2019-08-20

Nekeetan, irria ezpainetan


Gaur urtebete hemodialisian hasi nintzela Nafarroako ospitalean. Egin zidaten giltrurrun-trasplantea ez zen ongi joan eta iragan den udan giltzurrun hori galduko nuela iragarrita, hemodialisiarekin hasi behar nintzela agindu zidaten. Arrazoi medikuak medio, ezin berriz hemodialisi peritoneala egin, lehen etxean egiten nuena. Hori dela eta, hemodialisiak erabat aldatu dit bizimodua, astean hiru egun ospitalera etorri behar baitut, lau ordu eta erdiz, hemodialisia egitera. Urtarrilera arte astearte, ostegun eta larunbatetan etortzen nintzen, baina urte hasieratik, txanda aldatuta, astelehen, asteazken eta ostiraletan egoten naiz makinari lotua, beti ere goizez. 

Makinak hizpidera ekarrita, Baxter izeneko amorante irlandarraren ordez, batzuetan Alemaniako Fresenius makina batekin egin didate noizbait baina batez ere Nikkiso izeneko makina japoniar baten bidez egiten didate Bideko Ama Birginaren eguneko ospitalean. Etxeko dialisisan ez bezala, amorante bi hemen, baten ordez. Hainbeste denbora amoranteekin emanda, blog hau pixka bat utzia izan dut, eta hasi nintzenetik estreinakoz, uztail honetan ez dut testurik eman argitara. Garai txarrak lirikarako.

Hartara, urtebete emanda, garai ona da hausnaketa txiki bat egiteko. Aitortu behar dut uste baino gogorrago ari zaidala egiten, batez ere dialisi-egunetan pattal eta makal egoten naizelako egun osoa, buruko minak jota anitzetan. Bestalde, urte luze honetan sendagile batekin baino gehiagorekin egokitu zait eta ikaspen bat atera dut argi: sendagileen iritziz, errugabetasun-presuntzioa ez dagokio sekula gaixoari, eta analisiek diotenari itsuki jarraitzen diotenez gero, zerbait ez bada atera beraiek aurreikusi bezala, "errua" gaixoarena da. Erlijio-similekin jarraiki, badakit "inor ez dela bekatutik libre jaio", baina ez dut batere ongi eramaten sendagile batzuek duten jarrera jainkotiar hori, gaixoarengan "bekatuaren zama" uzteko joera alegia.

Kontu horiek gorabehera, hemen natza Japoniako Nikkisori loturik, bertze goiz batez, denbora nahi baino motelago pasatzen delarik... Eta esaera zaharrari helduko natzaio: "Nekeetan, irria ezpainetan"

2019-06-25

Erretreta hartua baina ez erretiratua

Ezkabako talaiatik Antsoaingo Ezkaba eskola publikoa ederki dakusat. Bertan ingeles irakasle lehenbizi eta zuzendari gero ibilita, agur errateko unea heldu da. Erretreta hartzeak lan-bizitzari adio erratea dakar, baina ez bizitzari; bizitzaren bertze tarte bat baizik ez da aitzinean dakusadana. Ezkabako lankideekin Fernando Gorriz orientatzailearen jubilazioa ere ospatu genuen, eta argazki pare bat dakarkizuet, horren oroitgarri, baita bide luze eta bihurria eman duen bertso birziklatu bat ere...





Hasteko agurra, lankide,
eskerrik asko, aurrena
egindako lan guztia
ez da hutsaren hurrena
lan eta lan arituta
bide emankor ta zuzena.
Egindako ahalegina
denbora, gogo ta dena,
Linguae Vasconum zabalduz
gure herrian barrena,
gure hizkuntza ez dadin
ibil munduan herrena.
Eskertzen dizuet biziki
zuen lana ta kemena
merezitako erretreta
gozatu eta segi aurrera.






2019-05-19

Agur eta ohore, Daniel Vidart


Daniel Vidart, Uruguaiko antropologo ezaguna hil berria dela eta, ozeanoz alde honetatik azken agurra eman nahian, idazki xume hau. Izan ere, nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea izan nuen, Montevideoko Fellini jatetxean egin zuen liburu-aurkezpen batean. Ordurako urtetan sartuta egonik ere, gizon jantzia eta jakintza handikoa zela erakutsi zuen. Entzuleen artean, besteak beste, garai hartako Uruguaiko Hezkuntza ministro Simón andrea, maisu zaharraren hitzei adi, gu bezalaxe. Gizon handiek —eta ez handi-nahiek— duten xalotasun eta apaltasunaz agurtu gintuen euskaldunak ginela adierazi ziotelarik. Euskal arbasoak izateaz harro baina harrokeriarik gabe, Vidart abizenaren etimologiaz aritu zen, Lapurdiko Bidart herriaz, eta gizon apala bezain jakintsu batekin solasean ari ginela ikusi nuen. Nire xumean, euskarazko nire liburutto bat eman nion opari, eta apalategian harrotasunez gordeko zuela erran zidan. 



Uruguaiko antropologo, ikerlari, poeta eta intelektualik handienetako bat izanik, panegirikoren beharrik ez du Daniel Vidart maisuak, hor baitaude bere liburu eta bere idazkiak. Jakintsu xalo eta amultsu honi egin dakiokeen omenaldirik handiena, agian, bere idazkiak eta obrak ezagutzea eta ezagutaraztea da. Los fugitivos de la Historia  liburuaren aipuak artikulu batean baino gehiagotan baliatu dut, baina azpimarratu eta aholkatu nahi dut Vidartek berriki idatzitako artikulu mamitsu bat, Sobre la falta de pensamientoque hoy nos acoquina e identifica,   —Pentsamendu faltaz, gaur egun makaltzen eta ezaugarritzen gaituenaz— bizi garen garaiaz zer pentsaturik ematen duen artikulu mamitsua.

Izan ere  politikari neoliberalak ikusita, Ameriketan ez ezik ozeanoz alde honetan ere “buru pentsalarien falta” begi-bistakoa da, eta Rio de la Plata ibaiaren bertze aldean Macri badute, Frantziako Estatuan Macron dugu, Iparraldekoendako kalte; eta mugaz alde honetan Casado, Rivera, Esparza, Chivite eta enparauak ditugu Hegoaldekoen kalterako, hauteskunde kanpaina hauetan ageri-agerian gelditu denez behin baino gehiagotan: eskematik ateratzerik ez dakiten erdi-ipurdiko hizlariak, maila ezin eskasagoko eztabaidak, eskola-patio bateko maila politiko negargarria erakutsiz… salbuespenak salbuespen.

Daniel Vidart maisuak hizkuntza klasikoak maite zituenez gero, zilegi bekit, amaitzeko, aipu klasiko bat baliatzea haren omenez: Sit Tibi Terra Levis, edo hainbeste miresten zuen euskaraz esanda, Lurrak goxo har beza bere baitan... eta bego geure gogoan.

2019-04-27

Hatsegin (sic) dugu Hatsa



Hil honetan eman berri da argitara aurtengo Hatsaren poesia bilduma. Maite dugu Hatsa. Hatsegin (sic) dugu Hatsa. Izan ere, olerkari anitz eta askotarikoak biltzen dituen bilduma da, urterik urte ateratzen dena, hutsik egin egin gabe azken hogeita bat urteotan. Iragan den mendeko azken urtean sortua izanagatik, XXI. mendeko euskal poesiaren lagin ezinbertzekoa bihurtu da, urteen poderioz, Hatsa bilduma. Urte oro, ehun olerkari baino gehiagok bina edo hiruna olerki igorrita, mende honetako euskal poesiaren erakusgarri aparta sortzen da. Eta hor dago aurtengo liburuaren azala, Mattin-en marrazki bat oraingo honetan, ohiko argazkia bazter utzita. Eta barruan, olerkiak. Horietarik bat, hauxe:

Olerkariok ez omen dugu
inorentzat idazten
ezpada mahatsondoetako antxetentzat.
Dantzan suelto ikasi dugu
ekinaren ekinaz,
atzeak erakusten baitu
nola idatzi aurrea.
Eta hurrena?
Hurrena, hur-hurrean,
mahatsondoetako antxeta urrunak,

xede hartuak.

Izan ere, poesia idazten dugunok beti izan ohi dugu zama erantsi bat, alegia, norentzat idazten dugun, poesia jende gutxik irakurtzen baitu. Mikel Balentziaga lagunak badu argitaratu gabeko poema-bilduma bat, Mahatsondoetako antxetak izenekoa, eta niri beti begitandu zait ederra dela irudikatzea olerkariok irudimenezko mahatsondoetako antxeta batzuentzat idazten ditugula gure olerki ttipiak.

Olerki hori aurtengo Hatsaren poesia bilduman argitaratu da; aurtengo bilduman, ehun eta hogei olerkarik parte hartu dugu... Hatsegin (sic) dugu Hatsa!



2019-04-06

M1ekoLak

Gaur arratsean pasatuko da Korrika Ezkaba mendiaren magaletik. Bart, honen atariko eta Korrika kulturalaren baitan, Minutu Bateko Eleak ekimena egin genuen Berriozarko Herria ostatuan, ohi den gisara.

Ekitaldi xumea bada ere, badu bere xarma, eta atzo dozena bat lagun baino gehiagok parte hartu genuen, mikrofonoaren aitzinean nork bere testua -maileguan hartua edo espreski sortua- irakurtzeko. Testua, izenburuak berak agintzen duenez, ezinbertzez laburra, minutu bat baino luzeagoa ezin baita izan!

Duela hamar urte abian jarri genuen ekimeneko argazkiak ikustean, hor agertzen zaigu Pello Uharte Orotz zena, guretzat lagun eta eredu, maisu eta burkide, baita bertze lagun zaharrak ere ere, gaur egon ez direnak...

Nik atzo olerki ttipi hau egin nuen:


Zurekin izandako
une goxoak
marmol-harrian behar ditut zizelkatu,
eta zurekin izandako
haserraldi gorriak
hondartzaren harean
behar ditut zirriborratu,
olatu harrotuek azkar
ezaba ditzaten.





Liburutto batean bildu dira testuak eta bost euroan salgai jarrita, lortutako dirua Korrikari laguntzeko bideratuko da.


Gora Euskara, gora Korrika eta gora Berriozar!