2012-04-04

Hipopotamoak

 Aitortu nuen lehengoan, gazte eta berde nintzen garaian Félix Rodríguez de la Fuente mitikoaren telesaioak biziki maite nituela. Orain, nahi baino urte gehiago ditut, eta jadanik ez gazte, ez berde izanik, haurtzaroko kontuak lantzean behin agertzen zaizkit, temati, ahanzturaren amildegitik beheiti laprast egin nahi ez duen heroi setatsu baten antzera. Lehen, telebistaren aurrean eta sofan etzanda nire kirol gustukoenak —besaulking eta zapping—  praktikatzen ari nintzelarik, halako batean hipopotamo baten irudia ikusi nuen. National Geographic-en saio horretako munstro sinpatiko horren irudiak aspaldi erdi-ahaztua neukan antzinako istorio bat berpiztu zuen ene baitan. Istorio zahar hori ahanzturaren putzutik beheiti eta betiko amiltzeko zorian zegoela susmatu nuen, eta istorio hori papereratzeko beharra izan nuen, hipopotamoaren irudiak piztutako sua itzali aitzin bederen.

Aspaldi handian, Oihaneko Jaunak animaliak sortu zituen, eta animalia bakoitzaren ezaugarrien arabera kokatuz joan zen: gorilak eta lehoinabarrak haran epeletan utzi zituen; bufaloak eta tximinoak, basoetan; antilopeak eta ostrukak, ordokietan... Eta hipopotamoa? Hipopotamoa larre zabaletan utzi zuen, sabana zabalean, elefantearekin eta errinozeroarekin batera. 
Baina hipopotamoa ez zegoen eroso larre zabaletan: potoloegia zen luze ibiltzeko eguzkiaren bero kiskalgarria pairatzen, eta, gainera, ez zuen borrokarako letaginik, elefanteek eta errinozeroek zuten modura.
Orduan Oihaneko Jaunarengana joan eta esan zion:
- Jaun hori: potoloegia naiz lur zabal lehorrean bizitzeko, trakets ibiltzen naiz; baina uretan hobeki moldatuko naiz, ederki baitakit igerian. Emadazu, arren, ibaietan bizitzeko baimena.
Oihaneko Jaunak, arrapostu:
- Handiegia zara ibaietan bizitzeko; gehiegi jaten duzu, eta ibaietako arrain guztiak jango zenituzke...
Orduan Hipopotamoak hauxe esan zuen:
- Zin egiten dizut, Jauna, ez dudala sekula arrainik jango; egunez uretan egonen naiz, eta gauez aterako naiz urtetatik belarra jatera. Eta noizbait ene zina hausten badut, nahi duzun zigorra ezarri eta nik otzan-otzan onartuko dut.
Orduan Oihaneko Jaunak esan zion:
- Ederki! Utziko dizut uretan bizitzen, baina egun batean arrain bakar bat janez gero, alimaleko zigorra ezarriko dizut... eta ez naiz errukior izanen, ez horixe! Gauez aterako zara belarra jatera, bai, eta zure gorozkiak buztanarekin barreiatuko dituzu, nik ikus dezadan bertan ez dagoela arrainaren arrastorik.
Harrezkero hipopotamoa  urtean bizi da egunez, eta gauez uretatik ateratzen da belar bila; eta kaka egiterakoan gorozkiak barreiatzen ditu buztanarekin, Oihaneko Jaunak, dagoen lekutik dagoela, ikus dezan hipopotamo baten hitza ez dela ur gaineko bitsa.

Félix Rodríguez de la Fuenteren ahotsaren oihartzuna zeharo desagertu da ene burutik, ahots berezi hura, inondik ere, gaztelania ez den beste hizkuntza batean aritzeko ezgauza balitz bezala. Izan ere, zer inporta du kontalariaren ahotsak?  Félix Rodríguez de la Fuente aspaldi joan zen gure mundutik, baina hipopotamoek jarraitzen dute ibaietan bizitzen, jarraitzen dute arrainak dastatzeke, jarraitzen dute gauero uretatik ateratzen belar bila, eta jarraitzen dute gorozkiak barreiatzen buztanarekin. National Geographic-en saioak bukatuta behar du honezkero, baina telebista piztuko dut berriro, ea munstro sinpatiko horietako bat ikusten dudan obratzen.

No comments: