2013-04-24

Beltz men horiek


Tribuaren hitz galduak diskoan Pako Aristi lagunak Beltz man izeneko poema bat errezitatzen du: “Batzuetan horrelako gorputzaldia uzten dio parrandak / urduria, petrala, gogaikarria/ eta ez daki zergatik / Edari konbinaketa gaitza, agian / Norbaitek piztu zuen eztabaida mingotsa, beharbada / Emaztearekin egindako larru-jotze laburra, pobrea, zirrara bakoa / Ez daki / Eta leihoan dago negua itxuraldatu duen udaberriko eguraldia dastatzen / Eta dio bere emazteari: / “Dios! Manifaren bat balego arratsaldean, nagiak kentzeko!” Iñigo Cabacas hil zuen ertzainaren hitzak izan litezke, edo Argia-ko kazetari Lander Arbelaitz-i eraso egin zion ertzainarenak. 
Nafarroa Garaian ere foruzain beltzak ditugu, eta duela bi hilabete eskas Nafarroako Parlamentuaren inguruan langabetuen aurka egindako Foruzaingoak egindako karga “heroikoa” ikusita, Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren arteko antzekotasuna begi-bistakoa da. Langabetuen aurkako haren balentria borobiltze aldera, oldartu diren foruzain beltz horiei soilik falta izan zitzaien Espainiako polizia nazionalei hots egitea laguntza eske, azken aurreko greba orokorrean Iruñean egin zuten modu baldar berean. Izan ere, uniformea ez ezik, arima ere beltza dute beltz horiek guztiek.
Azken egunotan, Bilboko ertzain horien arteko elkarrizketa entzunda, edo Donostiako Gazte Gunean beste ertzain horien irudiak ikusirik kazetari babesgabe bat astintzen zutelarik gupida gabe, sumindura, amorrua eta, batez ere, higuin sakon-sakon bat sentitu dut, gorrototik harago doan nazka sentimendu sakon-sakon bat. "Que se muera" aldarrikatzen zuen ertzain horri berari gerta dakiola berandu baino lehen, kazetari xumeari desiratzen zion hori bera. Eta, egunen batean, Iñigo Cabacas hil zuen ertzainak, “Ugarteko” horrek, edo Lander Arbelaitz-i tratu txarra eman zion ertzain horietako batek bereak eta bi jasotzen baditu, saiatuko naiz ez ospatzen, ahaleginak eta bi eginen ditut... Baina ez naiz ziur erdietsiko dudan.
PNVren ETBk osorik eman nahi izan ez duen bideoa hemen duzu, ikusgai


Besarkada bero bana Iñigo Cabacasen senide eta lagunei, baita Lander Arbelaitz eta Gazte Guneko beste jipoitu eta atxilotuei ere. Eta nire destainarik handiena beltz men horiei guztiei eta bere mando-astoei.


No comments: