Doktoreak galdetzen dit ea zer gogoratzen dudan ospitaleaz; haren ustez, erizainak ikusteko joera horrek badu jatorria, inondik ere, ospitalean eman berri dudan denboraldiarekin. Ospitaleko gelaz oroitzapen lauso bat baizik ez dut, baina ederki gogoratzen dut ospitale-usaina, desinfektante usain sarkor hura, sudur-mintzetan min emateraino sartzen zitzaidan usaina. Doktorea besaulkitik jaiki eta ondoko arasan errenkadan dauzkan flaskoen artean aztarrika hasi da, harik eta poto txiki garden bat topatu duen arte. poto txikia zabaldu eta tanta gutxi batzuk haren zapi brodatu txuri batean isuri ditu; gero, arnasteko eskatu dit. Badukezu, irakurle, Prousten-en magdalenaren berri; bada, niregana potetxoa hurbildu eta, Proust-en magdalena bat balitz bezala, tanta horiek lortu dute Proust-en magdalenak izan zuen eragin bera.
Luze eta zabal azaldu diot nire amesgaiztoen andana, zehatz-mehatz, idatziz nekez errepika nezakeen zehaztasun harrigarri batez azaldu ere. Ez naiz gauza izan, geroago saiatu naizen arren, kontatu diodan guztia era logiko batez idatziz biltzeko... Zorionez, doktoreak entzuteaz landa, den-dena grabatu, transkribatu eta ondorio batzuk atera ditu. Doktorearen hitzetan, nik kontatutakoak arreta ematen dion zerbait dauka, zeren istorio zati guztiak,fantastikoak izanik ere itxuraz, nik emandako zehaztasun batzuk izugarri harrigarriak egin zaizkio.
Kontatu diodanaren arabera, odol-transfusioa egitera sartu zenean, erizain urdin batek piercing bat zeukan beheko ezpainean, eraztun txiki polit bat; odol-transfusioaren lehen poltsa bukatutakoan, transfusio-makinak zarata egin eta lehengo erizain urdin bera itzultzean, orduan ez zuen piercing-ik. Galdetu nionean erizainari ea agindua zioten piercing-a kentzeko, hauxe erantzun zidan: “Iturristiako ura oso ona da giltzurrinetarako, hobe zenuke gehiago edan”.
Segituan, erizain zuri batek galdetu zidan ea Zyloric, Dioban, Dilutol, Caosina eta Losartan hartzen nituen, eta nik baietz erantzun nion, baita Ezetrol ere. Orduan erizain zuriak ozenki errepikatu zuen “Ezetroool, Ezetroooool, bai, Eeeezeeetroooooool”, besoak goratzen zituen bitartean, gol bat sartu izan balu bezala.
“Argi dago” —dio doktoreak—: “Urdinez jantzitako erizainak mamuak ziren; zuriz jantzitakoak, aldiz, benetakoak”. Doktoreak errezeta batean idatzi du ze pilulak hartu behar ditudan, nola eta noiz hartu behar ditudan, hurrengo saiora bitartean. Agur esanda, niri irteten laguntzeko agindu dio erizain bati. Erizain horrek piercing bat dauka beheko ezpainean, eraztun txiki polit bat... eta urdinez jantzita dago.
Iturristia...
No comments:
Post a Comment