2011-08-27

Bide ertzean


Uda honetan bete dira 75 urte militar espainolak matxinatu zirenetik legezko errepublikaren aurka. Uda hartan ere busti ziren soroak, bide ertzeak eta bazterrak, odolez busti baina. Haatik, frankisten ondorengoek ez dute damurik erakutsi beharrik, antza, ezta barkamenik eskatzeko asmo zipitzik ere.

Bide Ertzean taldeak kantatzen duen gisara, “Nafarroako galsoroetan, ozen mintzo da isiltasuna”, gure etxetik egunero ikus dezakegun Ezkabaren inguruko isiltasun ozena bezain zalapartatsua. “Saminak ez du atseden hartzen, desagertuen etxean bederen. Non ote dira jakin nahi nuke, oroimenaren krabelin gorriak. Non ote diren jakin nahi nuke. Gure hilotzek lur gainean, erein zuten libertatea.”

Laster izanen dira Berriozarko jaiak eta Bide Ertzean taldea etortzekoa da jaietako azken egunean...

Ezkaba mendiak badu gorderik, oraindik ere, hainbat gorri hilotz eta hainbat hilotz gorri, Olentzeroren etxolatik gertu, hor nonbait... Biolentzia eta biktima hitzak higatu dituzten horiek datozela pala bana eskuan hartuta botilen hilerriko indusketetan laguntzera. Eta biktima guztiak -baina guzti-guztiak-aintzat hartuta, betor udaberria, bai, irailean izanik ere!


No comments: