2011-02-26

Gero eta gutxiago falta da

Gero eta gutxiago falta da Korrika-rako. Apirilaren 7an TrebiƱutik abiatu, eta 17an Donostian bukatuko da. AEKn euskara ikasi eta irakatsi dugunontzat -horiek garaiak, horiek!-, ezinbesteko mugarri dugu Korrika.



Berriozarretik, agidanez, ordu txikitan pasatuko omen da aurten... Alabaina, giroa hasi da berotzen Berriozarren. Beheko argazkia loro irribarretsua ezizenez ezaguna den lokalaren inguruan egina da.

Ez dut inor zapuztu nahi, baina bi urtean behin egiten den euskararen aldeko ibilbide zoragarri honen ingurumarian, halako zapore gazi-gozoa gelditu ohi zait. Izan ere, badira gure herri honetan bere burua abertzale eta euskalduntzat jotzen duten hainbat lagun, euskaldun izanik ere erdaraz baizik egiten ez duena eta, Korrikan parte hartuta, bere burua zuritzen duena. Euskararen alde, egon, badaude; egon euskal aditzak daukan esanahirik hertsienean. Egon bai, baina egin, ez dute euskaraz egiten, nahi ez dutelako.

Ez dut izenik erranen, baina Korrikaz Korrika ikusten dut parte hartzen dutela zenbaitek, ez dakit zenbat kilometro egiten dutela euskararen alde... egunerokoan erdaraz aritzen direlarik jo ta su. Eta urteak aurrera doaz, eta 20. korrika helduko da, eta Urliak jarraituko du espainolez hitz egiten egunerokoan, nahiz eta Korrikan nik baino askoz ere kilometro gehiago egin...

Euskararen alde egotetik euskaraz egitera eman behar da jauzia. Izanez ere, gure hizkuntza maitatzeko modurik ederrena, euskaraz egitea da. Tipi-tapa, tipi-tapa...

No comments: