2014-01-23

Ur kristalak Atarrabian

Iruñerrian erakusketa berezi-berezi bat dugu: Ur kristalak. Erakusketa honetan teknika-nahasketa baliatu du Maite Ramos artistak, akuarela eta tinta erabili baititu. Irudi hauetan ez dago paisaiarik, ez Japoniako haiga-rik, ur-kristalen abstrakzioak baizik, surrealismoarekin muga-mugan daudenak, emaitza txundigarria lortuta. 

Hogeita bi irudiz osatutako erakusketa hau ikusgai dago Atarrabiako piltategian. Mundu osoko ur-laginak aitzakiatzat hartuta garatu du irudi bilduma handi hau, eta margoen izenek beraiek salatzen dute ur-kristal bakoitzaren jatorria. Smara, Iturristia, Fukushima, Jordan, Irati, Zorroka...

Maite Ramos Fernández Iruñean jaio zen, 1967an. Irakaslea lanbidez, egun Sanduzelai ikastetxe publikoko zuzendaria da.

Atarrabiako erakusketa hau baino lehen beste hainbat erakusketa egin du Iruñeko Orizuru galerian, Baiona-ko Euskal Museoan, Senpereko Larralden, baita hainbat kultur etxetan ere: Berriozar, Auritz, Uharte...





Erakusketez gainera, hiru poesia liburu ilustratu ditu Maite Ramosek: Exilio en las Algas, Gerezi Garaiko Haikuak, eta Orbel Azpiko Haikuak.  

2014-01-03

Reagan kanpora


Ronald Reagan presidente estatubatuarra bisitan 1985ean, OTANen inguruko erreferendumaren atarian —oroitzen PSEren leloaz? OTAN; de entrada no—. Baina noan harira.

Euskal Herrian, bisitaren aurkako adierazpen, agerraldi, manifestazio, pintada eta pankarta anitz kaleetan. Parkarta horietako batean, Reagan-en karikaturaren osagarri, Reagan kanpora leloa. Garesen, errepidearen ondoko hesi batean pankarta jartzen ari delarik, Goardia Zibilaren jeep bat agertu, zibilak jaitsi eta pankartari begira gelditu dira. Guardia zibil bat, agenda txiki bat eskuan, pankartako testua kopiatzen hasi da; une batean, baina, zalantza nagusitu zaio benemeritoari, eta besteari ozenki galdetu dio:

- Oye, pero antes de p y b ¿no se escribe siempre m?

 -
Tu calla y copia bestearen erantzuna
 

Behingoagatik, ortografiaz asko zekien goardia zibil bat egokitu zitzaigun. Pena, hizkuntza oso bat zuen faltan: geure hizkuntza.

2014-01-02

Bost soldadu


Argazkiak bost urte baino ez ditu, eta ezkerrekoa Francisco Pérez González da, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua. Amerikarrek Kirgizistan-en duten Manas hegazkin-basean aterea da argazkia, eta hor agertzen da gure artzapezpikua genozida horiei bostekoa ematen.

Nafarroan ez dago eskuina boterean, ultraeskuina ultrakontserbadorea baizik,, eta Barcinaren Tea Party dugu boterean azken hamarkadatan. Horregatik beste inon ikusten ez direnak agerikoak dira hemen, artzapezpiku militar bat beste militar batzuen laguntzarekin, guardia zibilekin, Antsoaingo klinika baten aurrean escrache fatxa bat egiten, diana markatzen gauezko soldaduek jakin dezaten non jo.

Oinarri nabarreroari eta nazional katolizismoari pozik uzteagatik joan da Francisco Pérez González apezpikua, Nafarroa osoan legezko abortuak egiten diren klinika bakarraren atariraino. Ez da Francisco aita santuaren aginduak betetzen ari, botere faktikoenak baizik. Eta, bidenabar, inork ez dezala hitz egin CAN auziaz, desagertu diren 1000 milioiez nehork ez dezala galde... Barcinaren annus horribilis estaltzeko botere faktikoek nahi dute mintzagaia eta erritmoak ezartzea, gelditzen zaien denbora politikoa markatzea eta baldintzatzea.

Berdin zaie nafar gizartean eragin dezakeen arrakala, berdin zaie zer sakona egiten ari den eliza katoliko ofizialaren eta nafar gizartearen arteko amildegia... Boterea galduko duten beldur dira, amorratuta daude, eta zakur amorratuaren gisa, zaunka eta hoska egiten dute, eta General de Brigada den artzapezpikuak badaki aginduak betetzen eta ematen.

Antsoainen egindako agerraldia esperpentikoa izan da, benetan desesperazioaren adierazle, orain arte, bere aurrekari Fernando Sebastian ez bezala, Francisco Pérez isilpeko lanetan aritu baita bost urtez nafar herritarren ondasunak “inmatrikulatzen” alegia, eufemismoak eufemismo, beretzat hartzen, ad maioren ecclesiae gloria. Izan ere, Olentzerok ez dio kasualitatez ikatza ekarri apezpikuari berriz ere. Susmatzen dut, susmo baizik ez da, artzapezpikua gusturago dagoela azpilanetan kale gorrian errosarioak errezatzen baino, pulpituan laketuago publikoan baino.

Afganistanera bonbardaketak egitera joaten diren hegazkin-basean egindako argazki salagarria, jadanik ez dago Interneten: http://www.catholicmil.org/images/gallery/display/10271_hq.jpg.jpg . Hor sakatuz gero, “FILE NOT FOUND” agertuko zaizu, norbait arduratu baita argazki hori kentzeaz...

Francisco Pérez González, milaka lagun hil eta hiltzen dituen inperialismoaren morroi, errosarioa eskuetan bizitzaren alde dagoela dioen hipokrita izugarri bat, Iraken, Afganistanen eta mundu osoan haren lagun amerikarrek hiltzen dituzten ume horiek guztiek ez baitituzte oraindik jaio ez den umeki batek bezainbeste eskubide.

2013-12-27

Argazki-haiku bat





Haiku ttiki hori argitara eman berri da, erdarazko haiku askoren artean euskarazko bakarra, Hojas en la acera izeneko haiku-aldizkarian. Ez dute, haatik, neronek egindako argazkia argitaratu. Haiku barietate hau —argazki-haikua— oso interesgarria da, eta irudiarekin batera doan haikua argazkitik kanpo utz daiteke (irudia ez zikintzeko edo), ala argazkian bertan utzi, kasu honetan egin dudan gisan.

Haiku hori argitaratua zegoen jada Orbel azpiko haikuak nire liburuttoan, azaroan aterea denonartean argitaletxearen eskutik, argazkirik gabe, baina.

Olaldeatik Orotz-Betelura doan errepidean hartutako irudia da, Iturristia izeneko iturriak Iratira usak isrtzen dituen lekuan, eta Haikunversaciones haiku-taldeak antolatu duen erakusketan dago ikusgai; erakusketan, aldiz, haikua ez da irudian bertan txertatuta agertzen, beste egileen argazki-haikuetan agertzen den gisa berean. Erakusketa ikusgai egon da Iruñeko Yamaguchi liburutegian, orain Lizarran, eta laster Zizurren ere egonen da. Udaberrian, Japoniara eramanen dute, Yamagutxira.


Haikunversaciones taldekideekin, Iruñeko Yamagutxi liburutegian haiku-argazki erakusketa atzean genuelarik

2013-12-26

Guardia zibilak,Mendebaldeko Sahararen lurralde okupatuetan


Duela 6 egun egindako argazki hauek frogatzen dutenez, guardia zibilak sahararren lurralde okupatuetan ere ibiltzen dira Marokoko militar okupatzaileekin batera, eta Mendebaldeko Sahararen gatazkan Espainiak duen ustezko “neutraltasuna” kolokan gelditzen da.

Izan ere, Espainiaren kolonia ohia izanik, agente espainiarrak ezin dira Saharan egon, are gutxiago indar armatuetako kideak. Errefuxiatu Sahararren Frantziako Elkarteak ezagutzera eman duenez, Argazkiak abenduaren 20an hartuak dira, Aaiun hiriko Bucraa karrikan, eta uniformez jantzitako bi guardia zibil agertzen dira, bata emakumezkoa, gizonezkoa bestea, ondoan Marokoko segurtasun indarretako kide batekin batera. Saharako giza eskubideen aldeko ekintzaileen arabera, bi militar espainolak hotel batean bizi dira, eta hotel hori Marokoko armadako goi agintarien eta zerbitzu sekretuetako kideen ostatu izan ohi da. 

Albiste honek hainbat eta hainbat galdera iradokitzen ditu: Noiztik daude berriz militar espainolak Saharan? Zertan laguntzen diote Marokori? Uniformez jantzitako guardiez landa, uniformerik gabekoak ere al daude? Zertan ari dira? Aaiunen bertan duela gutxi sahararrek eta boluntario kanariarrek pairatu duten oldarraldi errepresiboarekin loturarik al du? Espainiako erresumak eta Marokoko erresumak sinatu berri duten itun lotsagarri bat Sahararren itsasoa ustiatzen jarraitzeko; itunaren ordainetan al daude guardia zibilak han? Edo Espainiak Marokori saltzen dizkion armak direla-eta daude hor benemeritoak? Espainiaren neutraltasuna de facto hautsi bada, zeren zain daude Nazio Batuak neurriak hartzeko?

Abendu honen hasieran errefuxiatu sahararren kanpamentuetan egon naiz, izen bereko Aaiun kanpamentuko Deichera-n. Hango alkateak, Salej-ek, istorio hau kontatu zidan. Paradisurako eta infernurako bideak zaintzen zituenari joan zitzaion lau lagun. Zaintzaileak lehenari galdetu zion: “Nongoa zara?” “Marokoko Erresumako naiz.” “Infernura.” esan zuen zaintzaileak. Bigarrenari ere galdetu zion ea nongoa zen. “Frantziakoa naiz” “Infernura” esan zuen berriro zaintzaileak. Hirugarrenari ere galdetu zion. “Espainiakoa naiz.” “Infernura” errepikatu zuen zaintzaileak. Azkenik, laugarrenari galdetu zion ea nongoa zen. Laugarrenak esan zion. “Ni Saharakoa naiz.” Eta zaintzaileak erantzun zion: “Sahararra? Orduan jarri hor kanpoan zure dendak, zure haimak, eta itxaron erabaki arte”.

 Sahararrak 1975etik daude zain, ez inoren lur mortu batean, ezin paradisurako bidea, ezin infernurako bidea hartu... Sahararren eraman handia!

 Nago idazki honetan egindako galderei erantzun ofiziala jaso arte sahararren pazientzia puska bat beharko dugula. Baina, nolanahi delarik ere, galderak egin, egin behar dira, erantzun gehienak irakurleak berak asmatzen ahal dituen arren.