2012-04-03

Hedagailua askatu!

Berdez jantzitako gizon armatuen balentria-zerrenda luzeari gehituko diogu hedagailu atxilotu izana. Baina bitartean Tarot katea eta kate apostoliko alegalak hor daude, baita mundu osoko telebistak ikusteko aukera ere. Euskarazko telebista ikusteko, Hendaiara joan behar... Bo! Aurrekariak, badira: Frankismoren garaian Iparraldera  film pornoak ikustera joaten omen zen Hegoaldeko jendea... Nik ETB ikusten ahal dut Erroman eta Montevideon; baina Berriozarren, digitalki, ezin.

    Espainolek Euskaltzaindiari Madrilen harrera egin, eta gure hizkuntza horrenbeste maite dutenez, “eusquera” (sic) idatzi zuten. Baina euskaldunok omen gara hobendunak, guk dena politizatzen omen dugulako. Memoria laburrekoak gara euskaldunok, doike! Euskaldunon Egunkaria itxi, langileak atxilotu eta torturatu zituztenean, Angel Acebes ministroa atera zen telebistan dotore, piper-potoa atzeko aldean  zuela esateko euskararen alde egina zutela polizi operazio  hura... Hori ere ahantzi behar dugu?

    Ez ahaztu! Baskongadetan Patxi Lopez lehendakari izendatu zutenean, hemengo eta hango euskaldun proge batzuek esaten zuten ona izanen zela bi gobernuak ez-abertzale izatea, ezen gobernu konstituzionalistak izanik errazago izanen zela hainbat gauza adostea eta  hitzarmenak egitea. Nik hala entzun eta irakurri diot bere burua proge-tzat daukan bati baino gehiagori. Arrain ustela saltzen ziguten.

    Eta orain ETB ikusi ahal izateko hedagailu gaiztoa hartu dute atxilo, bahitu, gaiztokeriak egin ez ditzan... Bitartean, hor dago Diario de Navarra: iragan berria den greba orokorraren gainean ze desinformazioa zabaldu zuen ikusita,  Nafarroan, egun, Diario de Navarra da hedagailurik gaiztoena, egunero-egunero arrain ustela saltzen diguna; ez dezagun irentsi!

No comments: