2012-10-25

Li Bai poeta txinatarra, euskaraz

“Literaturako Nobel saria, Mo Yan idazle txinatarrari” izenburupean agertu zen Berrian egunkarian artikulu polit bat , hilaren 11n; eta artikuluaren bukaeran “Euskarara itzuli gabe dago Mo Yan-en obra” aipamena; arrangura zerion kazetariak sartutako iruzkin horri. Irudikatzen ahal dut kazetaria, Andoaingo bere bulegoan, duda-mudatan, sartuko-dut-ez-dut sartuko, zalantza-balantza... Eta sartu egin zuen, etsipenez blai, enbido bat botatzen duenaren antzera, ea nork heltzen dion horri...

Mo Yan ez dugu —oraindik— euskaraz irakurtzeko aukera; baina bada liburu zoragarri bar, biziki gomendatu nahi dudana Txinako poesiaz pixka bat gozatu nahi duenarentzat. Li Bai poetaren Urrutira bidalia, Albert Galvany eta Pello Otxoteko euskaldunaren artean eginiko itzulpena, liburu zoragarria, hordigarria, txundigarria.

Duela 1200 urte idatzia, hemen Eneko Aritza jasotzen-edo ibiltzen ginenean... Li Bai hau Tang dinastiako olerkaririk ezagunena da, Wang Wei eta Tu Fu poetekin batera. Li Bai-ren poemek eragin handia izan zuten haren garaiko poetengan, baita ondorengoengan ere.

Ez dakigu gehiegi haren bizitzaz, ezpada gaztea zelarik Txina osoan zehar bidaiatzen ibili zela eta behin baino gehiagotan ezkondu zela; bestalde Li Bai sendo eta garaia omen zen, ez nolanahiko gizasemea, eta hirurehun ardo edateko gauza zela aldarrikatzen zuen, harro.

Zeruak ardoa maite izan ez balu,
ez zen ardoaren izarrik kopan.
Lurrak ardoa maite izan ez balu,
ez zen mahastik izanen lurrean
Zeruak eta lurrak ardoa maite badute,
ez gaitezen hura maitatzeaz lotsa.
Eta jakintsua eta nekazaria berdinak badira,
zertarako bilatu hilezkortasuna?
Hiru ardo hartuta, egia aurkitzen dugu
eta upel osoa hartuta, naturarekin bat egin.
Baina perfekzioa soilik hordirik aurkitzen dugu
eta iratzartzean desagertzen da.

Bizitzaren plazerei muzin egiten ez zion gizona, Li Bai; eta haren olerkiei darien alaitasuna, suhartasuna, hordigarria da: ardoa, ilargia, kopa, zaldia... behin eta berriz agertzen diren gaiak ditugu. Nolanahi, idazle oparoa, hogei mila olerki baino gehiago idatzi omen zuena,  hamarrena baizik gorde ez diren arren. Antza, ez omen zen sekula kezkatu arrakasta izateaz literaturan, eta olerkiak idatzi ahala, errekara botatzen omen zituen, urak nola eramaten zituen ikusten zuelarik...
Haren heriotzaz ere bertsio bat baino gehiago irakur daiteke, baina niri hau gustatzen zait: 

Gau batean, Yang Tse ibaian batel txiki batean omen zegoen, horditurik, eta ilargia besarkatu nahian kareletik beheiti erori eta bertan ito omen zen.

Agian Ilargipean edaten poema gogoan zuela hilko zen.

Lore-artean ardo-pitxar bat
bakardadean edan lagunik gabe.
Kopa goratu eta ilargiari eskaini,
ene itzalarekin hiru gara.
Ilargiak ez daki edaten,
itzalak alferrik darrait niri,
baina une batez denok adiskide.
Goza bedatse den artean.
Kantari, ilargia dilindan...
Dantzari, ene itzala kulunkan...
Mozkortu aurretik jolas gaitezen,
bananduko gara gero,
Betirako bidaide nora ezean soraio
elkartuko gara berriz Esne Bidean,

Albert Galvany eta Pello Otxotekoren itzulpena

Eta badira beste poema eder batzuk, baina nik liburua irakurtzeko gomendatzen dut; ez galdu, gainera, Bernardo Atxagak egindako sarrera argigarria.

2012-10-07

Euskaraz eta Quito

Berriozarko familia bat Ekuadorren egon berri da. Hara joan da senar berriozartarra emaztearekin eta bi seme-alabekin, emaztea han jaioa delako eta hamaika urte zeramalako sorterria bisitatu gabe; hamaika urte, hamar gehi bat, hango familia eta lagunak ikusi gabe: hamaika urte, urte anitz, zin-zinez.

Presidentea Rafael Correa da, eta aberatsek ez dute batere maite; herri xeheak, ordea, biziki maite eta estimatzen du jendearen alde egiten ari dena, oro har.

Ekuadortar batek galdetu zion lagun berriozartarrari ea hemen demokrazia dagoen, eta hemengoak kontatu zion zer dagoen: parlamentu bat,  jendeak bozkatzen du... eta errege bat dagoela Espainian. Ekuadortarrak esan zion berriozartarrari: “Errege bat? Eta bozkatu al duzue errege hori? Ez? Orduan demokrazia hori ez da hemengoa bezain demokratikoa” 

Ekuadortarrak, arrazoi,  eta kitto. Eta Ekuadorreko hiriburua, Quito. Han, urrutian, lagun berriozartarrak asko entzun eta ikasi du, eta hangoek ere entzun eta ikasi dituzte euskarazko hitz gutxi batzuk: izan ere Ekuadorrera bisitan itzuli den emazteak euskara ikasteko ahalegina egin du hemen, eta seme-alabei, ahal duela, euskaraz hitz egiten die.

Ai, hemengo batzuek eginen balute Ekuadorren sortutako neska horrek egindakoaren erdia!  Kanta bat dago euskaraz, Berriozarko aurtengo festetean egondako Gozategi taldearena... “Ekuadorren dago Quito...” Fini eta kitto?

2012-09-29

Dagoenean, Phaeton; ez dagoenean, hor konpon

Berriozarren eskola-autobusen murrizketa justifikatzeko Hezkuntza Departamentuak kalkuluak egin omen ditu. Bitxia da, zeren calculus hitza, latinez, “harria” da; kontatzeko, kalkulatzeko baliatzen ziren harritxoak dira calculi. Hizkuntzak lotura harrigarriak izaten ditu, zeren harrikada ederra dutela erakusten dute Gobernukoek: Abiadura Handiko Trenarentzat dirua bai, baina Berriozarko umeak eskolara joan daitezen, ez.

UPNkoek kalkuluak egin dituzte, eta badakite neurri hauekin eskola publikoa kaltetzen dela pribatu konfesional elitistaren mesedetan; finean zabaltzen duten mezua hau da: pribatura umeak eramatea ez da hain garesti ateratzen; publikora eramanez gero, autobusa ere ordaindu beharko dutelako gurasoek...

Bizkitartean, Volkswagen Phaeton auto dotore banatan joan ohi dira UPNko agintariak... Dagoenean, Phaeton; ez dagoenean, hor konpon. Phaeton, Barcinaren eta Iribasen irrien arrazoia.

Urliak egiten du galde ea zenbat xahutu duten; berendiak, ea zenbat poltsikoratu duten; baina sandiak egiten du galderarik zuzenena: noiz arte? Orain bizi dugun garaia “Ustelen urteak” izenpean agertuko da historia liburuetan. Norberaren esku ere bada ustelen urteak laster bukatzea. Etsipenik ez; kalkuluak hor daude.


2012-09-14

A ze panorama!

Udako arratsalde batean Iruñeko parke batean nengoen alabarekin, eta Uxue —hala baitu bere grazia gure alabak— haur-jolastokian ari zen, soka batetik gora eta behera. Nik behetik ikusten nuen alaba gora eta gora eta gora... eta kontuz ibiltzeko esan nion: "Uxue, kontuz ibili, mesedez". Ez zen parkeko ume bakarra; ama bat zegoen beste neskato batekin, janzkerari eta hitz egiteko moldeari erreparatuta, haiek ere hemengoak, eta neskatoak hauxe esan zion bere amari: "Mamá, esa niña se llama Mercedes"
Amaren erantzunak argitu zion kontua. "No cariño, se llama Uxue, y le ha dicho mesedez, que en euskera es por favor"
    Badakit hamaika t'erdi entzuteko jaioak garela; badakit Nafarroa Garaian nola gauden; badakit urratsez urrats ari garela euskaraz bizitzen emateko pauso ttikiak ematen egunerokoan... Baina nafar batzuen eta beste batzuen arteko amildegia oraindik oso sakona dela baieztatzeko balio dit pasadizoak, eta triste itzuli nintzen etxera: ume nafar batzuek ez dute inolako kontakturik lingua navarrorum delakoarekin. Bai, ez naiz gaur goizean sortua eta badakit Espainia zale batzuk pozten direla jakiteaz neska nafar batek ez dakiela piperrik ere euskaraz... Euskara ez jakiteaz harro agertzeko jarrera hori, mesedez zer den ez jakiteaz harro agertzen direnen jarrera oso espainola da: “Inorante hutsa naiz eta harro nago: gora ezjakintasuna!” aldarrikatuko balute bezala.
    Handik gutxira, udako goiz batean dentistaren kontsultan nengoen alabarekin, itxaron-gelan, eta denbora pasatzeko aldizkari bat hartu nuen: RACCren aldizkari bat zen, eta bertan Luis Racionero idazleari elkarrizketa bat agertzen zen Panorama izeneko sailean.
    "Espainia herri erresumindua eta ezjakina da; Espainia herri kainista, erresumindua eta ezjakina da. Bizi gara herri ezikasi batean, ezin adiskidetuzko bi zatitan banatua; hori ez da konponduko jendea kriteriodun bihurtu arte, eta hori hezkuntzaz eta gehiago bidaiatuz lortzen da."
    Luis Racionero idazlea izateaz gain, kazetaria eta Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohia ere bada; zer pentsaturik ematen du Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohiak horrelakoak botatzea non eta Panorama izeneko sailean... A ze panorama!

2012-09-08

Carmen Velocciren balentria

Uda honetan, Kanadan, Ontarion zehatz izanik, 63 urteko andre bat atxilotu dute liburu bat irakurtzeagatik... 100 kilometro orduko abiaduran gidatzen ari zelarik. Carmen Velocci andrea “axolagabe gidatzeko” akusaziopean atxilotu dute eta, gainera,  gidatzeko karneta kendu diote.

Antza,  andre zahar horrek ezin izan zion eutsi liburu on bat irakurtzeko gogoari; baina zein zen irakurtzen ari zen liburua? Zein izan zen liburu tentagarri hori? Haren bizia —eta bertzeena— arriskuan jartzeraino tentazioan erori bazen, liburu horren izenburua behintzat ezagutarazi behar zuten; baina Interneten bilatu dudan arren, ez dut liburuaren zehaztapenik inon aurkitu. Ezein kazetariri ez zaio bururatu zein izan zitekeen lege-haustearen eragilea? Irakurlearen esku uzten dut pentsatzea zein izan zitekeen 63 urteko andre horren tentazioaren izena. Blog honetan iruzkinak egiteko aukera dagoenez, libra da nork bere sormenari leihoa ireki eta balizko liburu hori aipatzeko.

Orobat, irakurzaletasunaren haritik tiraka... arriskuaren eta debekuaren erakargarritasun-indarra izugarri handia dela jakinda, irakurketa sustatzeko ezkutuko kanpaina bat izan liteke?

Eta amaitzeko... ez al dio inork erreparatu emakumearen abizenari? Nola ez zuen azkar gidatuko Velocci andreak?  Ez al da izen hori bera aringarri bat?