2012-09-14

A ze panorama!

Udako arratsalde batean Iruñeko parke batean nengoen alabarekin, eta Uxue —hala baitu bere grazia gure alabak— haur-jolastokian ari zen, soka batetik gora eta behera. Nik behetik ikusten nuen alaba gora eta gora eta gora... eta kontuz ibiltzeko esan nion: "Uxue, kontuz ibili, mesedez". Ez zen parkeko ume bakarra; ama bat zegoen beste neskato batekin, janzkerari eta hitz egiteko moldeari erreparatuta, haiek ere hemengoak, eta neskatoak hauxe esan zion bere amari: "Mamá, esa niña se llama Mercedes"
Amaren erantzunak argitu zion kontua. "No cariño, se llama Uxue, y le ha dicho mesedez, que en euskera es por favor"
    Badakit hamaika t'erdi entzuteko jaioak garela; badakit Nafarroa Garaian nola gauden; badakit urratsez urrats ari garela euskaraz bizitzen emateko pauso ttikiak ematen egunerokoan... Baina nafar batzuen eta beste batzuen arteko amildegia oraindik oso sakona dela baieztatzeko balio dit pasadizoak, eta triste itzuli nintzen etxera: ume nafar batzuek ez dute inolako kontakturik lingua navarrorum delakoarekin. Bai, ez naiz gaur goizean sortua eta badakit Espainia zale batzuk pozten direla jakiteaz neska nafar batek ez dakiela piperrik ere euskaraz... Euskara ez jakiteaz harro agertzeko jarrera hori, mesedez zer den ez jakiteaz harro agertzen direnen jarrera oso espainola da: “Inorante hutsa naiz eta harro nago: gora ezjakintasuna!” aldarrikatuko balute bezala.
    Handik gutxira, udako goiz batean dentistaren kontsultan nengoen alabarekin, itxaron-gelan, eta denbora pasatzeko aldizkari bat hartu nuen: RACCren aldizkari bat zen, eta bertan Luis Racionero idazleari elkarrizketa bat agertzen zen Panorama izeneko sailean.
    "Espainia herri erresumindua eta ezjakina da; Espainia herri kainista, erresumindua eta ezjakina da. Bizi gara herri ezikasi batean, ezin adiskidetuzko bi zatitan banatua; hori ez da konponduko jendea kriteriodun bihurtu arte, eta hori hezkuntzaz eta gehiago bidaiatuz lortzen da."
    Luis Racionero idazlea izateaz gain, kazetaria eta Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohia ere bada; zer pentsaturik ematen du Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohiak horrelakoak botatzea non eta Panorama izeneko sailean... A ze panorama!

No comments: