2024-01-19

Miñan solasgai, Burlatako liburutegian; Epizentroa

Irakurzaletasuna gazteen artean zabaltzeko programa interesgarri bat martxan da, Ezpizentroa izenekoa, Nafarroako Liburutegien Sarearen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko elkarlamaren emaitza. Epizentroa programa horren lehen saioa aste honetan egin da Burlatako Liburutegian eta Miñan izeneko liburua izan genuen mintzagai. bertan ikasle talde politak parte hartu zuen, bi institututatik etorriak, Sarrigurengo Institutik eta Burlatako Askatasunatik hurrenez hurren.  Lehen saio honetarako Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek idatzitako Miñan arrakastatsuaren pasarte pare bat aztertu genuen bereziki: hasiera, adibidez. 


Ni Ginean sortu  nintzen, baina ez Ginea Bissaun, ez Ekuatore Ginean. Bada beste bat Konakri duena hiriburutzat (...) Han gertatu nintzen sortzean. 

Ni fula etniakoa naiz, eta gure hizkuntza pularra da, baina hitz egin nezake malinkez. Susuz ere moldatzen naiz. Ginean hogeita bost hizkuntza hitz egiten dira. Frantsesa ere bai.  Hogeita sei. Hori ere badakit, eskolan ikasi nuelako. Baina ni fula naiz, pularrez hitz guztiak dakizkit.(15. or.)




Saioa aberasgarri oso suertatu zen, eta jorratu gabe utzitako beste pasarte batzuk  tintontzian geratu zitzaizkidan, kasurako: 

 Nik, aukeran, nahiagoko nuen seme zaharrena ez izan. Beharbada bigarrena, edo azkena, baina zaharrena ez. Horrek gauzak pixka bat aldatuko zituen. Baina hori jainkoak erabaki du, eta nik ezin dut ezer esan. Gure etxera ni lehen posizioan iritsi nintzen eta bigarren posizioan, Alhassore. (35. or.)

Ama ospitalera eraman genuen egunean, “Koto; zuk zer egingo duzu orain? Koto gure hizkuntzan anaia handia da. (...) Irri egin zuen, ezpainekin. Eta begiekin.
Miñan hitzak pularrez anaia edo arreba txikia esan nahi du (45. or.)  

Gazteei galdetuta zein ote zen liburuko pasarterik adierazgarriena, neska batek —barka biezat izena ez gogoratzeagatik— pasarte hau azpimarratu zuen:

Hor zaudenean ez zaude ez Arjelian eta ez Libian, hori poliziaren eremua da. Eta polizia ez da izutzen, badaki zer den pertsona bat torturatzea. Eta pertsona hori ni bezalakoa baldin bada ez du joko hanketan edo eskuetan, joko du hanken artean, edo buruan. Badaki mina hor gordetzen dela.



Liburua gogorra izan arren, irakurtzeko erraza dela esan zuten gazteek eta oso elkarrizketa anitza eta askotarikoa suertatu zen. Azken pasarte gogoangarri bi, bata landu genuena eta bestea lantzeke gelditu zitzaidana:

 Nik ez nuke hitz egin nahi holako gauzez, kontatzen dudanean ikusi egiten dudalako, nire begien aurrean, esplikatzen ari naizen guzti. Zu orain hemen zaude, entzuten, baina ni han nago, nire haragiaren barruan, eta kontatzen dudanean berriz bizi dut esplikatzen ari naizen guztia. Horregatik ez nizuke hitz egin nahi halako gauzez. Baina zuk galdetu didazu, eta esan dizut. Eta esan dizudanean berriz sentitu dut dena.
Batzuetan pentsatzen dut, lortuko ote dut hau dena ahaztea?
Zeren eta burua armairu bat bezalakoa da, eta armairutik gauza bat ateratzeko armairuan beste gauza bat sartu behar duzu. Hola gauza berriak gauza zaharren lekua hartzen du.  Baina nik, hemen, nire asiloaz erabakitzen duten bitartean, ez dut ezer egiten. Ez daukat lanik, ez daukat lagunik, eta ez daukat armairuan sartzeko ezer. Nire oroitzapenak hor daude, mugitu gabe. Eta egunero atakatzen naute.  


Azpimarratu nahiko nuke nire xedea, dinamizatzaile aritu naizen aldetik, gazte guztiek hitz egitea zela eta , hori bederen, lortu egin nuen. Oso gustura egon ziren —hala adierazi zieten gero irakasleei— eta horren adierazgarri da batzuek bazutela Sadarrera joateko sarrerak Osasunaren partida ikusteko, eta azken unera arte luzatu zutela saioa, luzatu eta luzatu jakinda ere futbola zutela zain... Ze jatorrak! 



  
Era berean, biziki eskertzekoa da Fermin, Fabiola eta Zesar irakasleen parte-hartzea, hala nola Hezkuntza Departementuko ordezkari eta arduradun Alberto Barandiaranen antolakuntza lana eta ekarpena elkarrizketan, fin eta egoki. Laburbilduz, plazera parte hartzea lehengo eguneko saioan. Epizentroa programak bide luzea egin dezala. 

    

2024-01-09

Kamishibai: ortodoxia vs. heterodoxia

Kamishibai saio bat 
Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan


 Mukashi-mukashi

Helduok araudiak eta ortodoxia maite dugu. Haur eta gaztetxoak, berriz, esnatzen direnetik lotara joaten diren arte mugak noraino luzatzen ahal dituzten probatzea eta arauak haustea dute eginkizun eta plazer. Psikologo eta hezkuntza-adituek diotenez, haur eta nerabeek arauak, irizpideak eta ohiturazko jarduerak behar-beharrezkoak dituzte bizimodu estrukturatuta izanen badute; baina haurtzaro eta nerabezaroan den-dena jartzen da zalantzatan. Araudiak urratuak izateko sortuak izan eta dena aldatu dezaketela iruditzen zaie; eta hala behar du.


Jarrera horri esker, sokatira edo tug of war etengabe batean aritzen dira haur eta nerabeak, hartu eta eman, negoziatzen, egia biribilak duda-mudatan jartzen, kritikoak izaten ikasten dute eta, horren ondorioz, ortodoxia ere zalantzatan jartzen dute. Eskerrak horrela den, zeren eta, ez dezagun ahantzi, jarrera errebelde hori ezinbestekoa da sormenerako. Sormenak lagundu egiten die haur eta gaztetxoei ortodoxiaren harresiak goitik gainditzen, albotik saihesten edo azpitik zulatzen: sormena dute bidaide eta lagun. Izan ere, haurtzaroa eta nerabezaroa heterodoxiaren garaia da.


Kamishibai saioa bat eskaini eta gero, umeak ikusten ditut butaira hurbiltzen. Butaiarekin jolasten dute txotxongiloak balira bezala eta, ortodoxiak akuilaturik, alarmak pizten dira ene baitan, gogora etortzen zaizkidalarik Etsuko Nozaka eta Noriko Matsuirengandik irakatsitakoa: butaian kamishibaiaren orrialdeak sartzen dira, eta butaia mundu errealaren eta ipuinaren munduaren arteko bitartekoa da; butaiaren atexkak hurrenkera  jakin batean behar dira zabaldu eta ipuina amaitzean atexkak itxi kontrako hurrenkeran; kamishibaiaren hasierako hitzak, mukashi-mukashi, eta bukaerako hitza, berriz, oshimai; narratzaileak, kamishibaiak kontatzeko tenorean, ez du bere burua gorde behar butaiaren atzeko aldean, eta ez da komeni arropa deigarririk janztea umeen arreta ez desbideratzeko. Irizpide horiek Noriko Matsuiren How to perform kamishibai liburuan –euskarazko bertsioa  Kamishibai Antzezteko Gida, Denonartean, 2010– agertzen dira; horiek eta askoz gehiago ere bai.


Baina ume sahararrak ikusten ditudalarik butaian jolasean, arau horiek guztiak desagertzen dira ene gogotik tximista baino azkarrago; berehala umeek agertzen dute, propio,  jolas bat, butaia sormenari leiho bilakatuta. Kamishibaia antzezteko balio du butaiak, jakina, baina umeek probatzen eta frogatzen dute  balio dezakeela askoz kontu gehiagotarako.


Eta buruan gordetzen dut balio dezakeela, adibidez,  txotxongilo antzeztoki modura, panpinen etxetxo, munstroen agertoki, heroi biltoki, orrialde txuriak sartzeko eta bertan ipuin berri bat egiteko, photocall bat egiteko eta lagun-taldearen argazkia egiteko ere bai; beste hitz batzuekin esanda, irudimena, sormena eta heterodoxia baliatuz.

Oshimai





2023-12-31

"Ura ez baita beti gardena", ez horixe

 



Urtea amaitzeko, Ura ez baita beti gardena liburuaren aurkezpena izan genuen Berriozarren, Zulo Alai elkartean. Xabi Lasa berriozartarraren lehen nobela honek Irun Hiria saria jaso eta Elkar argitaletxearen eskutik eman da aurten argitara. Liburu aurkezpen arin eta arrakastasua suertatu zen eta bere herrian nehor ez dela profeta erraten den arren, aurkezpenera agertutako jende kopuruari erreparatuta, Xabi Lasaren kasua salbuespena dela ondorioztatzen ahal dugu.


Ura ez baita beti gardena eleberria ez da Xabi Lasaren lehen lan literarioa, poema batzuez landara, aspaldi idatzi baitzuen Manex Erdozaintzi Etxart: Bizitza eta pentsamendua saiakera gogoangarria. Haatik, Ura ez baita beti gardena eleberriarekin jauzi ederra eman du literaturaren arloan.


Ur gaitzen iturriak izenburua zuen hasierako bertsioa arindu eta zorroztu zuen egileak; gero Eta urak bere bidea izena eraman behar zuenak beste izena hartu zuen Irun sariketara aurkezteko tenorean, eta hala eman da; bigarren aukera baztertzea maite ez dudan arren, Interneten bilaketa xume bat egitea aski da probatzeko eta frogatzeko hobea dela izenburu gisa lehenetsi izana Ura ez baita beti gardena.


Thriller Forala dugu, Jon Alonsoren hitzetan, berriozartarraren eleberria: ongi jositako trama polizialean hilketak, mehatxuak eta beste aurkituko ditu irakurleak, baina baita trama horren atzean ezkutatzen diren eta beste nobela anitzetan agertzen ez diren arrazoi politikoak ere.


Nobela Lurberri izeneko Erriberako herri asmatu batean gertatzen da, baina deskribapenetan badira zantzuak irakurle begi-zoliak baliatzen ahal dituenak eszenatokia asmatzeko. Antzeko zerbait gertatzen da pertsonaiekin; izan ere, toki-izenak erabiltzen ditu pertsonaien abizenak izendatzeko, baina badira batzuk Yolanda Barcinaren garaiko Nafarroako egoera politikan pisu handiko pertsonaiak izan zirenak; pertsonaiak fikziozkoak dira, bai, baina fikzioa errealitatea kontatzeko baliatu du idazleak.


Protagonista Sara izeneko emakume bat da, ingeniaria, eta Xabi Lasak Nafarroako Administrazioan hartutako eskarmentuari esker guztiz sinesgarria den pertsonaia eta egoerak deskribatzea lortu du. Uraren azaroa ardatz duen eleberriak Bardeetara garamatza, eta gure iragan hurbilean emandako kasu eta gertakari zenbait kontatu behar zirenez gero, Xabi Lasak kontatu egin ditu: bazen garaia horrelako nobela bat izateko euskal literaturan, Nafarroako Erriberan kokatua eta hemengo batek kontatua.


Nafarroako botere ekonomikoak eta faktikoak eleberrian agertzen dira, baiki, baina ez denak; traman Eliza Katolikoaren itzal luzea ez da agertzen, Nafarroan gertatu ohi den bezala arlo anitz eta askotarikotan, eta alor horretan egileak duen ezaupideak eta bizipenak baliatzen ahal zituen eleberri honetan ere, trama biribiltzeko. Orduan, agian, gehiegi luzatuko zen eta, horregatik, bego bere horretan; haatik, espero dezagun, haren hurrengo lan-literarioetan, Nafarroako Elizaren inguruan Xabi Lasak duen eskarmenua agertzea.


Bukatzeko, Pello Uharte eta Jokin Irigoien lagun berriozartarrei eskaintza egitea keinu polit askoa da, biek ala biek Xabiren eskaintza ez ezik ziur liburua ere gozatuko zutelako, liburua irakurtzen animatzen den orok gozatuko duten gisa berean.







2023-12-06

Garcilaso de la Vega, 1523-2023

Garcilaso hori espainiar soldadua

Gaztelako komuneroen etsai makurra

Nafarroako Konkistan odol, gar, egurra

Gure Herria zapalduz gogor aritua


Duela bostehun urte hemen gertatua

Plaka da horren lekuko, ez da gezurra

Iruñearen suntsiketa ospatzeko biba eta hurra 

Iruñean kapitain izendatua


Enperadorearen alde borrokatu zen

Nafarroatik Italiara igorria

hantxe erdietsi zuen ospe eta izen


Batez ere sonetoa, handik ekarria,

gaztelaniazko metrikara egokitzen

modu horretan bihurtuz poeta handia


Horren gorazarre ez al da anakroniko,

bitxi, arraro, arrotz eta estranbotiko?


Soneto hau estreinakoz errezitaua gaur Ahotsenean, 

Durango Azokaren karietara, HATSAkideekin batera 


2023-11-21

“¡España despierta(,) hijos de puta!”

Koma baten garrantziaz behin baino gehiagotan idatzi dut blog honetan bertan, eta komaren erabilerari buruzko zalantzak gorabehera, bada kasu-marka horren arau garbi bat: bokatiboa edo deikia koma batez markatu egin behar da. Ez da, ez horixe, txikikeria bat edo hautazko kontua, zeren eta komarekin ala koma gabe esanahia erabat aldatzen du. 

Azken asteon, sareetan bolo-bolo dabiltzan Espainia putadefendatzen (sic) ari direnen testigantza horietako batean bideo-kamerak jaso du gizonezko zahar bat, ero baten pare oihuka, pantailaren beheko aldean transkribatua: “¡España despierta hijos de puta!”  Izan ere, kamerari begira agertzen den agureak “Espainia esnatzen ari da, sasikumeak!” esan nahi zuen, bistan da, baina transkripzioan, bestelako esanahia hartu zuen koma gabe: “¡España despierta hijos de puta!” Horrela idatzita, nihaur ere bat nator gizon horrekin, Espainiak sasikumeak iratzarri ditu, eta, kontuz beraz, ez baita txantxetako kontua.

Fatxek botatzen dituzten perla horiek, haatik, euren giza eta kultur mailaren adierazle eta erakusle direnez gero, eta oldarraldi faxista gutxiesteko modukoa ez izanik ere, ez dezagun sekula umorea gal; aspaldi esaten genuen moduan, “umorerik gabeko iraultza, gorringo gabeko arrautza.”   

Faxistak hausnartzen ari diren oldarraldiaren hurrengo urratsa izan daiteke greba deitzea, eta honek dakarkit gogora Komaren Greba izeneko pasadizo historikoa.   

1905eko irailean, Moskuko Ivan Sytin argitaletxeko langileek grebara jo behar izan zuten, letrak ez ezik puntuazio-markak ere ordain ziezazkieten, alegia komak eta bestelako puntuazio-markak ere kontuan har zitzaten nagusiek ordaintzeko tenorean. Ordura arte tipografoek letrako kobratzen zuten baina nagusiek ez zituzten puntuazio-markak kontuan hartzen soldatak emateko orduan, puntuazioarekiko axolagabekeriaz eta erdeinuz begiratzen zietelarik. Hasieran txikikeria bat izanen zela iruditu arren,  Komaren Grebari  ekin zioten langileek. Laster Beste sektore eta beste hiri batzuetako langileek bat egin zuten grebalariekin, hala nola okinek, trenetako langileek, abokatuek, baita ballet Inperialeko dantzariek ere, domino-fitxak nola bata bestearen atzetik, Hartara, lehengaiak garraiatzeko trenik ezean, altzairu-ola eta ehungintza-lantegiek ere itxi egin behar izan zuten; laster, Petrogradoko langile guztiek grebarekin bat eginda, greba orokorra aldarrikatu eta abantzu Petrogradoko hiritar guztiek utzi zioten lan egiteari. Greba orokorrak Nikolas II.a tsarra Urriko Manifestua argitaratzera behartu zuen, non Errusiarako Konstituzio bat eginen zuela hitz ematen zuen. Gero gertatu zena, badakigu denok. 

Bård Borch Michalsen norvegiarrak bildu zuen anekdota haren liburu gomendagarri batean, Píllale el punto a la coma,  eta  hauxe ondorioztatzen du bertan: “Guztiaren hasiera koma bat izan zen”.

Amaitzeko eta puntuazio marka horren garrantzia azpimarratzeko, Trotskyk Komaren grebaren kontura idatzi zuena: “Puntuazio markak zirela-eta hasitako greba batek absolutismoa eraitsi zuen". Horixe da marka!