Uda honetan, Kanadan, Ontarion zehatz izanik, 63 urteko andre bat atxilotu dute liburu bat irakurtzeagatik... 100 kilometro orduko abiaduran gidatzen ari zelarik. Carmen Velocci andrea “axolagabe gidatzeko” akusaziopean atxilotu dute eta, gainera, gidatzeko karneta kendu diote.
Antza, andre zahar horrek ezin izan zion eutsi liburu on bat irakurtzeko gogoari; baina zein zen irakurtzen ari zen liburua? Zein izan zen liburu tentagarri hori? Haren bizia —eta bertzeena— arriskuan jartzeraino tentazioan erori bazen, liburu horren izenburua behintzat ezagutarazi behar zuten; baina Interneten bilatu dudan arren, ez dut liburuaren zehaztapenik inon aurkitu. Ezein kazetariri ez zaio bururatu zein izan zitekeen lege-haustearen eragilea? Irakurlearen esku uzten dut pentsatzea zein izan zitekeen 63 urteko andre horren tentazioaren izena. Blog honetan iruzkinak egiteko aukera dagoenez, libra da nork bere sormenari leihoa ireki eta balizko liburu hori aipatzeko.
Orobat, irakurzaletasunaren haritik tiraka... arriskuaren eta debekuaren erakargarritasun-indarra izugarri handia dela jakinda, irakurketa sustatzeko ezkutuko kanpaina bat izan liteke?
Eta amaitzeko... ez al dio inork erreparatu emakumearen abizenari? Nola ez zuen azkar gidatuko Velocci andreak? Ez al da izen hori bera aringarri bat?
2012-09-08
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment