2023-03-21

Poesiaren Nazioarteko Egunaren kari, poema bat Euskalerria Irratirako

Urteak joan, urteak etorri  


Urteak ez datoz, ez doaz 

berez ez datoz inondik 

eta ez doaz inora 

norberaren bizkarrean pilatzen dira 

elkarren gainean meta bat eginda 

urte batek beste bati jarraiki 

bizitzaren katebegiak urtetik urtera 

pisutsuagoak baina, oro bat, 

zaharrago eta zuhurrago bilakatuta.

Ordurako deuseztatzen ez zaituenak 

urteen poderioz 

sendoago bihurtzen zaitu. 

Izan ere, olerkarientzat ez dago ez arorik,

 ez garairik 

papera eta idazluma 

baino ez.





2023-02-25

SEADen aldarrikapenaren 47. urteurrenaren karietara



Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zela 47 urte beteko dira hilaren 27an. 1976ko otsailaren 27an Mendebaldeko Sahara Herri bat izanik eta indar arrotzen inbasioari erantzuna emateko, Independentzia xede eta helburu zelarik SEAD sortu zuten.

Hori horrela, urte hauetan guztietan zehar SEAD errealitate nazionala izan da eta bada, errealitate ukaezina. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak jakin izan du, oso baldintza gogorretan, estatu bat eraikitzen, burujabe maila orotan.

Saharako estatua herriaren partehartze zuzenarekin eraiki dugu eta eraikitzen ari gara, eta Fronte Polisarioaren kongresu iragan berria partaidetza horren erakusgarri izan da; Saharako Herriak berak eraikitako estatua, mundu osoko errefuxiatu kanpamentuetan bizi direnen esperientzia bakana eta bakarra izan delarik

Nazioartean 84 herrialdek onartzen dute Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, eta herrialde horietako asko eta askorekin harreman diplomatiko normalizatuak dituzte.  Mendebaldeko Sahara Afrikako Batasunaren estatu sortzailetariko bat da, eta egon badago Parlamentu Panafrikarrean eta bere instituzioetan ere. Kontinente afrikarraren hitzordu garrantzitsu guztietan  egoten da, baita nazioarteko beste mailetan ere, adibidez, Europako Batasunarekin.

Mendebaldeko Saharan garai batean espainiar izan ziren horiek eta beren ondorengoek eraikitako estatua da, Espainiak abandonatuak 1975ean eta orain, Pedro Sanchezek traizioa eginda, berriz ere abandonatuak, nazioarteko legediei muzin eginda, justiziari iseka eginez, Saharako Herriaren nahiari erreparatu gabe, harreman historikoak ahazturik eta saharar gehienen borondatea kontuan hartu gabe. 

Hala ere,  gaur SEADen errealitatea ospatu egiten dugu, baina era berean, Espainiako Gobernuko kideei eskatzen diegu traizioaren bidea bazter dezatela eta onar dezatla SEAD errealitate ukaezina dela , eta sahararren nahimena eta beharra dela aske izatea.

Ustezko ezkertiarrak diren Espainiako sozialistak, XXI. mendean, Marokoko erregimen ustel eta diktatorialarekin bat eginda ikustea guztiz lotsagarria da.  

Amaitzeko, argi eta garbi adierazten diogu Pedro Sanchez, Felipe Gonzalez, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Bono, Maria Antonia Trujillo eta Juan Fernando Lopez Aguilar jaunari:

Inork ez du Mendebaldeko Sahararen geroa erabaki behar, sahararrek izan ezik; sekula ez!


SAHARA EZ DAGO SALGAI!















2022-12-12

Hitzen hasperenak olerki liburuaren haritik

 



Durangoko Azokaren Ahotsenean eta Hitzen hasperenak olerki liburuaren kari, literatur solasaldia izan dut Sabin Oregirekin. Izan ere, Pandemiak ezarritako itxialdiaren alde positibo bat, positiborik bada, denbora gelditu egin zela izan zen, egunerokotasunaren etenaldi horrek sormenari leiho bat zabaldu ziolarik. Sormena zerbait berri egiteko, olerki  berriak idazteko eta jasota geldi daitezen denbora geldirik zelarik. Agian ez legoke gaizki egitea ikerlan bat, jakiteko ze-nolako ekoizpen oparoa eman den euskal liburu eta disko-gintzan pandemiaren ondorioz eta ondoren; horra hor, unibertsitateko ikasle bihoztoi batentzako proposamena.

 

Baitezpadako itxialdian taxututako olerkiak dira Hitzen hasperenak bildutakoak, haatik bizi-biziak, bizitza bezalako testu anitzak eta askotarikoak. Eta bizitzan bertan bezala, badira hasperenak sortzen dituzten egoerak eta bizipenak, eta horixek ditut liburu honetan bildu. Irakurleak, beraz, olerki hauetan arrosak eta arantzak aurkituko ditu, itxuraz arrosa gehiago arantza baino, baina bata eta bestea lotuta doaz uztarri berean, ez baitago arantzarik gabeko arrosarik, arantzak eta arrosak txanpon beraren bi aurpegiak direlarik.

 

Bizipenak aurkituko ditu, beraz, irakurle begi-zoliak, eta poemen osagarri, Maite Ramos Fernandezek egindako irudi bereziak, akuarela eta tintaz egindako irudi bereziak.

 

Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharretaren proposamen bati jarraiki egindako irudiak dira eta, batzuk lehendik idatzitako olerkiei begira eginak dira; beste irudi batzuk, aldiz, ez zetozen bat  eta, hori horrela, poemak a posteriori idatzi behar izan ziren irudiaren haritik; erronka polita olerkariarentzat...

 

Hitzen hasperenak edo hitzen suspirioak; izan ere, poesiak horretarako balio du, alegia, hitzak hartu, harilkatu, jolastu eta bertzenaz esaten ezin direnak adierazi.






2022-11-19

Su hatsa Senpereko Mediatekan

 Nehor ez omen da profeta bere sorterrian, horixe dio erranairuak, baina oraingo honetan bederen, Auxtin Zamora senpertarrak merezitako omenaldia eta begirunea jaso du Senperen bertan, Su Hatsa izeneko erakusketa bertan ikusgai delarik. 


Aluminio urtuaz egindako irudien bilduma ikusgarria estrainekoz ikusteko parada izan genuen bertaratu ginenok. Erran gabe doa, lagun zaharrak berriz elkartzeko topaleku atsegina bihurtu zen Senpereko Mediateka eder askoa. 





  

2022-10-18

Kurrikulua idazten

Wislawa Szymborska poeta poloniarra lantzean behin agertu ohi da kaier digital honetan. Oraingoan ere bai, haren poema bat baliatu baitut Emakumezko Idazleen Egunaren kari bart egin errezitaldian, Iruñeko Civican-en ospatutakoan Nafar Ateneoaren ekimenez. 

KURRIKULUA IDAZTEN

Zer egin behar da?

Eskabide bat aurkeztu

eta kurrikulua erantsi.

 

Bizitza luzea izan ala ez,

kurrikulua laburra izan behar da.

 

Zehatza izatea eta datuak aukeratzea eskatzen da

paisaiak helbide bihurtzea

eta oroitzapen lausoak, data zehatzak.

 

Amodio guztien berri ematea ez, nahikoa ezkontidearena.

Seme-alabak: soilik jaio direnak.

 

Inportantea da nork ezagutzen zaituen, ez nor ezagutzen duzun

zuk.

Bidaiak, soilik atzerrira egindakoak.

Militantzia zertan bai, baina ez zergatik.

Dominak, merituak aipatu gabe.

 

Idatz ezazu zeuren buruarekin inoiz hitz egin izan

ez bazenu bezala

zu eta zeure buruaren artean beharrezko tartea utzi

izan bazenu bezala.

 

Utzi zuritan txakur, katu eta txoriak,

oroitzapenez betetako huskeriak, lagunak eta ametsak.

 

Prezioa garrantzitsua da, ez balioa.

Titulua interesekoa da, ez edukia.

Zapata-zenbakia, ez nora doan

nor suposatzen da zarena.


Erantsi argazkia belarria agerian utzita:

itxura kontuan hartzekoa da, ez belarriak entzuten duena.

Zer entzuten du?

Papera txikitzeko makinen zarata