2010-01-22

Blog ahantziaren berpizkundea

Nire lagun batek dioenez, hiru hilabetez sarrera berririk gabe dagoen bloga blog hila da. Neronek badut, irakurtzen ari zaren bitakora honetaz landara, Iraganaren Bidea izeneko bloga. Blog hori EIBZn usu eman eta ematen dudan ikastaro batzuen osagarria da eta, hori dela zio, lantzean behin baizik ez da bizirik izan.

Ez dago bitakora ahantzia, baztertua, zokoratua eta bertan behera utzia baino kontu tristeagorik. Oximoron batekin esanda, bitakora abandonatuen isiltasun ozena baino kontu hitsagorik ez dago:

Isiltasun izugarri hori urratu nahian, erdi-hilik zegoen nire blog hori berpiztu nahiz, Iraganaren Bidean izeneko blogean Ipuinlari perfektuaren dekalogoa jarri dut, Horacio Quiroga-k egina eta Jesus Maria Mendizabalek, Bizargorrik, euskaratua.

Blog honetan bertan jar nezakeen dekalogoa, neholako arazorik gabe jarri ere, aurrekoan Mario Benedetti-ren Hizkuntzalariak ipuin hiperlaburra jarri nuen gisara, baina egokiagoa iruditu zait bestela egitea beste blog hori biziberritzearren .

Ikus daitekeenez, Uruguaiko idazleak maite ditut nik: klasikoak ez ezik, garaikideak ere. Gaur Egun, Montevideoren erdigunean bertan, Mercado de la Abundancia delakoan, Casa de los Escritores de Uruguay duzu: hitzaldiak, ikastaroak eta beste jarduera zenbait antolatzen dituzte eta, batez ere, idazleen topagunea da. Asko ikasi dut nik Uruguaiko idazleengandik...


Argazkian duela gutxi arte elkarteko presidente izan den Dina Díaz-ekin.

No comments: