2009-07-26

Valentino Rossi: Live at Donnington

Gaur arratsaldean Valentino Rossik lekzio zoragarria eman du Donnington-en, hainbat eta hainbat kontzertu historikoren leku berean. Gaurkoan, kitarra elektrikoen riff gabe, Yamaharekin emanaldi zoragarria egin du.

Berez, Donnington-go zirkuitua arriskutsua da: ondoko aireportuko hegazkinek isuritako kearen koipea dela-kausa, pista labainkora izaten da. Horregatik hurrengo urtetik aurrera Donnintongoa ez da GP txapelketaren barruan egongo. Gaur, gainera, euri txikia egin du... Eta gurpil bigunekin atera dira gehienak!

Hasieran, espainolak oldarkor; baina laster Lorenzok eta Elias-ek, hurrenez hurren, alboko zerrenda txuri-beltza, pianoa, jo egin, irrist egin dute eta lurrera biak ala biak. Rossik ez du pianoa jo, baina lehena zihoalarik, Tavulliakoak ere erorikoa izan du: asko arriskatzen duenak...

Guztiarekin ere, motorra jaso egin du eta berriz abiatu da... hori bai, lehena izatetik hamaikagarrena izatera pasatu da. Baina gure Rossi mundiala da, ez du inoiz amore ematen, eta gaur ere erakustaldia egin du: motorra kaltetuta ere, sei postu lortu du aurreratzea... Dani Pedrosari berari aurrea hartu ez dio, bada! Lasterketaren bukaeran bostgarrena heldu da eta puntu sorta polita eskuratu du; oporretara lasai joan daiteke, MotoGPko lehen-lehena izanda.

Gaurkoa oso lasterketa eroa izan da, zirraragaria zinez. Izan ere, non gelditu da Stoner amerikarra... Azkena? Ez, azken aurrekoa: bi ducatti-ak azken bi postuetan. Bestalde, ikustekoa zen Lorenzo espainolaren aurpegia... Ze gatzik gabeko tipoa! Rossi, aldiz, hortxe izan da bostekoa ematen gaurko txapeldunari, Andrea Dovizioso-ri, beti bezain jator eta adeitsua... Agian oso-oso guapoa egia ez da, baina beste noizbait ere blog honetan bertan adierazi bezala, Valentino Rossi mundiala da.

Gaur Rossi-ren fan klubeko kide bihurtu naiz.


2009-07-24

Amaika (sic) ikusteko jaioak

Duela gutxi Hogeita hamaika ikusteko jaioak ginela izeneko testua argitaratu nuen blog honetan bertan. Oporretan naizela, hara non Amaika ikusteko jaioak garela ikusi dut nik, non eta Pedriskolan -upsss, erran nahi baita, Peñiscolan-


Ez dut Photoshop-ekin moldatu, ez horixe!


Min ematen dit begietan h-rik gabeko amaika hori ikusteak. Horregatik kamerarekin argazkia ateratzeko tentaldian erori naiz.

Guztiarekin ere, are mingarriagoa egin zait ondoko kalean, "España" kalean, beste jatetxe baten izena ikustea:

Harrapa ezan/k! Ez Amaia, ez Amaya... AMALLA baizik... Amalla ikusteko jaioak gara.

2009-07-21

Lekukoen bisita

Batzuek ez dute oporrik hartzen. Gaur goizean izan dut etxean gonbidatu gabeko bisitari pare baten bisita. Jehová-ren lekukoak zirela ez didate esan beharrik izan: ageri-agerikoa zen. Goiko irudia duen panfletoa eman didate... Panfletoko galdera hori erretorikoa da, erantzunik behar ez duena; izatez, mundua bukatzen bada, bukatu da fandagoa: fini eta kitto, finikito. Bai, badakit galderaren gakoa determinatzaile horretan datzala, este horretan... A zeinen listoak diren! Aitortu behar dut galdera-amu hori ongi hausnartuta dagoela, baduela indarrik. Finean, inozoek hoska egiteko beita apokaliptikoa made in USA. Izan ere, zenbat aldiz bukatu behar da Mundua? Lehengo lepotik burua lekuko horiek...
Antzararen bidetik bidali gabe, antzarak ferratzera bidali ditut. Erruki-begirada batekin batera eman didate panfletoa, aurki eginen duten meeting baterako gonbitearen batera... Lekukoak joan eta gero, gogora etorri zait Berriozarko nire lagun batek horrelako bisita batean beste lekuko batzuei emandako arrapostua:
Benetako Jainkoarengan sinesten ez badut, nola sinetsiko dut, bada, zuen Jainko horrengan.
Tamalez, horrelako kontuak desorduetan gogoratu ohi ditut nik. Agian horregatik idazten ditut blog honetan...

2009-07-09

Hogeita hamaika ikusteko jaioak

Hogeita hamaika urte igaro dira Espainiako polizia batek German Rodriguez tiroz hil zuenetik, Iruñeko Sanferminetan. 1978ko uztailaren 8ko gertaera latz horiek ez ditugu sekula ahantziko: ez ahantzi, ezta barkatu ere.
Horregatik atzo, urtero egin ohi den legez, goizez omenaldia egin zen eta arratsaldez manifestazioa.





Jendetza bildu zen atzokoan German-en oroimenezko hilarriaren inguruan: lagun zaharrak besarkatzeko eta lagun berriak ezagutzeko parada ederra...

2009-07-01

Bero ze bero

Uztailean oporretan egon ohi naiz. Aitzitik, aurten lanean aritu behar dut eta sekulako beroa dago Iruñerrian. Hain dago bero, ezen begira zer gertatu zaion saguaren kurtsoreari