2012-03-20

Krisia 9 urteko gure alabari kontatua, ipuin baten bidez

Behin bazen eta bazen behin, gizon aberats bat bailaraz bailara eta herriz herri ibiltzen zena negozioak egiten. Nonode herrira heldu zenean, asto eder batzuk ikusi zituen. Negozio-gizonak herritarrei asto bakoitzeko 100 txanpon eskaini zien. Herritar batzuek astoak saldu zizkioten. Biharamunean, negozio-gizon berak asto bakoitzeko 150 txanpon eskaini zuen eta beste herritar batzuek euren astoak saldu zizkioten. Beste egun batean, 300 txanpon eskaini zien astoko eta gelditzen ziren herritarrek herriko azken astoak saldu zizkioten.

Nonode herri osoan asto gehiagorik ez zela, negozio gizonak eskaintza berezi bat egin zuen: asto bakoitzeko 500 txapon ordaintzeko prest azaldu eta joan zen, astebete pasatu eta gero berriz agertuko zela esanda.

Biharamunean, beste negozio-gizon bat agertu zen Nonode herrira eta astoak saltzen zituela iragarri zuen: asto bakoitza 400 txanponen truke. Lehendabiziko negozio-gizonaren eskaintza bizi-bizi zegoen Nonodeko herritarren gogoan, eta asto guztiak erosi zizkioten bigarren negozio-gizonari, bakoitza 400 txaponen truke; dirurik ez zutenek, dirua maileguan hartu zuten eta herritar gehienak zor handitan sartu ziren. Izan ere, Nonodeko ez ezik, eskualde osoko astoak ere erosi zituzten nonodetarrek.

Baina negozio-gizonak —ez lehena, ez bigarrena— ez ziren sekula itzuli Nonodera. Horren ondorioz, Nonode astoz eta zorrez beterik dago. Dirua mailegatu zutenek ezin izan zituzten astoak saldu eta, beraz, ezin izan zituzten ez kurrituak ez maileguak ordaindu.

Dirua maileguan eman zutenek agintariengana jo eta euren kexa agertu zuten, zeren maileguak eta kurrituak kobratu ezean, beraiek ere hondoa joko lukete eta ezin izanen lukete maileguak ematen jarraitu; beraz, euren hitzetan esanda, “dena hondoratuko litzateke”.

Mailegu-emaileak hondora ez zitezen, agintariek mailegu-emaile horiei dirutza eman zieten. Halere, mailegu-emaileek dirutzaren zati eder bat hartuta ere, ez zizkieten herritarrei zorrak barkatu, eta herritarrak egunetik egunera handitzen ziren zorretan itota gelditu ziren.

Bestalde, Nonodeko agintariak herri-ondasunak xahutu zituen eta, ondorioz, Udalak berak hondoa jo zuenean, agintariak beste udaletako agintariei diru-laguntza eskatu zien; baina beste agintariek erantzun zioten ezin ziotela dirurik utzi, zeren Nonode bezalako udal batek, hondoa jotako udal batek, ezin baitu maileguan utzitako dirua sekula itzuli.

Finean, nola daude kontuak Nonoden? Aberatsak lehen baino aberatsagoak dira, negozio-gizonak, negozio-gizonaren lagunak eta mailegu-emaileen irabaziak bermaturik; herritarren maileguen kurrituak kobratzen jarraitzen dituzte eta ordaintzerik ez duten herritarrei astoak hartzen dizkiete bahituran. Herritar asko eta asko dirurik gabe era astorik gabe bizi dira egun. Nonodeko Udala bera ere zorrez itota dago. Baina zer egin dute Nonodeko agintariek egoera larria dela eta? Agintariek udal langileei soldata murriztu diete.

Nonode edonon da. Izan ere, edonon, eskuinetik ezkerrera irakurrita duzu Nonode.

Nonoden herritarrek ez dute abererik, ez dira aberatsak eta Andu Lertxundik aspaldi gaztigatu digun gisara, “abere askoren jabeak derrigorrez izan behar abere-kiratsa, aberatsa abere asko —ondasun asko— dituena baita”. Horregatik Euskal Herrian aberatsa abere hatsa duena omen da.

Sufien ipuin honek sekulako gaurkotasuna du, ezta?


2012-03-14

Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots hordigarria


1980ko martxoaren 14an Félix Rodriguez de la Fuente hil zen, Alaskako lur mortu izoztuetan, Bering itsasotik gertu, ez-leku batean. Warren Dodson pilotuaren Cessna hegazkin txikiak lur izoztua jo zuenean, Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots liluragarri bezain hordigarri hura itzali zen betiko; txakurrez eramandako lera-lasterketa ospetsu bat grabatzen ari zirelarik gertatu zen ezbeharra. Iditarod Trail Seld Race izeneko lasterketa entzutetsuak Anchorage eta Nome hiriak lotzen ditu, ia-ia bi mila kilometroko ibilbide izoztua. Aingura bat ur izoztuan bezain finkaturik gelditu zitzaizkidan neure begiekin sekula ikusiko ez ditudan ez-leku horiek, No men´s land horretan gizakia ezin baita luzaroan bizi, Nome izen paradoxikoa duen ez-leku batean.

Inguru horietan hartza bizi da oraindik eta, diotenez, landareak eta animaliak mintzo ziren garaian hartzarekin batera azeria ere bizi zen mortu izoztu horietan. Borrokatzen zirenean, hartza azeria baino sendoagoa eta ahaltsuagoa izaki, hartza handiak azeri txikia erraz menderatzen zuen. Baina azeria azkarra da oso, eta egun batean hartzari hauxe esan zion:

- Hartza, beti ibiltzen gara liskarretan, eta guk ez dugu zertan borrokatu. Izatez, zuk arrainak gustuko dituzu eta nik ezagutzen dut modu bat zuk nahi adina arrain harrapatzeko. Sartu buztana izotzean egindako zulo batean, eta arrain batek zure buztanari kosk egiten dionean, jarri zutik eta horrela aterako duzu arraina zure buztanari atxikirik.

Hartzak hori egin zuen. Izotzean zulo txiki bat zegoela profitatuz, ondoan eseri eta zulora sartu zuen buztana. Han eman zuen denbora luzea, eta aspertzen hasia zenean, nabaritu zuen arrain batek kosk egin ziola buztanari. Azkar altxatu zen, baina buztanaren inguruko ura izotz bihurtua zenez gero, krak! han gelditu zen buztana, izotzean jelaturik.

Harrezkeroztik hartzek oso buztan motza dute eta beti ibiltzen dira azeri baten atzetik, mendekua hartzeko asmoz eta gogoz; baina azeria, hartzaren beldur, aspaldi utzi zituen lur izoztu mortu horiek eta Hegoalderantz abiatu zen, lurralde epelagoen xerka.

Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots liluragarri eta hordigarriarekin kontatua balitz...

2012-02-18

Sanduzelai eskolak 25 urte: "Euskaraz blai"

Sanduzelai Eskola Publikoak 25 urte bete ditu aurten. Mila kilo zorion!  Xabier Lete handiaren habanera doinuarekin egindako bertsoa:

Hasteko agurra, lagunok
ongi etorri, aurrena
egindako lan guztia
ez da hutsaren hurrena
lan eta lan arituta
bide emankor ta zuzena
Egindako ahalegina
denbora, gogo ta dena
Linguae vasconum zabalduz
gure auzoan barrena
gure hizkuntza ez dadin
ibil munduan herrena
Eskertzen dizuet biziki
zuen lana ta kemena
hogeita bost urte betez
Sanduzelai doa aurrera


Eta hartu gogoan: Euskaraz blai, gora Sanduzelai!

2012-02-15

Eduardo Galeano ipuin kontalariez


Ipuin kontalariak,
ipuin kontalariak
bakarrik aritu daitezke ipuin kontaketan elurra ari duelarik.
Ohitura zaharrak horrela agintzen du behintzat.
Ipar Amerikako indiarrek
kontu handia izaten dute ipuinen kontura.
Indiarrek diotenez, ipuin kontaketan
landareak ez baitira hazteaz arduratzen
eta txoriek berek txorikumeak elikatzeaz ahaztu egiten baitute.



 Hitzaren gaineko leihoa, Eduardo Galeano

2012-02-06

Fibonacci-ren banpiroak


1180ko abenduaren 31n, bidaiari misteriotsu bat heldu zen Pisara. Europako Erdialdetik omen zetorren eta norabide jakinik gabe ibiltzen zen hiri batetik bestera. Baina Pisan, bere bide ilunari berriro ere lotu aitzin, bidaiari misteriotsu hark Donatello izeneko gazte bati kosk egin zion lepoan. Hurrengo egunean, eta 24 ordu igaro eta gero —ohiko inkubatze-aldia—, Donatello banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 2an, nahasmen banpirikoaren 24 ordu jakinen buruan, Donatellok berak bere lagun Filippo-ri kosk egin zion, eta, hartara, hurrengo egunean Filippo ere banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 3an Donatellok bere bigarren biktimari kosk egin zion, Lucreziari, eta urtarrilaren 4an, Filippo lagunarekin atera zen ehiza egitera; ordurako nahasmen guztiak gaindituta, kosk egin zioten, hurrenez hurren, Sandrori eta Giuliettari...

Urte batzuk pasatu eta gero, eta behin banpìro-izurritea itzalita —erruki gaitezen irakurleaz eta isilk ditzagun xehetasun zantarrak—, zenbakietara emana bizi zen gazte batek gertaera horiek laburbildu zituen: 1181ko urtarrilaren 1ean, Pisan banpiro bat zegoen, Donatello. Urtarrilaren 2an artean banpiro bakar bat zegoen, ordurako banpirogai bat ere bazegoen arren, ernaldian, Filippo. Urtarrilaren 3an bi banpiro zegoen, eta beste bat gehiago, banpiro izateko bidean, Lucrezia. Urtarrilaren 4an hiru banpiro zegoen, eta beste bi gehiago, ernaldian. Urtarrilaren 5ean bost banpiro zeuden, eta hiru gehiago, bidean. Leonardori, hala deitzen baitzen Pisako matamatikari gazte hori, banpiroen kopuru segida bitxia egin zitzaion: 1, 1, 2, 3, 5, 8…: nahasmen banpirikoaren 24 ordu horiek gabe, zenbaki segida bigarren mailako progresio geometriko bat izango zen (lehen egunean, banpiro bat; bigarren egunean, bi; hirugarrenean, lau..,) eta martxa horretan, aste pare baten buruan edo, ez zen Pisa osoan gizaki arrunt bat ere geratuko. Baina segidaren zenbaki bakoitza aurreko bien batuketa izanik, hazkundea askoz ere geldoagoa izan zen.

Batzuek uste dute Pisako Leonardok, Fibonacci izenez ezagunak alegia, sekuentzia famatu hori asmatu zuela untxien ugalketa erritmoari beha, baina benetan bestelakoa izan zen, eta lerrootan kontatzen ari naizena egiazko historia da. Edo, italiarrek esaten duten gisan, se non è vero è ben trovato. Ederki asmatua, bai, ikuspuntu didaktikotik bederen, zeren aspaldiko urteetan matematika eskoletan untxien ordez banpiroak baliatzen nituelarik, ikasleek askoz arreta handiago eskaintzen zidaten, eta, beraz, zenbaki segida liluragarri horren mamia eta deribazio kontaezin guztiak askoz hobeki ulertzen baitzituzten
Ikasi beharrekoa: matematika irakastea, lehen-lehenik, hizkuntzalaritza kontua da —kontu oro den bezala—, baina metalinguistika kontua ere bada, hau da, kontu literarioa. Ia-ia guztia bezala.


Post scriptum: gustatu bazaizue ipuina, meritua ez da nirea,  Carlo Frabettirena baizik. Zinez, se non è vero è ben trovato.