2012-01-30
20 urte kartzelan
Nahi baino urte gehiago daramagu presoen eskubideak aldarrikatzen: urteak, presoen aurkako neurriek senideengan dituzten ondorio larriak salatzen; urteak, estatu espainiar zein frantsesari, beren legea betetzeko eskatzen. Oraindik, ez Madrilek, ez Parisek, ez dute egoera berriaren neurriko urratsik eman: presoen dispertsioak bere horretan dirau; senideek hamaika kilometro egiten jarraitzen dute; hamarnaka euskal presok, Parot doktrinaren ondorioz, hil arteko zigorra betetzen jarraitzen dute; eta gaixotasun larriekin dauden hainbat presok baldintza kaxkarretan jarraitzen dute.
Ruper Ordorikak kantuz diosku: “Zure onenean ez zaudenean desiratzen iragan dadin eguna, entzun nahi zenuke mundua biltzen duen oihartzuna. Mundua biltzen duen oihartzunak den guztia edertzen du, lehorra eta itsasoa, argia eta iluna”
Mundu bat bildu ginen urtarrilaren 7ko Bilboko manifestazioan. Eta 110.000 lagunen ahotsen oihartzuna oraindik ez da itzali. Eta urtarrilaren 7koa abiapuntu baizik ez da. Zilegi eta ezinbestekoa da Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua exijitzea, hala nola dispertsioaren amaiera, eta preso guztien Euskal Herriratzea, baita gaixotasun larriak dituzten presoak eta zigorra beteta dutenak ere askatzea.
Nazioarteko adituen adierazpena ezin argiagoa da: “Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin”.
Izan ere, munduan eman diren prozesu politiko anitzetan bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio. Myanmarren, laugarren amnistia eman berri du Gobernuak eta 651 preso askatu ditu oraingo honetan, prozesua bultzatzeko; Nazio Batuen Erakundeak txalotu egin du neurria. Orobat, hemengo prozesuan ere parte izan behar dute, ziklo bat behin betikoz ixteko eta etorkizunean aske eginen gaituen ziklo berria zabaltzeko.
Anitzen arteko bat, Karlos Apeztegia nafarra; gaur betetzen dira 20 urte hartu zutenetik Iruñeko Irritzi dorrean: 20 urte gatibu, etxetik 1000 kilometrora. Orain, Cadizen, Puerto IIn; lehen, Huelvan, baina baita Puerto IIIn, Malagan, Melillan, Valdemoro, Granadan eta Herreran. 20 urte hauetan zehar bildu ditudan bere eskutitzak altxorrak dira niretzat, eta duintasuna zertan datzan erakutsi didate haren eskutitzek. Bihoakie Bego emazteari eta Iraitz alabari, hala nola Jaime eta Asun gurasoei, musu handi bana, eta jarrai dezagun etxerako bidea egiten: egoera hau errotik aldatzeko eta atzerapenik gabeko urratsak emateko garaia da.
Eta Ruperren kanta, gogoan: “Mundua biltzen duen oihartzuna osatu nahi luke kantuak, nola milaka izarren argitasunak osatzen duen zerua. Gerezi alaietako egunetan, amets gaiztoetako gauetan, lagun leiala duzu munduan biltzen duen oihartzuna.”
“Euskal presoak...” 110.000 ahotsen oihartzunak ihardespena dakarkigu atzera:”etxera!”
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment