko Trinchera argitaletxearen eskutik.
Liburuaren asmo dibulgatzailea guztiz txalogarria da, zeren eta egileak dioenez, alfabetatzea, —zentzu zabalean eta ez zurrunean ukerturik— gaur egun duela mende erdia baino zailagoa da, baina baita are beharrezkoagoa ere. Izan ere, alfabetatzea, egun, ez da bakarrik irakurtzen eta idazten irakastea; egun, kritikoki pentsatzen irakatsi behar dugu, non eta dogmaz eta irrazionalismoz betetako gizarte batean, zatata mediatikoaren erdian, manipulazio subliminala eta inkonszientea nagusi delarik, Gainera, egun, informazio —eta desinformazio— zientifiko eta teknikoaren zama askoz konplexuagoa da duela 50 urte baino. Egun, analfabetismo funtzionala handiagoa da duela mende erdia baino.
Nekez laburbil daiteke guztiz gomendagarria den liburu hori lerro xume hauetan, baina Che Guevararen beraren bi aipamen zehatz azpimarratu nahi dut, biak ala biak, gaurkotasun handikoak gaur egun ere, ene ustez bederen.
Che Guevarak hauxe dio militanteaz: "Militanteak argitasun politikoa izan behar du. Argitasun politikoak ez du esan nahi Iraultzaren proposamen ororekin baldintzarik gabeko adostasunik izan behar duenik, baizik sustengu arrazoitua eduki behar duela, neke handiak jasateko gauza izan behar dela, eta, batez ere, analisirako gaitasun dialektiko handia eduki behar duela, ekarpenak etengabe egiteko, maila orotan, bai teorikoki, baita praktika iraultzailean ere".


Eta hauxe koadro politikoaz: Koadro politikoa, beraz, sortzailea da, goi mailako buruzagia, maila politiko oneko teknikaria, eta kapaza izan behar da produzio sektore bat aurrera eramateko edo jendartean zuzendaritza garatzeko bere postu politikotik, dialektikoki arrazoituz.


Dialektikoki ulertu behar dira Guevararen testuak, tokian tokiko eta uneak uneko baldintzen arabera egokituz, bai, baina XXI. mende ere badute funts iraultzaile itzela. Izan ere, horregatik hain zuzen prentsa burgesak 50 urte daramatza Che Guevara-ren obra laidoztatzen; egunotan ere, bereak eta bi irakurri eta entzunen ditugu Cheren irudia eta ekarpen iraultzailea higatzearren. Zorionez, Che Guevarak ekarpen teoriko-praktikoa itzelak zarata mediatiko burgesa estaltzeko gaitasuna du. Alta, ene irudikoz Guevararen egindakoak eta idatzitakoak ez dira aski ezagunak, eta gure esku dago gehiago irakurtzea, aztertzea, euskaratzea, eztabaidatzea eta praktikara eramatea, teoria eta praktika uztarri berean joanik, elkarren eskutik, mundu hobe baten alde ari garen guztion onerako.


Izan ere, Che duela 50 urte erail zuten, baina haren irakaspenek bizirik diraute. Berak irakatsi zigun militantea zaildu, gogortu behar dela, beti ere xamurtasuna galdu gabe; eta internazionalismoaren orinarria, alegia zapalkuntza borrokatu behar dela, injustizia non-nahi delarik ere. Horregatik eta elkartasuna herrien arteko xamurtasuna delako, herriak tinko! Bartzelonako kale batean aspaldi irakurri nuen: “La solidaritat es una flama que no s'extingeix”.
Askapena erakunde internazionalistak 30 urte betetzen dituela ospatuko du Berriozarren larunbat honetan, eta egitarauaren ekitaldirik behinena Ernesto Che Guevarari egin beharreko omenaldia da: ezinbesteko hitzordua.


No comments: