Duela 7 urte nire olerki batzuk, dozena bat edo, Muxugorri izeneko bilduma batean agertu ziren, blog honetan bertan jaso zenari kasu egitea. Denboraren joanak begiaren memoriak higatzen dituen arren, bilduma horretako olerki batez oroitu naiz. Akrostiko bat zen, senide hil berri zela-eta idatzia.
Orain, duela hiru egun, gure ama hil zaigu, eta haren hutsunearekin bizitzen ikasi beharko dut. Bitartean, duela zazpi urte idatzitako hura berreskuratu dut: aliterazio anitz eta kultismo gehiegitxo duen arren, oraindik orain indar berezia hartu du. Oraindik amaren heriotzaren inguruko zurrunbiloan, hauxe da gorputzak eskatzen didana.
Ustekabean
urrezko urteak urdintzean ulertu duzu
Bizitza
by-pass bihurri bat baizik ez dela
Istant
batean ia-ia ihesi iragan dena.
Sen
ona duzu bidelagun bakarra
Urteek
emandako eskarmentua, aholkulari
Nostalgiaren
nebulosa nahasian ez galtzeko
Tenpus
tiranoaren trena ez baita sekula gelditzen.
Sasi
guzien gainetik eta
odei
guztien azpitik
Memento
oro balia, magikoa bailitzan
Ausaz,
azken-azkena bailitzan.
Sasoian
saia segitzen soilik senari
Ez
egundo etsi, eta edonola eutsi
Maite
duzunari, memento mori malapartatuan
Azken
arnasa ahitu artean.
2015-08-14
2015-08-08
Hiru miru ipuina eta prosa prosodikoa
Atzo, Larralden, Andoni Iturriotz, Auxtin Zamora, Maite Ramos, Mixel Mendiburu eta Ainara Maiarekin
Atzo Senperen izan ginen, Larralden, eta haikuez mintzatzeaz gain, Hiru Miru ipuinaz ere zerbait komentatzeko aukera izan nuen. Komentatzeko, baina, kontu gehiago banuenez, hona hemen atzokoaren osagarria,
Zer idatzi eta nola
idatzi. Idazleak hartu beharreko erabaki bikoitza. Nik baneukan zer
idatzi, baina erabakirik zailena izan zer nola idatzi erabakitzea.
Arrunta izan daitekeen istorio honek zuzen idatzita izateaz gain,
doinu berezi bat behar zuen.
Agerikoa da ipuin
orok zuzen idatzia behar duela, zuzentasun gramatikala conditio
sine qua num dela testu bat testua izan dadin, gramatikalki
correct izan behar duela; baina testu literario batek,
gainera, prosodia ere eduki behar du, eta ez naiz soilik poesiaz ari,
baizik eta prosaz, narratibaz.
Prosaren barneko
erritmoa garrantzitsua da oso, prosaz idatzitakoak ere baduelako
nolabaiteko melodia, nolabaiteko soinua. Izan ere, euskaraz
kontatzearen eta kantatzearen arteko diferentzia letra batean datza,
letra bakar batean baino ez: gure hizkuntzan kontatzea eta kantatzea
elkarren eskutik datoz. Narrazioak idazten ditugunean ere erritmoa,
prosodia atsegingarria, ezinbestekoa da, narrazioa narrasa izan ez
dadin.
Nik prosa
prosodikoa deitzen dudan horretan, idazlearen bihotzaren taupaden
antzera, pultsua egon behar da, agian pultsazioak nabarmen nabaritu
gabe ere, baina dudan sentsazioa da pultsurik gabeko testua testu
hila dela, gramatikalki zuzena agian, baina ez literarioa,
komunikatiboki eskas gelditzen dela.
Idazlearen pultsu
horren arabera ikus daiteke testu artikulatua, ideien hurrenkeraz,
sintaxiaz, esaldiaren barneko ordenarekin batera pultsua behar da.
Transmititu nahi den giroa, sentsazioa, bata ala bestea izan, ez da
soilik lortuko lexikoari esker edota koloreei —adjektiboei—
esker, baizik eta batez ere, tonuari esker, pultsuari esker, eta
horretarako ezinbesteko tresna dugu puntuazioa; ez bakarrik, baina
batez ere, puntuazioari esker.
Hiru Miru ipuina
hartuta, —eta ipuin hori argitaratzean zerbait aurreratu nuen blog honetan bertan— orrialdez orrialde eta beldurrik gabe, baliatutako
puntuazio zeinuen erradiografia egiten baduzu, begi-bistan izanen
duzu ipuinaren barneko artikulazioa, hezurdura guztia, orrialdez
orrialde ipuinaren erritmoa, musika edo prosodia ezartzen duena.
Horretan datza gakoa, eta ez soilik izenburua bi hitz hoskidez egina
delako, ez soilik aliterazioetan...
Lexikoari
dagokionez, sinonimo batzuk ez erabiltzea erabaki dut; hausnartutako
erabakia izan da. Sinonimoak aberastasun iturri izanik ere, batzuetan
norberaren burua goresteko aitzakiatan erabili ohi dira, agian EGA
titulua ateratzeko garaian sinonimoak ikasarazten zizkigutelako...
Gero ikusi genuen sinonimoak ez direla existitzen, erabat esanahi eta
erabilpen bera duten oso sinonimo gutxi daudela... Hitz bikoitzak
badarama bere bizkar-zorroa, eta bizkar-zorro horretan oso karga
ezberdina eramaten dituzten —ustez— sinonimotzat hartzen diren
hitzek.
Ipuin batean ezin
da hitz bat arinkeriaz ordezkatu, zeren bi hitzek esanahi bera
izanagatik —eta hori askotxo esatea da —hitz batek ez du
bestearen luzera bera, edo ez du bestearen soinu bera; izan ere, hitz
bat ordezkatuz gero, erritmoa ere, prosodia ere, aldatu egiten duzu.
Ipuin hau
idazterakoan prosa prosodikoa baliatzean —goian idatzitako dermioa
berriz baliatzearren— balio erantsia eman nahi izan diot ipuinari.
Irakurleak erranen du lortu dudanentz.
Ainara Maia, Odon Noblia eta Auxtin Zamorarekin
2015-07-24
Baratze bat nahi deizut egin
- Pier Paul
Berzaizen bertsioa askoz hobea duk.
Ados naiz
Iparraldeko lagun zaharrarekin. Mikel Urdangarinena ez dago gaizki,
baina ez da jatorrizkoa bezain xarmagarria – eta “jatorrizkoa”
ahoska bedi zuzen, erran nahi baita Euskaltzaindiaren aholkuari
jarraiki, batez ere lagun baxenabartarren belarriak ez mintzeko-
Ados naiz
Donapaleuko lagunarekin, Mikel Urdangarinen zalea naizen arren,
bizkaitarraren disko guztiak —batez ere zuzenekoa— biziki maite
ditudan arren. Hala ere, Pier Paul Berzaizen ahots zoragarria
gailentzen zaio Mikelenari, kantu horretan bederen.
— Baratzean CD
gehiago jarri beharko duk xoriak-eta uxatzeko.
Gure lehengusina
Maribelek, Eguzkitzan bizi denak —hor bai, Estellerrian—
plastikozko poltsak jartzen omen ditu makilei atxikirik. Horrela,
nahikoa, omen.
Nik diskoak nahiago.
Diskoak birak ematen ditu eta eguzki-islekin txoriak ez dira
etortzen; omen.
CD disko zaharrak
jarriak ditut baratzean, tomate-landareen makila batetik beste batera
sokatxo bat lotu, eta erdian CD zaharrak kulunka, eguzki-galdatan. CD
zahar horietarik batean ikusten da artistaren izena: Mikel
Urdangarin. Eskerrak segurtasun kopia egin nuela eta Mikelen ahots
zirraragarria ez den galduko.
Azula disko
hori gure seme Unaik eman zidan duela pare bat urte opari nire
urtebetetzearen kari, espero ez nuen eta biziki eskertu nuen oparia.
Maleruski, behin eta berriz entzunez arazoak ematen hasi zen;
segurtasun kopia egin eta jatorrizkoa hemen dago orain, txoriak
uxatzeko tresnatzat, txorimaloarena eginez.
Mikel Urgangarinen
Baratze bat nahi deizut egin bertsioarena horren harira atera
du Iparraldeko gure lagunak. Tomateei, lekei, tipulei, letxugei eta
patata-landareei baino, arreta handiagoa ari zaie jartzen zintzilik
dauden CD zahar hondatuei.
— Hara, Ruper
Ordorikaren disko bat! Hik biziki maite duk, ez?
Baiki, Durango iazko
azokan Ruperekin berarekin egindako argazkia, horren adierazgarri.
Eta duela bi urte Zizur Nagusiko entzunaretoan eman kontzertuaren
ondorengo argazkia, ere bai.
— Hi, baina hau
ere jatorrizkoa duk: Memoriaren mapa
Ruperren diskografia
guzti-guztia badudala aitortzen dut, disko zaharrak era bai, Hautsi
da anphora mitikoa barne, Atxagaren Etiopia
poema-liburutik ateratako olerki hunkigarriak oinarritzat hartuta
egina.
— Hik nola nahi
duk xoriak uxatu hain musika ona jarrita?
Barre egin dugu,
gogotik egin ere. Baratzetik haratago, mendiaren berdeak, nagusi
inguruan. Haritzak, eta pagoak, eta makalak, eta izeiak... bakoitzak
badu bere berdea, denak ezberdin. Baratzearen berde ezberdinak ere,
begien aurrean, eta haiekin bat eginik, Mikel Urdangarinen eta Ruper
Ordorikaren kantu ederrak.
Norberaren baratzea
bezalakorik ez dago.
2015-07-12
Hartu euskararen tre(s)na
Sanferminenetako asteburuaren atarian, Bartzelonatik Iruñeraino
etortzen den trena jendez lepo zetorren. Turisten eta bidaiarien
artean, hemengo bi lagun euskaldun, etxera bueltan. Expreso de
Levante delako tren zaharraren konpartimentuak ez dira oso
handiak, eta oporretatik bueltan zetozen lagun euskaldunak estu eta
larri gelditu ziren txinatar itxurako gazte andana bat sartu zelarik
berez birentzat txikia den konpartimentura. Zenbat ziren? Sei, zazpi,
dozena bat? Txinatar itxurako gehienek zapi gorria zeramaten lepoan,
eta algaraka ari ziren, helmuga zuten Iruñeak eskainiko zien jaiaren
atariko, kalaka ulertezinean, eta gero eta ozenago oihukatuz. Giro
beroak, gainera, ez zuen batere laguntzen, eta txinatar itxurakoen
irri-karkailak eta estutasuna, jasangaitzak.
Konpartimentu txikiaren ertzetik, etsipenaren adierazgarri, lagun
euskaldun batek zera esan zion besteari: “Txinatar hauetaz
nazkatuta nago”. Ordura arte isilik egondako txinatar itxurako
batek, zapi gorria ez zeraman bakarrak, hauxe esan zion
poliki-poliki: “Ez dira txinatarrak, korearrak baizik. Ni
japoniarra naiz, eta euskara ikasi dut Tokioko unibertsitatean”
Sanferminenetako asteburuaren
atarian, aurtengo uztailaren 10ean, Bartzelonatik Iruñerainoko bidea
oso-oso luzea egin zitzaion hemengo lagun euskaldun horri; Zaragoza
parean gertatu zitzaion hori, eta trena poliki-poliki mugitu zen
Castejoneraino, eta gero Tafallaraino, harik eta Iruñera, azkenik,
heldu zen arte. Niri gertatu izan balitzait, Tuteran jaitsiko
nintzatekeen.
2015-07-04
Udako haiku bat
Oporraldia hasita, uda sargoritsu honetako lehen haikua; eta ez dadila azken izan. Izan ere, haiku hau ez da berria, iazko udan sortua baizik.
Nolanahi, orain ekarri nahi dut lerrootara HELAren Hojas en la Acera haiku-aldizkariaren ekaineko zenbakian argitaratu berri dutelako, gaztelaniara itzulia eta guzti.
Haikuen gaineko jakin-minik baduzu, ez galdu aldizkari hori.
Subscribe to:
Posts (Atom)





