2013-09-26

Mundua alderantziz

2003ko martxoaren 20an, Irakeko hegazkinek Estatu Batuak bonbardatu zituzten.
Bonbak jaurti eta gero, tropa irakiarrek Ipar Amerikako lurrak inbaditu zituzten.
Alboko kalte anitzak izan ziren. Amerikar zibil askok, batez ere umeek eta emakumeek, bizia galdu zuten ala gorputz atalen bat ebakita bizi dira. Biktimen kopuru zehatza ez dugu guk ezagutzen, tradizioz, beti tropa inbaditzaileen hildako-kopurua aipatzen delako, eta herri inbadituan biktimak kontatzea debekatzen delako.
Saihestu ezineko gerra izan zen. Estatu Batuen armategietan pilatutako suntsipen handiko armak zirela eta, Iraken segurtasuna, eta baita gizateria osoaren segurtasuna ere mehatxupean baitzeuden.
Aitzitik, Alaskako petroleoa bereganatzea benetako helburua zeneko zurrumurru gaiztoek ez zuten inolako oinarririk...


Eduardo Galeano-ren testu guztietan gertatzen den bezala, hitz egokiak eta neurri egokia dena esateko.

2013-09-08

Madrilgo errege jauregian

 Gazte ziren, euskaldun ziren, eta lagun preso bat bisitatzetik bueltan zetozela, Madrilen gelditzea erabaki zuten bisita turistiko bat egiteko. Madrilgo errege jauregira joatea otu zitzaien, beste preso baten senideei entzuna baitzioten merezi zuela. Erraza egin zitzaien aurkitzea eta jauregiaren kanpo aldean barkillero bat topatu zuten, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa zirudiena. Ironia guztiarekin, gazte euskaldun horietariko bat saltzailearengana hurbildu eta barkilleroari, errege jauregiari begira, galdetu zion ea han bizi ziren errege-erregina.
Paper-festa-n Anjel Lertxundi-k adierazi zuen: “Ironia eta iraina oso hitz hurbilekoak dira. Eta esanahiaren aldetik, ironia askotan iraingarria baita, biak sinonimotzat hartzen dira sarri”. Barkilleroak ez zuen ironia harrapatu, iraintzat hartu baitzuen galdera, eta sinkope bat sufritu behar zuela zirudien arren, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa haragiztatuak arnasa hartu, erdeinuzko aurpegia jarri, eta purrustaka esan zion ea nola zen posible espainol batek ez jakitea Zarzuela jauregian bizi direla errege-erregina.
Izan ere, barkillo-saltzaileak ez zekien aurrean zituen gazteak ez direla sentitzen espainol, Espainiari eta Espainiako errege-erreginari eskertzeko deus ere ez dutela gazte euskaldunek. Gazte euskaldun horien laguna utzi berria zuten Toledo eta Madrilen arteko mugan dagoen espetxe batean, sei urteko kartzela-zigorraldia betetzen Espainia monarkiko honek legez kanpo utzitako erakunde bateko kidea izateagatik. Bi mila egun baino gehiago Aranjuez-en. Espetxe hori Juan Carlos erregek berak inauguratu zuen, sarreran bisitariei ongietorria emateko plakak aldarrikatzen duenaren arabera. Baina hori nola azaldu Tony Leblanc-en eta Jose Luis López Vázquez-en nahasketa den barkillero bati? Batzuetan, elkarrizketa bateko solaskideen arteko amildegia Urbasako leize-zulo guztiak baino sakonagoa da.
Egun horretan gazte euskaldunek ez zuten errege jauregia bisitatu nahi izan, bertan dagoen armarri berezi bat ikusteko aukera galdu zuten: Juan Carlos-en armarria zutoihal handi bat, bertan Falange-ren ikurra duena, uztarri eta geziak hondo urdinean. 


Hori ez zuten ikusi, eta barkillorik ere ez zuten erosi nahi izan.

Espainia horrelakoa da: uda honetan, Moraleja de Enmedio herrian, Madrilen, Falange-ren Cara al sol ereserkia jarri dute, udal plazako bozgorailuetatik dena emanda, balkoian armarri frankista airean. Ikusi, ikusi! Hori da hori marka, marca España!
Ez gaitezen harritu, beraz, ez badiote Espainiari olinpiadak antolatzea esleitu. 

2013-09-05

Ikasturte berria, bertso berria

Ikasturte berrian Ezkaba eskolan harrera egiteko bertso txikia, ikasle berri eta zaharrei eskainia.



Irailak bosta heldu da-eta
gaur dugu egun handia
oporraldia bukatu dela
hasi da kurtso berria.
Ongi pasatu ta asko ikasi
dugu xede nagusia
jaso ezazue gure agurra
ta gure ongietorria.




2013-08-28

Rosa Luxenburg-en zapata

Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak idatzia da. 1919an Rosa Luxemburgo iraultzailea hil zuten, Berlínen. Hiltzaileek fusilarekin kolpeka burua hautsi eta kanal baten uretara bota zuten gorpua. Bidean zapata bat galdu zuen. Esku ezezagun batek zapata hori jaso zuen lokatzetik.

Rosak bizitza osoa eman zuen borrokan, askatasunaren izenean justizia sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan, eta justiziaren izenean askatasuna sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan. Egunero-egunero, esku ezezagun batek bandera hori jasotzen du lokatzetik, zapata jaso zen gisa berean.

Elkartasunaren zapata bezala, elkartasunaren kopa jasotzen dugu guk urtero Iñaki, Joseba, Mikel, Ibai eta beste preso eta iheslariak gogoan eta bihotzean ditugularik, laster etxean egon daitezen gure konpromisoa biderkatu eta berresteko.

Topa egin dezagun guk ere justiziaren izenean askatasuna sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan, topa egin dezagun sakabanaturik dauden presoen alde, topa egin dezagun mundu osoan barreiaturik bizi diren euskal herritarren alde. Egunero-egunero, bandera hori dugu guk jasoa; eta jaietan, are jasoagoa.

2013-08-06

Ilargirainoko eskailera

Aspaldi handian Afrikako herri batean agintariek ideia bat bota zuten: “Ilargirainoko eskailera bat eginen dugu, inoiz egin den eskailerarik luzeena; hartara, Ilargira joanen gara eta Afrika osoan izanen gara eredu”.
Agintariek herrikideen artean lana banatzeko ardura hartu zuten. Herrixkaren ondoko muino bat aukeratu zuten eskailera finkatzeko. Aukeratutako muinoan agintari nagusiaren suhiaren etxola zegoenez, herritarrek bi ahuntz eman behar izan zioten suhiari lanak sortutako eragozpenengatik. Oso leku ederra zen, eta eskailera finkatzeko bertako zuhaitzak eraitsi behar zirenez, herriko batzuk aurka azaldu ziren. Agintariek gogor salatu zituzten aurkariak, Ilargiraino joatea ze garrantzitsua den ulertzen ez zutela argudiatuta: aurkari batzuek jipoiak jaso zituzten, eta beste batzuei ahuntzak bahituran hartu zitzaizkien. Gizonek oihanetik zuhaitzak ateratzeko, agintari nagusiaren emaztearen anaiaren bidea baliatzen zutenez, nagusiaren koinatuari hiru ahuntz eman behar izan zizkioten herritarrek. Era berean, nagusiaren senideek Ilargirainoko eskaileraren obraren berri emateaz ardura hartu zuten, eta herriz herri ibili ziren egitasmoaren handitasuna goraipatzen; hauei ere, launa ahutz eman behar izan zizkieten herritarrek horren lan garrantzitsua egiteagatik.
Azkenik obrak hasi ziren, eta bi enbor luzeenak zuloetan sartu eta finkatu zituzten, eta beste enbor anitzekin eskaileraren egurrezko mailak egin zituzten, sokekin lotu eta eskailera osatu zuten. Gizon batzuek sokei eutsi behar zieten; beste batzuek, egurrezko mailak egin; bestetzuk, enborrak ekarri... Agintea zutenek banatu zuten lana eta lanbide berriak sortu zituzten. Izan ere, obrak luzatu zirenez, eskaileraren kontra zeuden batzuen jarrera burugabeagatik, agintariek, konfiantzazko lagunen eta senideen arteko batzuk aukeratu zituzten obrak zaintzeko; askotxo ziren, gainera, baina zaindari hauei ere herritarrek bina ahuntz eman behar izan zizkien, denon onerako obra zaintzeagatik eta aurkariak menderatzeagatik.
Asko, urte asko luzatu ziren Ilargirainoko eskaileraren eraikitze-lanak. Azkenik, egun batean, aditu batek, leinuko nagusiaren lehengusu batek, adierazi zuen halako egun jakin batean igoko zela eskaileraren azken mailara eta Ilargiraino helduko zela. Hartara, nagusiaren urtebetetze egunaren gauean hasi ziren igotzen. Lehenik, zer gerta ere, zaindariak; gero, aditua; eta gero, agintaria eta senide batzuk. Gora, gora, gora... eta goraino igota zirelarik, ohartu ziren Ilargia oso urrun zegoela, lurretik zirudiena baina urrunago.
Agintariek eta bere senideek biharamunean enbor gehiago mozteko, langile gehiago jartzeko, sokei eusteko, ahuntz gehiago emateko eta lan gehiago egiteko agindu zieten herriko gizonei. Gizonek egurrezko maila gehiago egin zuten, askoz gehiago, eta gora igo zituzten enborrak eta sokak, harik eta presioaren presioaz tenkatutako soka bat eten egin zen. Orduan eskailera handia erori egin zen, eta behean zegoen herritarrak enborren azpian harrapatuta hil ziren.
Agintariek sokari eusten zion langile baten axolagabekeriari egotzi zioten istripua. Orain agintariaren senide eta lagun gehienak beste herri batean bizi omen dira, jasotako ahuntzak salduta eta erosoago bizi den beste herri batera joanda. Herriko jende xeheak lehen baino askoz ahuntz gutxiago du, eta hildakoen senideek negar egiten dute nagusiaren urtebetetze egunean.
Zambeziko ipuin berridatzi bat da, Seve Callejaren Afrikako Ipuin Herrikoiak liburu zaharretik hartua. Dena dela, Zambezin uste dute ez dela ipuina, benetan gertatua baizik. Abiadura Handiko Trenaren sustatzaileek irakurri beharko zuketen: “ikasgai ona da gehiegi igo nahi duten handinahientzat”.