2023-11-21

“¡España despierta(,) hijos de puta!”

Koma baten garrantziaz behin baino gehiagotan idatzi dut blog honetan bertan, eta komaren erabilerari buruzko zalantzak gorabehera, bada kasu-marka horren arau garbi bat: bokatiboa edo deikia koma batez markatu egin behar da. Ez da, ez horixe, txikikeria bat edo hautazko kontua, zeren eta komarekin ala koma gabe esanahia erabat aldatzen du. 

Azken asteon, sareetan bolo-bolo dabiltzan Espainia putadefendatzen (sic) ari direnen testigantza horietako batean bideo-kamerak jaso du gizonezko zahar bat, ero baten pare oihuka, pantailaren beheko aldean transkribatua: “¡España despierta hijos de puta!”  Izan ere, kamerari begira agertzen den agureak “Espainia esnatzen ari da, sasikumeak!” esan nahi zuen, bistan da, baina transkripzioan, bestelako esanahia hartu zuen koma gabe: “¡España despierta hijos de puta!” Horrela idatzita, nihaur ere bat nator gizon horrekin, Espainiak sasikumeak iratzarri ditu, eta, kontuz beraz, ez baita txantxetako kontua.

Fatxek botatzen dituzten perla horiek, haatik, euren giza eta kultur mailaren adierazle eta erakusle direnez gero, eta oldarraldi faxista gutxiesteko modukoa ez izanik ere, ez dezagun sekula umorea gal; aspaldi esaten genuen moduan, “umorerik gabeko iraultza, gorringo gabeko arrautza.”   

Faxistak hausnartzen ari diren oldarraldiaren hurrengo urratsa izan daiteke greba deitzea, eta honek dakarkit gogora Komaren Greba izeneko pasadizo historikoa.   

1905eko irailean, Moskuko Ivan Sytin argitaletxeko langileek grebara jo behar izan zuten, letrak ez ezik puntuazio-markak ere ordain ziezazkieten, alegia komak eta bestelako puntuazio-markak ere kontuan har zitzaten nagusiek ordaintzeko tenorean. Ordura arte tipografoek letrako kobratzen zuten baina nagusiek ez zituzten puntuazio-markak kontuan hartzen soldatak emateko orduan, puntuazioarekiko axolagabekeriaz eta erdeinuz begiratzen zietelarik. Hasieran txikikeria bat izanen zela iruditu arren,  Komaren Grebari  ekin zioten langileek. Laster Beste sektore eta beste hiri batzuetako langileek bat egin zuten grebalariekin, hala nola okinek, trenetako langileek, abokatuek, baita ballet Inperialeko dantzariek ere, domino-fitxak nola bata bestearen atzetik, Hartara, lehengaiak garraiatzeko trenik ezean, altzairu-ola eta ehungintza-lantegiek ere itxi egin behar izan zuten; laster, Petrogradoko langile guztiek grebarekin bat eginda, greba orokorra aldarrikatu eta abantzu Petrogradoko hiritar guztiek utzi zioten lan egiteari. Greba orokorrak Nikolas II.a tsarra Urriko Manifestua argitaratzera behartu zuen, non Errusiarako Konstituzio bat eginen zuela hitz ematen zuen. Gero gertatu zena, badakigu denok. 

Bård Borch Michalsen norvegiarrak bildu zuen anekdota haren liburu gomendagarri batean, Píllale el punto a la coma,  eta  hauxe ondorioztatzen du bertan: “Guztiaren hasiera koma bat izan zen”.

Amaitzeko eta puntuazio marka horren garrantzia azpimarratzeko, Trotskyk Komaren grebaren kontura idatzi zuena: “Puntuazio markak zirela-eta hasitako greba batek absolutismoa eraitsi zuen". Horixe da marka!                  





No comments: