2024-05-02

Erromanikoaren Printzak erakusketa


Gaurgero zabalik da Iruñeko Kale Nagusiko Plazara gunean Maite Ramos Fernandez margolariaren erakusketa interesgarri bat, Erromanikoaren Printzak  Nafarroan izenekoa. Tinta, akuarela eta harria uztartzen dituen pintura-lanetan agertzen dira, besteak beste, Nafarroako Erromanikoaren adibide eder batzuen Maiteren interprestazioak, besteak beste Artaitz eta Eusa; merezi du, merezi duenez.  

Milurteko bat ia-ia iraganda ere, harria mintzo zaigu oraino, abantzu entelegatzen ez dugun mintzaira batez; baina hor diraute garrasika irudiek isiltasun ozenaz — eta barka biezat irakurleak oximoron errazegia—... Ikasi behar da aditzen! 






2024-04-24

On Kixote Mantxako, Liburuaren Egunaren kari

 Liburuaren Egunean On Kixote Mantxakoaren pasarte bat jendaurrean irakurtzeko ohitura dago Nafar Ateneoaren babespean, iaz ere antzeko ekitaldi batean egin genuen gisara. Aurten ere, euskarak izan du bere tokitxoa ekimen horretan, eta bertan aritu garen Irune Txurruka, Inés Castiella eta hirurok. 


Hona hemen nik irakurritako pasarte laburra, Cervantesen klasikoaren bukaerako zati txiki bat, non hil hurren ohean datzan protagonista mintzo zaigun:

— Dezagun albiste on, ene jaunok: ni gaurgero ez nauzue On Kixote Mantxako, Alontso Kixano baizik, nire izengoitiz “Ona” esaten zidatena. Hona, Gaulako Amadisen eta bere ondorengo ugari-ugari guztien etsai eta arerio egina nago, egun eta eguzki, gaur eta gaurgero; zalduntza ibiltariaren kondaira munduzale guztiak, honez gero, higuin ditut, nazka ematen didate; ikusten dut ikusi bai nire buru-galtzea eta zeinbaterainoko galzori latzetan egona naizen, liburu horiek irakurriz eta irakurriz; gaurgoiti, bai Jaungoikoaren errukiagatik bai eta neronek ikus-ikasiari esker ere, gaitzesten ditut orain eta gerorako guztian.




 


 


2024-03-21

Arteari buruzko zure predikua pikutara, gure jendea hiltzen ari delarik

Poesiaren Nazioarteko Eguna den honetan, Noor Hindi olerkari palestinar-iparamerikarraren poema bat, Palestinaren alde Txantrean egin poesia-emanaldirako euskaratua:  Arteari buruzko zure predikua pikutara, gure jendea hiltzen ari delarik



Kolonizatzaileek loreei buruz idazten dute

Nik hitz egiten dizut Israelgo tankeei harrika egiten dieten umeez,

bitxilore bihurtu baino segundo batzuk lehenago.

Ilargiaz kezkatzen diren poeta horien antzekoa izan nahi dut.

Palestinarrek ez dute ilargia ziegetatik eta espetxeetatik ikusten.

Bai ilargi ederra.

Bai lore ederrak.

Aita zenarentzako loreak beltzen ditut goibel nagoenean

Bera egun osoa Al Jazeera telebistari begira.

Jessicak Ramadana zoriontzeko mezuak bidaltzeari utziko ahal dio.

Badakit iparramerikarra naizela zeren eta gela bat zeharkatzen dudanean zerbait hiltzen da.

Heriotzari buruzko metaforak poetentzat dira, mamuei soinua interesatzen zaiela uste duten poeta horientzat.

Hiltzen naizenean, zin degizut betiko jarraituko dizudala.

Egunen batean loreei buruz idatziko dut haien jabe bagina bezala.

  



2024-03-16

Korrikaren omenezko sonetoa

Soneto baten bidez nik azaldu nahiago 

Iruñean sortua, euskara ikasi, euskaldun berria 

euskara entzutean, ezpainetan irria

harrokeriarik gabe, baina harro nago 


Aurreko korriketan jendetza txikiago

baina euskal Pirinioan, bizi Herria! 

jadanik populuak hartu dio neurria

bertan bildu gara sekula baino gehiago


Eta inoiz baino gehiago jende euskaldun

euskara dakiena behintzat da euskara dun

Korrikak balio beza gehiago mintzatzeko


Euskaraz egiteko norbera da ahaldun

nork bere mailari eutsi baino, hobetzeko

euskaldun bagarelako harro agertzeko


Herriak ez du behar erdarazko epika 

euskaraz bizitzeko harro herri Korrika




2024-02-21

Baina... Saharako umeak eskolara joaten dira?

 Saharako Kabiak elkartearen eskutik egin ohi ditugu hitzaldietan Bubisher proiektuaren berri emateko, eta lantzean behin gertatu zaigu entzuleen galderen tartean halako bat jasotzea, harriduraz bustiriko galdea: “Baina… Saharako umeak eskolara joaten dira?”


Eta  honako hau ere: “Umeek bizitza normala egiten al dute?” Bistan denez, normala zer den eta zer ez, nondik begiratzen den, —izan ere, zeri deritzo bizitza normala— baina, nolanahi, galderaren haritik tiraka, gordetako kezka da ea Saharako umeak eskolara joaten diren. 


Egun, eta batez ere errefuxiatu kanpalekuetako zutabe izan den emakumearen lan eta kemenari esker, hezkuntza-sarea antolatuta dago eta, oztopoak oztopo, ibili dabilen hezkuntza-errealitatea dugu; ahalegin handi horri esker Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren analfabetismo  tasa 0 da, Afrikako beste edozein herrialdetan atzemanezinezko ametsa. Izan ere, hasieratik beretik SEADen xedea izan da eta oraino bada gazte sahararrak hezitzea ahalik eta hobekien; horretarako, wilaya bakoitzak badu eskola eta institutu sarea, eta, iragan den urriaz geroztik Aaiunen zabaldu den Pilar Barden liburutegiari esker, wilaya bakoitzean ere bibliobus bana eta baita liburutegi bana ere badute: Bubishser proiektuari esker, SEADen liburutegi sare nazionala osatu eta martxan da dagoeneko. 



Oro har, hezkuntza mintzagai delarik ohikoa izaten da metodologia-alderaketak egitea. Orobat, ohikoa izaten da konparazioak egiteko lehengo garaietara jotzea, iragan hurbilera zein iragan urrunera, Hori horrela, “garai zaharretan” kontu ziurtzat jotzen da umeak hobeki prestatuta ateratzen zirela eta, era berean, maisu-maistra zein irakasleok hobeki tratatzen gintuztela, begirune handiagoz bederen. 


Hausnarketa, oldozpen eta pentsakizunetan murgilduta, akordura datorkit Morgan Weisthing margolariaren artelan bat, Far West-eko garaiko ikasgela baten irudi zoragarria, non maistra gazte ekina, liburu bat eskuan, ozenki irakurtzen duen lezioa ikasleez ingurutua; ez dakigu zer ari den irakurtzen, literatura den edo —probableagoa dena— usadio eta ohitura onen gaineko irakurgai moralista bat den. Nolanahi delarik ere, Country Schoolhouse, 1879, irudi eder horrek balio beza eskola tradizionalaren jardunaren erakusgarritzat.




Mendebaldeko jendartean, eta ez soilik Mendebaldeko Urrunean, maisu eta maistrarekiko begirunea handia zen, zertan uka, eta gelan zein ikasleri ez zitzaion burutik ere pasatzen gaur egun gertatu ohi diren jarrera disruptibo zenbait egitea —batzuk are bortitzak—; baina ez gaitezen engaina, jarrera eta jokaera disruptiboak, Morgan Weisthing-ek margolanean jaso bezala, orduan ere egon, bazeuden, finagoak edo sotilagoak nahi izatera, baina disruptiboak: ikasle bat beste bati papertxo bat mahaiaren azpitik pasatzea ezkutuan, aulkitik jaikitzea “ez-dakit-oso-ongi-zertara” joateko, saioan zehar papiroflexiaz artezki egindako kurrilo baten hegoei eragitea maistrari soraio; edo, besterik ezean, leihotik begira saio osoa ematea, txoriei edo hodeiei beha.


Aitzitik, maisu-maistren lanari begirunea gordetzea ez da iragan garaietako kontua Saharako jendartean, Mendebaldean ez bezala. Saharan oraindik balioetsi egiten da maisu-maistren lana, gurean ez bezala, maisu-maistren heziketa-lana, kultura eta trebakuntza askatasun hazia direlakoan. Sahararrek gordetzen dute euren baitan giltzarri bat, eta giltza hori da herri jantzia izan beharraren kontzientzia, herri jantzia askatasun hazia delako. Izan ere, sahararrek badakite seme-alaben hezkuntza ez dela bikote baten apetaren araberako bikote horren proiektu hutsa, baizik eta Saharako jendarte osoaren konpromisoa eta erantzukizuna dela hezkuntza. 


Guk ere Saharako maisu-maistra horiei gure aitorpena egin nahi diegu lerro hauen bidez, zeren eta baliabidez urri, baina kemenez urre, lanean ari dira gaur ere, lerrook idazten ari naizelarik: Saharako arbelak zaharrak diren arren, batzuk puskatuta egonik ere, hemen baztertutako aulki eta mahaiak berrerabiltzen dituztelarik, kristalik gabeko leihoetatik hotza ala beroa, —urtaroa zein den— sartzen zaielarik eskola ematen duten bitartean… Eta gai dira irakasteko, eskola emateko, lezioa emateko gaurko ume horiek egun batean izateko ingeniari, sendagile, abokatu, kanpo harremanetarako aditu, liburuzain edo erabakitzen dutena erabakitzen dutela izan daitezen.



Bai, Saharako umeak eskolara joaten dira; eta liburutegira eta bai!