Derryko lagun irlandar baten mezua jaso dut. «Bateragune auziaren»
epai bidegabearen oihartzuna Irlandaraino heldu da. Arnaldo Otegiri eta
Rafa Riezi hamarna urte; Arkaitz Rodriguezi, Miren Zabaletari eta Sonia
Jacintori, «bakarrik» zortzina. Bakarrik? Erraz da esaten.
Lagun irlandarra suminduta zegoen, amorratuta, eta kontatu dit
Liverpoolen futbol partida bat ikusi behar zuela telebistan, eta partida
hastear zela, ohi den bezala,
You'll never walk alone kanta entzun
zuela.
Abestia aditu ahala, Derryko lagunari gogoa joan zitzaion Arnaldo
Otegi dagoen Espainiako espetxeraino. Eta abesti horren indarra
Arnaldori eta beste lagunei helarazi nahi ziela aitortu zidan Derrytik
Espainiako espetxeetaraino:
Ekaitzaren barna zoaztela
Ez burua
makurtu
Eta ez izan iluntasunaren beldur
Ekaitzaren ostean dator
zeru urdina
Eta hegatxabal baten zilarrezko kantu goxoa.
Segi aurrera,
haizea gorabehera, segi aurrera, euria gorabehera,
Nahiz eta zuen ametsak zapuztu.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean,
Zeren sekula ez zarete bakarrik ibiliko.
Sekula ez, sekula ez zarete bakarrik ibiliko.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean,
zeren sekula ez zarete bakarrik ibiliko,
Sekula ez, sekula ez zarete bakarrik ibiliko, Arnaldo, Rafa, Arkaitz, Miren eta Sonia.
Eta abestia bukatutakoan,
Basque friends gogoan eta begiak malkotan
zituela aitortu dit Derryko lagunak, amorrazioaren malko garratzak
masailetatik beheti.
Baina Irlandan ederki dakite gaurko malkoak biharko irriaren
atarikoak direla. Bobby Sandsek ederki adierazi zuen: «Gure mendekua
gure seme-alaben irria izanen da». Atzo Irish Republican Army-ko
komandante zena, Derryko Martin McGuinness, gaur egun
Irlandako presindentegai dugu. Derryko nire lagunak ez daki, baina iragan den
larunbateko manifestazioan jendetzak «Otegi lehendakari» oihukatzen
zuen.
Lagun irlandarraren mezua horrela bukatzen zen:
A chara, tiocfaidh
ár lá. -Kamarada, gure eguna helduko da-. Otegik berak ere argi
adierazi zuen epaiketaren bukaera-bukaeran: «Inork ez dezala utz
abiaturiko bide hau, irabaztera goaz eta. Irribarre egin dezazuela da
eskatzen dizuedana, irabazi egingo dugulako».