Eskuartean daukat margo-katalogo eder bat, Pedro Salaberrik Lizarran egin berri duen erakusketaren irudiak biltzen dituena. Orri-pasa hasi naiz eta txundituta gelditu naiz beste behin. Zizurren egin zuen erakusketaren edo aspaldi Iruñeko Gotorlekuan egin zuenaren katalogoak ere jasota dauzkat, eta egongelako apalategiaren toki pribilegiatu batean, esku-eskura. Hori horrela, noizik behin arasetik katalogo hauetako bat hartzen dut ausaz eta Salaberriren estilo berezi-bereziko irudiei ezker hartzen dut plazer, plazer hutsa. Periko Salaberrik berak erdarazko testu xarmagarri bat idatzi zuen plazeraren kontura, jarraian euskarari ekarria doakizuena
Ni bizi naizen paisaiak denbora luzea daramat margotzen, bai eguneroko paisaiak, bai noizbehinkako paisaiak. Betidanik bilatu eta aurkitu nahi izan ditut, besteei erakusteko eta besteekin partekatzeko. Aspalditik hasi nintzen sentitzen pintura ez zela eginbeharra, inozentziarako espazioa baizik, jolaserako eta harridurarako espazioa, alegia. Gakoa ez da ezer zehatzik deskribatzea edo paisaia ezagunetan arreta jartzea, ez horixe. Aspalditik onartu nuen estimulua edonondik irits dakidakeela eta, beraz, kolore horia edo kolore berdea baliatu nahi badut, egin, egin dezakedala perspektiba gaberik, beti ere luze-zabala eta kolore-testura errespetatuz. Umetan arkitektura-jolas batekin etxeak eraikitzen nituenean bezala. Intuizioak agindutako konposizioak antolatzea, erabakitzea eta aurkitzea jarduera ludikoa bihurtu da, biziki atsegina.
Oleo margoaren berotasun eta dotoreziak bere horretan dirau oraino. Zabaldu, pintzel leunez luzatu edo espatulaz lisatu dezaket, luxuzko xafla baten itxura izan dezan. Orobat, ia beti tamaina handiko koadroak egiten ditut, besarkatzeko modukoak. Batzuetan, erabiltzen ez den marko batek, marko zahar batek, zerbait margotzera bultzatzen nau, eta, bide batez, markoa biziberritzeko; lantzean behin, badaude marko batzuk nolabaiteko ziria sartzen dizkidatenak. Haien itxura eskasa zela-eta, ez nukeen sekula deus eginen printzipioz marko eskas horiekin; baina lantzean behin marko eskas horietako batek hunkitzen nau eta orduan marko horretarako margo bat ad hoc pintatzen dut, markoarekin bat egin dezan, irudia eta markoa elkarren osagarri izan daitezen.
Nigan eragin izan duten eta hunkitu nauten artistak hainbeste izan direnez gero, zerrenda itxi bat egitea ezinezkoa dateke. Halere, egia esateko, noizik behin, pintatzen dudan zerbaitek asaldatzen nau, eta nigan eragina izan duen artisten bat edo besteren aldeko keinu bat, omenaldi txiki bat, egitea baino ez zait gelditzen.
Koadro sail bat askatasun-espazio intimoa da. Bertan, aurkikuntzaren bat edo koloreen arteko erlazio on bat, edo iruditzen zaidana uzten diot egiten neure buruari. Bestela esanda, bada modu bat neure buruari ez jartzeko ez obligaziorik, ez premiarik, ezta helbururik ere. Xederik gabe margotzea pintatzeko modu ederra da, ahalik eta txukunen egiteko plazer hutsez.
Irakurle jakin-goseak badu haren webgunera, tamalez erdara hutsez dagoen webgunera, jotzerik.
![]() |
| Pedro Salaberri, eskuinetik hasita lehena, |




No comments:
Post a Comment