Iruinsemea izanik, betidanik ezagutu ditut Hemingwayri buruzo topikoak: Sanferminetan mozkor arraildurik, emakume ederrez inguratua ibiltzen zela eta zezenketak maite zituela. Baina badago beste Hemingway ezezagun bat, ezaguna bezain interesgarria, eta haren literatura eta izaera ongi ulertzeko, ezinbestekoa. Sanferminen atariko, komunikabide gehienek beti transmititzen diguten Hemingwayren gaineko irudia topikoz betea da, sobera komertzializatua, kontsumismoa bultzatzen duena. Iruñeko ibilerak aski auspotzen direnez gero urtero-urtero, funtsezkoa da era berean Hemingwayk Iratin eman zituen garaien berri izatea, egin zituen ibilaldiak ezagutzea, paisaiak, lagunak eta tokiak. Horietako batean, aski ezezaguna, Hemingway-ren iturrian, asteburu honetan bildu ginen Bortua eta Literatura jardunaldiaren karietarat. Orbaizetan, bertzeak bertze, ibilaldi laburra egin genuen aski ezezaguna den Hemingway-ren iturriraino. Jarrain doakizuen testuan bertan esandakoak biltzen ahalegindu naiz.

Izan ere, saldu diguten irudi tipiko-topikoa Ernest
Hemingwayren irudi guztiz desitxuratu bat da. Agure ile-urdin,
mozkorti, andre-zalea baino askoz ere gehiago izan baitzen Hemingway,
baina, maleruski, Frankismoak bere interesen araberako irudi hori
ekoitzi zuen, topikoz betea, eta irudi hori baino ez zaigu heldu.
Haatik, duela ehun urte, 1920 eta 1930etako hamarkaden, hemen ibili
zen Hemingway gazte bat, benetan idazle emankorra izan zena.
Historiagilea ez naizez gero, niri literatur aldetik interesatzen
zait Ernest Hemimgway. Agure
eta itsasoa, —The Old Man and the Sea—, Kanpaiak
joka norengatik ote —For Whom the bell tolls—, Armei
agur —A Farewall to Arms—... Nobel saridunaren
eleberrien izenak gutxienez ezagunak dira, baina Hemingway batez ere
ipuingile bikaina izan zen eleberrigile ona baino gehiago. 2011n
Xabier Olarrak haren ipuin ospetsu bat, Francis Macomberren
bizitza labur zoriontsua, eta Javi Cillerok beste batzuk
euskaratu eta guztiak bilduma batean batu zituzten: Francis
Macomber eta beste zenbait ipuin.
Nik biziki maite ditut Hemingwayren ipuinak. Francis Macomber
eta beste zenbait ipuin, Igela argitaletxeak plazaratutakoa eta
oraindik prezio irrigarrian salgai dagoen liburuttoa... aitor dezadan
enetzat aurkikuntza bat izan zirela: ipuin iradokitzaileak, esaldi
laburrak, menpeko esaldi gutxi, estilo zuzena eta asko esaten
duena... esplizituki adierazi gabe ere. Nobel saria eman bazioten,
ipuingintzari esker eta literaturan eginiko ekarparengatik izan zen,
ezen ez eleberriengatik, beste literatur mota baten ekarpena egin
baitzuen orduan Hemingwayk literaturar munduan... egia badarik ere eleberriak baino ezezagunagoak direla ipuinak.
Bestalde, Ernest poeta ere bazen. Berak ez zuen poesia anitz
idatzi, baina bere bizitza osoan zehar idatzitako 88 poema horiek
ematen dizkigute haren narratibaren eta haren bizitzaren gaineko gako
eta giltza osagarri anitz. Poeta naizenez egero ez dut saririk
espero, baina ene ekarpena Hemingwayren poesia aztertzea izan da eta
hainbat poema euskaratzea, Baionako Maiatz literatur
aldizkarian argitara emanak eta blog
honetan bertan aipatuak. Poema horiek guztiak Armiarma.eus
webgunean jarri ziren iaz, denon eskuragarri.
Ernest Hemingwayren poesia osoa lau arotan sailkatzen ahal da:
- Gazte garaiko poemak (1912-1917)
- Bidaiak (1918-1925)
- Maiteño bat eta beste zenbait eskaintza (1926-1931)
- Agurrak (1944-1956)
Poema horietako batzuek, duela ehun urte idatzitako batzuek, —ene
ustez hoberenak— gaurkotasun izugarria gordetzen dute. Lehen Mundu
Gerraren ondoren eta ondorioz idatziak, antimilitaristatzat jo
daitezke, bertan agertzen zaigun Erneste Hemingway gerraren aurkari
amorratu baten gisa azaltzen zaigularik. Egia da argiki ikus
daitekeela hori Armei agur —A Farewall to Arms—
eleberrian ere, baina nik azpimarratuko nituzke gerrarteko garaian
idatzitako poemak, batez ere beraien gordintasun eta indarrarengatik.
Horren adibide, blog honetan bertan dagoen Eric
Dorman O’Gowan lagun irlandarrari eskainitakoa.
Noan bukatzera, luzatzen ari naiz eta. Hasieran aipatzen nuen Hemingwayren gaineko irudi topiko-tipikoa
zalantzatan jarri badut, pozik eta uros, topikoak engainagarriak eta
eztabaidagarriak direlakoz.
Post scriptum: goian erran bezala, Koro Navarrrok Fiesta:
Eguzkia jaikitzen da itzuli zuen, maistraki itzuli ere. Datorren
urtean mende bat beteko da liburu ezagun hori argitara eman
zenetik... Polita litzateke horren karietarat zerbait egitea,
adibidez, Auritzerako bidaiaren
kronika ezagun hori berriz egiteko ekimen bat edo beste.