2012-11-05

Rossiren ordaina, ezta?

Baduzue, noski, kontu honen berri, ezta? Hemen, Uruguain, zera horri Rossiren ordaina deitzen diogu, ezta? Alegia, zerbait ez zela hala beharrez gertatu behar, ez zen horrela ezinbestez gertatu behar; baina horrela gertatu zen, ezta? Eta kontuak garbiturik, ezta?  Halabeharrak berdindurik, ezta?

 Hegazti horri? Hegazti horri tero deitzen diogu hemen... Argentinan ere bada, baina ez dakit tero deitzen dioten... Hemen bai, ekialdetarrok tero deitzen diogu, ezta? Hurbiltzen bazara tero bat dagoen lekura, hegan egiten hasiko da eta txilioka, “tero-tero-tero, tero-tero-tero”, ezta? Zure arreta erakartzeko, ezta? Baina ez da dirudien bezain mozoloa, ezta? Beti aireratuko da habia ez daukan norabidean; hegan egiten badu ezkerrerantz, habia eskuinean duen seinalea; eta alderantziz, ezta?  Eskuinerantz aireratzen bada, “tero-tero-tero”, ezkerrean izanen duzu haren habia...

Baina Rossirenaz galdetu didazu, ezta? Rossi Alderdi Nazionalekoa zen, idazkaria edo, ezta? Bada, tipoa oso kide garrantzitsua zen Alderdian, koadro bat, ezta? eta beti ibiltzen zen matea eskuan zuela, hemen arrunta dena, ezta? Baina tipoa pasatzen zen, beti ibiltzen baitzen matea edaten; baina beti-beti, ezta? Eta diktadura garaian hau ibiltzen zen milikoekin lanean, ezta? Ley de Caducidad de la PretensiĆ³n Punitiva del Estado ospetsua berak idatzi zuen, lan estrategikoa egiten zuen sasikume horrek, ezta? Tipoa zen munduko sasikumerik handiena, ezta? Eta, segur aski, karrera eginen zuen horrek Alderdian, ziur naiz, beti matea aldean eramaten zuela; pentsa, atentzioa ematen zuen, hemen, horregatik, beti agertzen zelako matea aldean zuela argazkietan eta, ezta? Eta behin autoz zihoan alderdiaren lan proselitista egitera barne aldera, ezta? Ez dakit Minas-era edo Chui-ra edo Artigas-era, ez dakit nora; alderdiak jartzen zion txoferra eta Rossi beti joaten zen kopilotu, autoaren aurreko aldean, eta nola ez, matea edaten. Ez dakit zer jo zuten, zeren hemen, badakizu, errepideetan ez dago bihurgunerik, baina kolpearen ondorioz matearen tutua ahosabaitik buru-barruraino sartu eta garondotik atera zitzaion, ezta? Burua iltzatuta gelditu omen zitzaion eserlekuan, ezta? 

Eta ez zen hala beharrez gertatu behar, ezta? Baina halabeharrez gertatu zen. Txoferrak deus, ezta? Zauri arin bat, ezta? Halabeharrak eman zion berea. Halabeharraren ordaina, milikoentzako egindako lan guztien ordaina, ezta? Rossiren ordaina, ezta?

No comments: