2011-05-18

Nire ahalegin ororen saria, gure Aberria Espainiatik aske ikustea



Gaur, maiatzaren 18a, berrehun urte betetzen dira Uruguaiko Las piedras herrian, Espainiarrek jasan zutenetik lehen porrot militarra Ameriketan. Espainiako Inperioaren hondamendiaren hasiera baino ez zen izan, baina ordura arte garaiezintzat hartzen zen armada espainola menderatu zuten: Montevideotik gertu dagoen Las Piedras herrian José Posadas espainola garaitu zuten José Gervasio Artigas-en indar iraultzaileek.

Maiatzaren 18an, bi armaden arteko bataila goizeko 11etan hasi zen. Artigas-ek lortu zuen mila laguneko gudaroste bat osatzea, baina Posadas kapitainak 1.230 soldadu zeukan agindupean; gainera, soldadu espainolak profesionalak ziren, eta garai hartako kanoi eta fusilik modernoenez horniturik zeuden. Artigasen jarraitzaileak, aldiz, landa gizonez eta desertorez osatua zegoen. Artigasek indarrak banatu zituen hiru zutabetan espainolak inguratzeko. Kanoiak erpinetan jarrita, Espainiako Erret Koroaren armadak hiruki bat osatu zuen; halere, Artigasek inguratu eta espainolek amore eman behar izan zuten arratseko 5etan. Espainiako Erret Koroaren tropak azpiratuta eta José Posadas gatibu hartuta, José Gervasio Artigasek esan zituen hitz ospetsuok: “Senda itzazue zaurituak eta erruki zaitezte garaituez”.

Uruguaiko heroi nazionalaren hitzak ikasten dira oraindik ozeanoz beste aldeko eskoletan. Uruguaiko hainbat eta hainbat herritako erdiguneetan ikus daitezke On José Artigas-en estatuak; goiko argazkikoa, Pando herriko plazakoa dugu. Artigas, Herri Askeen Babeslea, argi eta ozen mintzo zen: "Ni ez nago salgai, eta nire ahalegin ororen saria gure Aberria Espainiatik aske ikustea izanen da”. Esan zezakeen ozenago, nekez garbiago.

Horregatik ez da kasualitatea izan diasporako euskaldunek ospatu izana aurtengo Aberri Eguna, Montevideon, aurresku bat dantzatuz Artigasen zaldizko eskulturaren begiradapean; Nafarroaren bandera gorria, Independentistak sarearen berdea eta Ikurriña zuri-gorri-berdea, Independentzia plazan. Zaldizko eskulturatik, On José Artigasen esaldi ospetsuenaren oihartzuna aditu zitekeen. “Besteengandik ez, geuregandik baizik ezin dugu ezer espero”. Indarrak bildu eta aldaketak eragiteko tenorea heldu da.

Iraganari begira, bai, baina etorkizuna eraikitzeko. Egia da, gaur egun, Euskal Herria burujabe izatearen alde gaudenok ez dugula zertan oinarritu gure aldarrikapena soilik historian eta arrazoi historikoetan. Baina historian gertatu eta ezkutatu dizkigutenak ongi ezagutzeak lagunduko digu etorkizuna hobeki eraikitzen.

Garai berriak Euskal Herrian. Garai berriotan kemena eta adorea beharko dugu aitzina egiteko. Horregatik ez dago sobera, amaitzeko, Artigasen beste esaldi bat lerrootara ekartzea: “Gogoan izan zoriontasunaren sekretua askatasunean dagoela eta askatasunaren sekretua kuraian datzala."



No comments: