2026-06-22

Soneto satanikoak

 

Emaiguzu gaur egun honetako ogia, egiten genuen otoitz gazte eta katoliko ginelarik, aspaldi handian. Aita santuaren bisitaren kontura eguneroko ogia ez, baina eguneroko matraka bai eman digutela. Sekulako amarru propagandistiko eta mediatikoa estaltzeko Eliza Katolikoaren alde ilunak, politika atzerakoien bultzatzaile izatea, pederastia kasuak, inmatrikulazio lotsagabeak…



Erakunde multinazional horretan badira, alta, itzalak, itzal anitz eta askotarikoak, eta horiei erreparatuta, bururatu zitzaidan idatzizko erantzun bat ematea, baina ez ohiko testu bat, baizik eta soneto zeneko ahapaldiaren bidezko erantzun jantzia. Eliza katolikoaren kideek egindako bilaukeria eta gehiegikeria zenbait, kasu ezagunak, hogeita hamaika sonetotan ditut jaso Soneto Satanikoak izeneko liburuttoan, Zerokotan bilduma baten baitan argitaratu direnak.




Xedea, artefaktu poetiko jaso horretan gera daitezen jasota Eliza Katolikoaren inguruko egia horiek, Aita Santuak mikrofonoaren aurrean sekula azalduko ez dituenak. Eta bekaturik baldin badago soneto horietan, zer esango diogu bada: barkatu gure zorrak guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero. 

 


 

2026-06-19

Plazera Periko Salaberriren arabera




Eskuartean daukat margo-katalogo eder bat, Pedro Salaberrik Lizarran egin berri duen erakusketaren irudiak biltzen dituena. Orri-pasa hasi naiz eta txundituta gelditu naiz beste behin. Zizurren egin zuen erakusketaren edo aspaldi Iruñeko Gotorlekuan egin zuenaren katalogoak ere jasota dauzkat, eta egongelako apalategiaren toki pribilegiatu batean, esku-eskura. Hori horrela, noizik behin arasetik  katalogo hauetako bat hartzen dut ausaz eta Salaberriren estilo berezi-bereziko irudiei ezker hartzen dut plazer, plazer hutsa. Periko Salaberrik berak erdarazko testu xarmagarri bat idatzi zuen plazeraren kontura, jarraian euskarari ekarria doakizuena 

 

Ni bizi naizen paisaiak denbora luzea daramat margotzen, bai eguneroko paisaiak, bai noizbehinkako paisaiak. Betidanik bilatu eta aurkitu nahi izan ditut, besteei erakusteko eta besteekin partekatzeko. Aspalditik hasi nintzen sentitzen pintura ez zela eginbeharra, inozentziarako espazioa baizik, jolaserako eta harridurarako espazioa, alegia. Gakoa ez da ezer zehatzik deskribatzea edo paisaia ezagunetan arreta jartzea, ez horixe. Aspalditik onartu nuen estimulua edonondik irits dakidakeela eta, beraz,  kolore horia edo kolore berdea baliatu nahi badut, egin, egin dezakedala perspektiba gaberik, beti ere luze-zabala eta kolore-testura errespetatuz. Umetan arkitektura-jolas batekin etxeak eraikitzen nituenean bezala. Intuizioak agindutako konposizioak antolatzea, erabakitzea eta aurkitzea jarduera ludikoa bihurtu da, biziki atsegina.


Oleo margoaren berotasun eta dotoreziak bere horretan dirau oraino. Zabaldu, pintzel leunez luzatu edo espatulaz lisatu dezaket, luxuzko xafla baten itxura izan dezan. Orobat, ia beti tamaina handiko koadroak egiten ditut, besarkatzeko modukoak. Batzuetan, erabiltzen ez den marko batek,  marko zahar batek, zerbait margotzera bultzatzen nau, eta, bide batez, markoa biziberritzeko; lantzean behin, badaude marko batzuk nolabaiteko ziria sartzen dizkidatenak. Haien itxura eskasa zela-eta,  ez nukeen sekula deus eginen printzipioz marko eskas horiekin;  baina lantzean behin marko eskas horietako batek hunkitzen nau eta orduan marko horretarako margo bat ad hoc pintatzen dut, markoarekin bat egin dezan, irudia eta markoa elkarren osagarri izan daitezen.


Nigan eragin izan duten eta hunkitu nauten artistak hainbeste izan direnez gero, zerrenda itxi bat egitea ezinezkoa dateke. Halere, egia esateko, noizik behin, pintatzen dudan zerbaitek asaldatzen nau, eta nigan eragina izan duen artisten bat edo besteren aldeko keinu bat, omenaldi txiki bat, egitea baino ez zait gelditzen. 


Koadro sail bat askatasun-espazio intimoa da. Bertan, aurkikuntzaren bat edo koloreen arteko erlazio on bat, edo iruditzen zaidana uzten diot egiten neure buruari. Bestela esanda, bada modu bat neure buruari ez jartzeko ez obligaziorik,  ez premiarik, ezta helbururik ere. Xederik gabe margotzea pintatzeko modu ederra da, ahalik eta txukunen egiteko plazer hutsez.


Irakurle jakin-goseak badu haren webgunera, tamalez erdara hutsez dagoen webgunera, jotzerik. 

Pedro Salaberri, eskuinetik hasita lehena, 




2026-05-22

Nor izan zen Leoncio Urabayen? Felix Urabayenen anaia baino askoz gehiago.

 

 Leoncio Urabayen Guindo


 Leoncio Urabayen Guindo Arakil-Errotzen sortu zen, 1888ko irailaren 12an, baina Iruñean bizi izan zen txiki-txikitandik. Artikulu honen protagonista den Leoncio Urabayenen anaia Felix Urabayen maisu eta eleberrigilea zen. Leonciok Madrilgo Goi Mailako Irakasletza Eskolan egin zituen ikasketak. Ricardo Beltrán y Rózpide izan zuen irakasle eta “maître à penser” edo mentore, eta Jean Brunhes geografoaren La Géographie humaine, ikasliburu nagusia.

Leoncio Urabayenek Orotz-Beteluri buruzko monografia argitaratu zuen, Madrilen, 1916an, adituen esanetan oso idazlan sendo eta serioa izateagatik nabarmentzeko modukoa. Lencioren hitzetan, Orotz-Betelu "bi eragileren elkarketak sortutako organismoa da: lurraren eta gizakiaren elkarketaren ondoriozko organismoa". Garai horretan Kanpion, Agerre, Aranzadi eta beste hainbat intelektualekin harremanetan zebilen jada. Hori horrela, 1918an, Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresua antolatu zuten, eta hor El maestro de escuela vasca txostena aurkeztu zuen Leonciok; bertan Hezkuntza eledun izendatu zuten eta 1923ra arte eraman zuen eledutzaren ardura. Burgosen aritu zen irakasle Eskola Normalean eta gero Iruñeko maisu-maistrenean lau hamarkaz, bertan Eskolako idazkaria ere izan zelarik.

Orobat, 1920ko otsailaren 8ko udal hauteskundeez geroztik, Euzko Alderdi Jeltzaleko zinegotzia izan zen Iruñean. Urabayen-en pentsakizun politikoa, abertzaletasun zabala eta berritzailean datzana, Jesús de Sarria-ren Patria Vasca liburuari egiten dion kritika zorrotzean ikus daiteke. (Hermes, 1920, 69-73).

1919an, Eusko Ikaskuntzak antolatutako Euskal Udal Batzarrean parte hartu zuen ponentzia bat aurkeztu zuen: La enseñanza en los pequeños municipios vascos (Irakaskuntza euskal udalerri txikietan). Ponentzia horretan, eskola-kontzentrazio moderatuaren beharra azpimarratzen zuen, eta, era berean, neskatiko eta mutikoak elkarrekin derrigorrez eskolaratzearen alde agertu ere. Gero, 1922an, Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresuan ere parte hartu zuen, non erakundeko diruzain izendatu zuten. Garai hartan, Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorrari agertu zion Nafarroako giza geografiaren alorrean ikertzeko nahimena, eta 1924ko abenduan horretarako diru-pentsio bat ematea lortu zuen; horri esker ikerketa geografikoen norabide berritzailea hasi zen Euskal Herrian. "(...) Nafarroako etxebizitzen azterketa garatu genuen, isolaturik. Brunhes-i buruz sakon landu genuen kontzeptua zegoen, baina zerbaitek ez gintuen asebetetzen. Azkenean konturatu ginen falta zela giza geografiaren oinarrizko egitateen arteko lotura, guk prezipitatu geografikoak deitzen genuen horixe falta zen, eta gizakiak ingurune geografikoarekin duen borrokaren gai berria, oso interesgarria dena eta oraindik zientifikoki aztertu gabea, nahierara jarri eta bere onurarako oso-osorik aprobetxatzeko." (Urabayen, Leoncio: "La tierra humanizada" delakoaren sarrera, Madril, 1949, 4. or.). Lan eta ikuspegi horren emaitzak agertzen ari dira 1925eko eta hurrengo urteetako RIEVen.

1927tik aurrera, ikertutakoaren heldutasunak honako izenburu hauek ditu: Una interpretación de las comunicaciones en Navarra, S. Sebastián, 1927; Geografía humana de Navarra, 2 vol., Pamplona, 1929-1932; La casa navarra, Madrid, 1929, 240 or.; Atlas geográfico de Navarra, Pamplona, 1931, 32 or.; Geografía de Navarra (texto explicativo del Atlas), Pamplona, 1931, 230 or.; La geografía humana. Mugak. Madril, 1934, 40 or.; Panorama de la geografía humana, Madril, 1935, 36 or.

Diktaduraren azken urteetan EAJren ildo nagusitik aldendu zen, eta 1927an baja eman zioten (Arteta, Valentín: Miscelánea nacionalista, "Deia", 1985eko urriaren 13a), "Euzko Alderdi Jeltzalearen jarrerekin erabat ados ez zegoelako". 1930ean ANV-EAE sortu zen baina beranduegia zen harentzat, ordurako Eskolari emana bizi baitzen, eta Saez Morilla sozialistarekin zuen adiskidetasunak militantzia politiko berri bati ekitea zailtzen zion. Nolanahi, Errepublikaren garaian, bere ideia pedagogiko asko praktikan jartzeko aukera izan zuen, bai haurrekin, bai helduekin.

48 urte zituela Errepublikaren aurkako matxinada hasi zen. Gerrak eten handia ekarri zion Leoncioro eta, zailtasunak zailtasun eta urteak igarota, azkenik agertu zen La tierra humanizada delakoan hauxe azaltzen du atariko oharrean: "Obra hau 1937an amaituta ere, urte batzuk igarota argitaratu behar izan da. Espainiako Gerraren eta geroagoko Mundu Gerraren ondoriozko nahasmendu eta zailtasunek eragin dute atzerapen hau". Zailtasunak ez ziren egoera politikoaren ondorioz bakarrik izan, baita zailtasun pertsonalak ere: euskalzalea eta liberala izateagatik jazarria izateaz gain, anaia Felixen kinka gehitu behar zaio, kartzelatua eta larriki gaixorik egon baitzen: "Arrazoirik gabeko jazarpenengatik kezkatuak, familiako ezbeharrek zaurituak, gaitz fisikoek gogaituak, gure inguruan garatzen ari zen tragedia izugarriak kezkatuak eta gure lan baliabide urrietara murriztuak, ikasteko edo liburuak edo beste elementu batzuk kontsultatzeko aukerarik gabe..."

Gerraren ondoren, "Munibe", "Estudios Geográficos", "Bol. de la Soc. geografica" eta beste aldizkari batzuetan egindako kolaborazioez gain, Los puentes de Pamplona, Pamplona, 1951, 93 or.; Estudios monográficos de geografía de los paisajes humanizados, Pamplona, 1952, 313 or.; La antropogeografía, la geografía humana y la cuarta geografía, Pamplona, 1955, 152 or.; La vacuidad de la Geografía Humana, Pamplona, 1955; Una geografía de Navarra. Nafarroako giza egoitzei buruzko ikerketa, Iruñea, 1959, 481 or. Bestalde, 1924an, El Dique delako eleberri bat ere argitaratu zuen, baina, Ortega y Gassetek aholkatuta, nobelagintza baztertu eta ikerketari ekin zion. Iruñean hil zen, 1968ko maiatzaren 2an. 

Leoncio Urabayen gaineko artikulu honen jatrrizkoa, erdaraz, Idoia Estornes Lasak idatzia, 

URABAYEN GUINDO, Leoncio. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2024. [Kontsulta data: 2025eko otsailaren 9a]. Eskuragarri hemen: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/urabayen-guindo-leoncio/ar-138259/  

Baina Josu Iraetak hauxe idatzi zuenez GARAn: "Historia faltsutzen edo ahazten duten herriak −espainiarra, esaterako− ez dira historia gainditzeko gai, egindako akatsetatik ikasten ez dutelako. (...)

Egungo mundu akademikoaren −hein batek gurtutako− amnesia historikoak, bere zorroztasun ezak, Ortega y Gasset bezalako faxista bat «liberalismo demokratikoa» deitzen dutenaren aita bilakatzen dute.

Eta neure buruari galdetzen diot... Ortega y Gassetek zapuztita utzi zuen Leoncio Urabayen El Dique haren nobelaren kontura. Nik irakurri egin dut eta ustekabe galanta hartu dut... Ortgea y Gasseten erruz, El Dique izan zen Leoncioren lehen eta azken eleberria... Nafarroa osoan ale bakarra dago Liburutegi Nagusian... Jakin-minez jotakoek bertara jo bezate, harrituko dira Leoncio Urbayenen eleberri horrekin.
 

Baiki, Leoncio Urabayen Felixen anaia izateaz gain, askoz gehiago izan zen, Nafarroako Unobertsitate Publikoari Miguel Urabayenek utzitako funtsak frogatzen duenez gero.

2026-03-13

M1ekoLak - Minutu Bateko Eleak

Hondarreko eleak



Aurtengo Korrikaren kari osatu dugu euskarazko testu bilduma xume hau, Minutu bateko eleak, izenekoa, eta baita jendaurrean aurkeztu ere. Ordubete eman dugu irakurtzen, ordubeteko eleak, ordubeteko aleak. Duela hemeretzi urte, 2007an, hasi zen Minutu bateko eleak egiten, orduko Zorroka Euskara Taldearen ekimenez. Urteak joan eta urteak etorri, bertze euskaldun gazteago batzuek hartu dute, gure pozerako, lekukoa. Haria, beraz, ez da eten. Euskarak batzen gaitu beste behin, zeren euskara ez da dugun objektu bizigabe bat, garena baizik. Korrika-ren aurtengo edizioan, 24. edizioaren leloak dioena berresten dugu guk: Euskara gara!  

Gaur irakurri dudan ene poema

Amaitzeko, nahitaez laburzki bada ere, azken hitzak, azken eleak eskertzeko aldez edo moldez parte hartu duzuen guztiei, bereziki testu guztiak biltzen eta atontzen aritu den Manexi eta Mikeli;  mila esker eta bat gehiago Patricia, Iñigo eta Corleone taldekideei; Maialeni afixa egiteagatik, eta baita Zulo Alai elkarteari ere. Eta, nola ez, hurbildu zareten guztioi ere bai, milatan esker! 


Euskarazko testu bilduma xume hau Minutu bateko eleak, eta minutu bateko ele eta elementuak, minutu bateko eleak eta aleak, minutu bateko ahaleginak, jadanik eginak. 


Zulo Alai Elkartea


Gora AEK

Gora Korrika!

Gora Berriozar eta gora Euskal Herria euskalduna!

2026-02-23

Saharako bibliobusak eta liburutegiak mintzagai Nafarroako Parlamentuan

Iragan den ostiral eta larunbatean Nafarroako Parlamentua egin dira Saharako Bakea eta Askatasunaren aldeko talde parlamentarioen arteko konferentzia. Hona hemen bertan azaldutakoa: 

Otsailaren20an egin mahai-ingurua


Saharako kultura oro har, aberatsa da oso, baina tradizioz, ahokoa. Egia da tribu zenbaitetan bazela liburuarekiko atxikimendu handiago bertzeetan baina, belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu dira errituak, jakintza,  ohitura eta azturak.


Horregatik basamortuko liburutegiak egitea erronka handia izan da: hasieran bibliobusak izan ziren, eta une batean jauzia ematea erabaki zenean, izan zen Bubisherren, Sahararen aldeko idazleen elkartean gure arteko baten bat erokeriatzat hartu zuenik. 


Zorionez, hamabost urteko  ibilbide gogor bezain ederra lortu da wylaya bakoitzean bibliobus bana martxan eta liburutegi bana zabalik izatea. Ederra delako ikustea martxan dauden liburubusak eta jadanik finkaturik dauden bost  liburutegiak, hogeita hamar langile inguru bertan aritzen direlarik.


Ederra da bertan ume sahararrak ikustea, estreinakoz liburu bat eskuratzen dutelarik. Orobat, ederra da gazte sahararrak ikustea bertan bilerak, irakurle taldeak, idazketa tailerrak, antzerkia, hitzaldiak edota ikastaroak egiteko… edo, besterik gabe, gazteek elkar ezagutzeko baliatzen dutelarik. Izan ere, basamortuko liburutegiak bizirik daude, batez ere bertan lan egiten duten liburuzain, txofer eta zaindariei esker. 


Oro har, Saharako kulturak baditu habia sendoak eta Bubisher txoriari esker esperantzarako arrazoi onak, ametsak egia bihurtuak. Eta estreinakoz ume batek liburu bat eskuratzen duelarik mezu bat hartu eta aldi berean eman egiten du: irakurri, idatzi, pentsatu. Liburutegiak ez baitira umeak uzteko toki hutsak, eta bertan sortzen dira ume eta gazte saharar, bizi-biziak. 


XXI. mendeko liburutegiak ezin daitezke izan soilik liburu-biltegiak; are gutxiago, basamortuko liburutegiak. Bubisher txoriaren habiak pentsamendurako babesleku eta ekintzarako gordeleku biziak badira, luze biziko dira. Lana ez da bukatu, inondik ere. 


Duela berrogeita hamar urte, otsailaren 27an,  Bir lehlu-n Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren independentzia aldarrikatzeko gutunak testualki hauxe eskatzen zuen:  


“SEADk honakoa eskatzen dio nazioarteko komunitateari, munduan bakearen eta segurtasunaren oinarriak indartzearren zuzenbidea eta justizia ezartzea helburu dituen nazioarteko komunitateari:

Herri berri honen eraikuntzan eta garapenean lagun dezala, gizon-emakumezkoen duintasuna, ongi-izatea eta nahimenak bermatzeko.”


Nazioarteko Komunitateak giza-laguntza ematen du, baina gero eta gutxiago eta errefuxiatuen kanpamentuetan badira gobernuz kanpoko erakunde anitzek lan ikaragarria egiten dutenak. Gu elkarte txiki bat gara, eta ez dugu erraten hori egin behar ez denik.


Alabaina, gure irudiko, elikagaia eta botikak nahitaezkoak  izanik ere, orobat, kultura, jakintza eta trebakuntza ere behar-beharrezkoak dira. Ildo horretatik doa gure ekarpena, bibliobusak eta liburutegiak hornitzen, laguntzen, sostengatzen eta aberasten, noblea bezain pobrea den Saharako Herriaren kausaren alde. Mendebaldeko Saharara, sorterrira itzultzea lortzen duten arte.

Gora Sahara askea!

Sahara hurra!  




2026-02-15

Gutun irekia munduari, Kubako emakume batek idatzia

Kubako emakume arrunt batek munduak ikusi nahi ez duen krimena salatzen du gutun ireki honen  bidez.


Gizateria osoari, munduko amei, mugarik gabeko medikuei, duintasuna gordetzen duten kazetariei, eta oraino justizian sinesten duten gobernuei:

Ene izena bertze anitzen izen bera da. Ene abizena zeharo arrunta da. Orobat, ez dut garrantzizko kargurik ere. Kubatar arrunta naiz. Alaba, ahizpa, abertzalea. Eta hau idazten ari naiz arima urratuta eta eskuak dardarka ditudalarik, gaur egun ene aberriak bizi duena ez baita krisi bat. Erailketa geldoa da, aurreikusia, eta Washingtondik hotz-hotzean burutua.

Eta munduak ezikusiarena egiten du.

Aiton-amonen izenean salatzen dut:


Kuban behar baino lehen hiltzen diren adinekoak badaudela salatzen dut, AEBk ezarritako blokeoak bihotzerako, tentsiorako eta diabeteserako botikak irlara heltzea eragozten duelako. Kontua ez da baliabide eskasia. Debekua propio egina da. Kubari botikarik saldu nahi dioten enpresek isunak, mehatxuak eta jazarpenak jasotzen dituzte. Zuen gobernuak, isil-isilik. Bitartean, aitona kubatar batek eskua bularrera eraman eta botikaren zain jarraitzen du. Herioak ez du abisurik ematen. Blokeoak, aldiz,  bai.

Umeen izenean salatzen dut:


Salatu nahi dut Kuban badela erregai faltagatik ez dabilen inkubadorarik. Badira jaioberriak borrokan biririk jarraitzegatik, AEBetako gobernuak deliberatzen duelarik zein herrialdek sal diezaguketen petrolioa eta zeinek ez. Badira ama kubatarrak beren seme-alaben bizia arriskuan ikusi dutenak, Washingtongo bulego batean sinatutako agiri batek ume kubatarren negarrak baino gehiago balio duelako.

Bitartean, non dago nazioarteko komunitatea? Non daude haurtzaroa hainbeste babesten duten erakunde horiek? Ala Kubako haurrek ez dute merezi bizitzerik?

Propio eragindako gosetea salatzen dut:


Blokeoa programatutako gosea dela salatzen dut. Kontua ez da janari eskasia. Ezin dugu erosi, zeren eta elikagaiak daramatzaten ontziak jazarriak dira. Banku-transakzioak blokeatu egiten dira. Izan ere, aleak, oilaskoa, esnea saltzen diguten enpresak zigortu egiten dituzte.

Kubako gosetea ez da ezbehar bat,hala beharrez sortua. Estatu Batuetako gobernuak halabeharrez ezarritako estatu-politikaren ondorioa da, 60 urtez luzatua, AEBetako administrazio guztiek eta bakoitzak eguneratua, Donald Trump-ek gogortua eta Marco Rubiok amorruz bururatua.

Horri "presio ekonomikoa" deritze. Nik gose bidezko terrorismoa deritzot horri.

Sendagile eta erizainen izenean salatzen dut 

Salatzen dut gure medikuek, mundu osoa kolapsatzen ari zen bitartean pandemian biziak salbatu zituztenek, gaur egun ez dutela ez xiringarik, ez anestesiarik, ezta X izpien ekipamendurik ere. Kontua ez da, beraz, ez dugula talenturik. Kontua da AEBek ezarritako blokeoak eragozten digula sargaiak, ordezko piezak eta teknologia eskuratzea.

Gure zientzialariek COVID-19aren aurkako bost txerto sortu zituzten. Bost. Inoren laguntzarik gabe. Oztopoak oztopo. Blokeoaren eta gezurren aurka. Eta guztiarekin ere, inperioak zigortzen gaitu erdietsi genuelako.

Munduari hauxe erraten diot:

Kubak ez du limosnarik eskatzen.
Kubak ez du soldadurik eskatzen.
Kubak ez du eskatzen maitatzeko.
Kubak justizia eskatzen du. Ez gehiago, ez gutxiago.

Ene aberriaren sufrimendua normaltzat hartzeari uzteko eskatzen dizuet.

Blokeori benetako izenez deitzeko eskatzen dizuet: gizateriaren kontrakom krimena.
AEBk lepoa estutzen digutelarik “elkarrizketa" eta "demokrazia" hitz politen amua ez irensteko eskatzen dizuet

Ez dugu karitaterik nahi, bizitzen utz gaitzatela baizik.

Isil-isilik dauden gobernu konplizei: Historiak epaituko zaituzte.

Gezurra esaten duten komunikabideei: egiak beti aurkitzen ditu arrakalak.

Zigorrak ezartzen dituzten borreroei: Kubako herriak ez du ahazten ez barkatzen.

Bihotzean oraindik gizalegea gordetzen dutenei: begiratu Kubari. Begira zer egiten diote eta galdetu elkarri: Historiaren zein aldetan egon nahi dut?


Populu erraldoia duen uharte txiki honetatik 

Kubatar arrunt bat, sekula amore emanen ez duena. 




Goiko testu horrek barruak astindu badizkizu, zabaldu.

Ez zait axola 10 ala 10.000 lagun edo jarraitzaile dituzun.
Ez zait axola zure profila publikoa edo pribatua den.
Ez zait axola ez baduzu sekula deusik ere partekatzen.
Zeren eta kontu hau desberdina da zeharo.
Hau ez da ilunabarreko argazki pollit bat.
Hau ez da axalezko kontu bat.
Hau ez da beste iritzi huts bat.
Hau irrintzia da. Eta irrintziak ez dira isilpean gordetzen ahal. 
Aditzen dira. 
Zabaltzen dira. 
Biderkatzen dira.

Zabaldu munduak jakin dezan Kuban ez dagoela krisirik, AEBk eragindako krimen handi bat baizik.

Bertze herrialdetako amek jakin dezaten Kuban badaudela umeak blokeoak itzalitako inkubadoran bizia salbatzeko borrokan.


Beste lurralde batzuetako aitona-amonek jakin dezaten Kuban badirela agureak eta atsoak hiltzen direnak Washingtonek sartzen uzten ez dituen sendagaien esperoan eta desesperoan.

  • Gobernu konplizeek ahalke eta lotsa senti dezaten.
  • Hedabide gezurtiek jakin dezaten gezurrak hanka motza duela. 
  • Borreroek jakin dezaten ez garela isilduko.

Hau guztiau partekatuko balu pertsona bakar batek, ez luke ezertarako balio izango. 
Baina hamaika lagunek eginez gero, bai.
  • Ez ezazu testu hau gorde, otoi.
  • Ez zaitez zure isiltasunari esker konplize izan, faborez. 
  • Eman eta zabal ezazu lau haizetara, mesedez.





2026-01-29

Ez ahantzi Palestina!

 



Gaur, Berriozarko Osasun Etxearen aurreko kale-agerraldian


Berriozarko Osasun Etxearen atarian ostegunero biltzetik hileko azken ostegunean biltzera pasatu gara berriozartar batzuk. Horregatik, aldaketak aldaketa, mila esker zin-zinez ilbeltzaren azken ostegun honetan hurbiltzeagatik.


Zoritxarrez, Palestinako egoerak zalditik astora eta astorik lurrera egin du eta, gainera, munduan inperialismo yankiaren adierazle nartzisista den Trump-ek piztutako krisi berriek arreta eta fokua desbideratu dituzte, bai Venezuelara, bai Groeandiara, bai Iranera; hori horrela, Palestina bigarren maila batean gelditu delarik. Haatik, horrek Israeli mesedegarria zaio inpunitate are handiagoz joka dezan, komunikabideek fokua Palestinatik aldendu eta beste hainbat tokitara fokuratzen dituztelarik.


Beraz, Inperialismo basatiak erasoak biderkatu dituen urte hasiera honetan, ez dakit ohartzen garen zeinen garrantzizkoa den elkartasuna, ze garrantzia duen elkartasunari eta presioari eusteak gobernu sionistak aurrera daraman genozidioa salatuz. Izan ere, su-eten aizuna eman zenetik bostehun palestinar hil ditu armada israeldarrak.


Europaren isiltasun konplizea urratzeko eta Estatu espainolak Israelekiko harreman oro behingoz bertan behera utz ditzan, Palestinak nazioarteko elkartasuna behar du oraindik, eta hileko azken ostegunean osasun etxearen atarian elkarrekin biltzera egiten dizuegu dei, palestinarren ahotsa eta deiadarra ahantzia izanen ez bada. Hurrengo kale agerraldira arte, ezin besoak antxumaturik gelditu eta egunerokoan presioa egiten jarraitu behar da, aldez eta goldez jarraitu ere.


Ez ahantzi Palestina!








2025-12-25

Olentzero Berriozarren, bertsotan

 




Berriozarko Ilargi plazan, bart
Olentzero nauzue
mendi(a)n ikazkina
beltz-beltza dut txapela
beltz-beltza zikina
berri gorriak eta
mingaina arina
izan dezazu(t)ela
egun atsegina.


Ene ondoan dugu
bai, Mari Domingi
ni bezain inportante
ulertu hori ongi!
Matxistarik badago
ez etorri niri,
matxistentzat ikatza
dakart nik opari


Negua heldu dela
lehorra eta hotz
urte zaharra jada
gelditu zaigu motz
Agur betiko beraz
bi mila hogeita bortz
urte berri hobea
izanen delakotz 


Euskaraz entzuteak
ematen dit poza
gorputza ez daiteke
hezur hutsez osa
Berriozar gorputza
euskara bihotza
euskararik gabeko
Berriozar motza.



Aro berri on!

2025-12-08

Joxe Austin Arrieta-ren "Palinpsestoa" Durangoko Azokan



Joxe Austin Arrieta, solaskide


Durangoko Azokaren abaroan, Jose Austin Arrieta Ugartetxea donostiarra aurkezteko eginkizun eta plazera izan nuen, Ahotsenean. Idazleak hirutan hogei eta hamabortz, eta bizitza oparokoa, inondik ere: Filologia Erromanikoan lizentziaduna, irakaslea, poeta, UZEI eta UEUn ibilia, Kutxan, kontu-hartzaile... eta Euskaltzain urgazlea ere bai! Kltismo bat baliaturik, “Homo Faber” bat.. Derradan, bidenabarkoan, Max Frisch suitzarraren Homo Faber eleberria euskaratu zuela gure solaskideak, baita William Goldingen Eulien Ugazaba ere, bertzeak bertze. Horatz eta beraz, itzultzaile ere bai.


Joxe Austin Arrieta gure idazle handietarikoa da, ez ulertua eta askietsia, euskalalari suharra eta Euskal Herri euskaldun, batua eta sozialistaren aldeko ekintzaile zaildua, eskarmentu handikoa. Hona ekarri gaituena, bere opus magna, zeren eta “Idazle bat ez da sekula erretiratzen, jubilatzen baizik” eta berak erretreta hartu zuenetik orain arte bilduta eta idatzitakoa jasota da Palinpsestoa mardulean.


Nabigatzaileendako oharra


Liburua poliki-poliki irakurri beharrekoa, egiturak eta ezaugarriek hartaratuta, idazlanak eskatzen dituen arreta eta tai gabeko excursus anitzek eta askotarikoek behartuta, kontuan hartuz, gainera, hamaika geruzatan dagoela antolatuta, tipula baten gisara eta egileak berak idatzia duenez; Jose Austin Arrietak berak dioenez, “hitz-jolasetarako nire mania, mamiari ezin eta durundiari beharko ekin.”


Palinpsestoa liburu aberats eta naroa den obra handi bat duzu, zaila sailkatzen, nobelaren, kronikaren eta saiakeraren arteko esparru lausoa, liburu hibridoa, sailkatzeko tenorean liburuzainen buhuheste alegia. Jose Austin Arrietak oldozpenak isuri nahi izan ditu liburu honetara; usu, sentipen eta gogoeta kontraerrankorrak, eskuarki liburuaren “pertsonaia” alter ego horiekin dituen eztabaidetan; pertsonaia horiek, izatez ez dira batere arruntak, ikasiak eta jantziak izanik, eta egileak fineziaz garatzen ditu hausnarketa horiek, bere mintzakide diren sosias anitzekin eleketan —batez ere bere Alter ego den Kepa Arrastirirekin—.


Bide batez ohartarazi nahi nioke irakurleari solasek eta oin-oharrek ez dutela betiko funtzio akademikoekin zerikusirik; guztiz alderantziz, testuaren osagarri, jarraibide eta solaskide baitira, gogora ekarriz Sarrionandiaren Moroak gara behe-lainoen artean liburukoaren ohar jakingarri oparoak.


Egileak dioenez, liburukote honetan “makina bat pasadizo autoplagiante”, anitzetatik haratago, paper ebakin zaharretatik haratago, collage aberats batetik haratago, balio literario, historiko eta soziologiko handiko obra dugu; liburu hau gozagarria izanen da da, betiere literatura landuaz gozatzen nekerik hartzeko prest badago. Asko eskatzen duen liburua izanik ere, eman, asko ematen dizu bueltan; eman bezain bertze —edo gehiago— ematen du ordainetan Palinpsestoak.


Laburbilduz


Etxean izateko liburu bat da, liburu honetan hausnarketa esperientzia pertsonaletik harago zerpentsaturik ematen duen liburu-mugarri bat, tarteka-marteka bistadizo bat eman eta gure iragan hurbilaz eta geure geroaz gogoeta egiteko tresna oparoa.


Bukatzeko, herenegun Espainiako Konstituzioaren urteurrena zenez gero, pentsatu nuen norbaitek esanez gero “¿qué dice tu DNI?” edo “o eres español o no eres nada”, Joxe Austin Arrietari Palinpseston irakurritakoa gogoratu nahi nuke: “Esaiok ezetz. Garena garela, eta ezer ez garela garenak ez bagara”.


Joxe Austin Arrieta eta Lucien Etxezaharreta
Maiatz-ek Durangoko Azokan daukan saltokian 




2025-12-03

Ttakun eta herren, euskaraz, arren.




Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, txalaparta soinua Berriozar osoan zabaldu zen atzo.  Berriozarko Udalaren eta beste hainbat eragileren ekimenez, Iñaki Villanueva eskultore berriozartarraren Txalaparta obraren inaugurazio-ekitaldia egin genuen atzo eguerdian Euskal Herria plazan. 


Eskararen aldeko dei eta oihartzun bateratua irudikatzen du eskulturak, gure herria eta gure komunitatea batzen dituen elementu komuna izanik. Txalapartari baten eskuak dira, euskararen alde pizteko dei eginez. Iñaki Villanuevaren eskultura musika eskolan ezarriko da modu finkoan eta ondoan, plaka hau: 





Hartara, kulturaren eta artearen arloak uztartuta agertzen dira euskararen aldeko artelan honetan, Berriozarko Musika Eskolara sartzean ikusgarri egunero egonen dena, Euskararen Eguna egunero deneko erakusgarri.





2025-11-26

Errautsetan Idatzitako Haikuak Nafar Ateneoan

 

Badira urte batzuk lehen aldiz haiku-liburu bat argitaratu nuela. Betidanik izan dut garbizerbait ezohikoa izanen zela. Literatura, olerkigintza, haikugintza eta euskaraz... Gaur Nafar Ateneoaren Joxemiel Bidador taldekideen artean "Errautseatn idatzitako haikuak " liburuaz  zehatz, eta haikuez oro har, solastea dut eginkizun eta plazer. 


Nire lehen haiku-liburua, Gerezi Garaiko Haikuak, duela hamalau urte argitaratu zen eta nire bigarren haiku liburua, Orbel Azpìko Haikuak, duela hamabi. Hirugarren liburu hau besteak baino zabalagoa da denbora tartea ere zabalagoa izan delako, baina uste dut bazela garaia ateratzeko aspaldi egina nuelako bilduma, eta haiku ehizan tarteka-marteka jarraitzen dudan arren, bestelako idazkiak ere jorratzen baditudalako.


Haiku-sukarraldia ez dut aspaldirik izan... Zeri deitzen diot nik haiku-sukarraldia, zer da enetzat haiku-sukarraldia? Xiki haikugile handiak deskribatu zuen eta Roland Barthes-ek jaso zituem “La preparación de la novela” liburuan


1891aren amaiera aldera, etxe bat alokatu zuen Komagonen, eta bakarrik bizi nintzen bertan. Eskola-liburuak irakurri ordez, haikuak irakurtzen ematen nuen denbora. Azterketa garrantsitsu baterako bi egun baino falta ez zirelarik, nire idazmahaia zabaldu, eta haikuak eta eleberriak baztertu egin nituen, eskola-liburuak bertan utzita. Mahai lehen kaotikoa eta orain txukun horren aurrean, plazer betea sentitu nuen, eta haikuak ene baitan azaleratzen hasi ziren, ere kontzientziaren azalean burbuilak bezal-bezalaxe.

Eskola-liburu bat zabaldu nuen... alferrik, baina: ezin lerro bat ere irakurri. Haiku bat ene baitan sortua zen. Azterketa prestatzeko paper zati txuri oro baztertua nuenez gero, haiku hori lanpararen pantailan idatzi behar izan nuen. Idatzi ahala, beste haiku bat azaltzen hasi zen ene baitan. Eta gero beste bat. Handik gutxira, pantaila osoa haikuz mukuru zegoen.


Xiki haikugileaz gain, nigan eragin izan duten, ukitu eta hunkitu nauten haikugile edo haijin handiak gogora ekarrita, zerrendatzea zaila dateke, anitz eta askotarikoak direlako. Egia esateko, haikugile klasikoen landarat, nigan biziki eragingarria suertatu dena Ryunosuke Akutagawa izan da. Berak idatzitakoa da Erratsetako haikuak eta izenburua hautatzeko tenorean hari keinu bat egitea, omenaldi txiki bat egitea deliberatu nuen.


Esan bezala, jarraitzen dut noiztenka haikuak harrapatzen eta jasotzen, txuri gainean beltz, baina bestelako testuak ere ari naiz ekoizten, ez bakarrik haikuak.


Nire lehen haikuak Iruñean bizi zen lagun japoniar bati erakusteko zortea izan nuen. Hori horrela, haiku-liburu bat ateratzen dudan bakoitzean Reiko Furunoz gogoratzen naiz. Japoniara itzuli zen eta nire lehen haiku-liburua igorri nion arren, ez nuen jaso erantzunik. Urte anitz igarota badira ere, agian liburu honen alea bidaliko dut munduaren bertze aldera berriz ere. Auskalo. Baliteke ihasdespenik jasotzea.


Aparteko aipamena behar du Maite Ramosen lanak, aurreko haiku-liburuetan bezala, irudi ederrez apailatu baititu haiku zenbait. Prozedura, haiku bat emanda irudi bat osatzea, fineziaz eta artezki egina; bada liburu hau aberastu, osatu eta biribildu duen arte-lana.


Eskerrona adierazteko unean, eskerrak jaso behar dituztenen lagun zerrendan badaude, batetik, Denonartean argitaletxeko Unai eta, bestetik, aitzin solasaren egile Rafa Blanco Arbe, eta baita ere Nafar Ateneoan bi ikasturtez haiku tailerretan parte hartu zutenak; eta, nola ez, esker anitz bertaratu zareten guztioi.



Mendebaldean oso gustagarriak dira zenbaki biribilak: mila esker esaten dugu. Haatik, Japoniako Kulturan, ez hainbeste. Hori horrela, zilegi bekit mila esker eta bat gehiago ematea, eta informazio gehiago lortzeko, Kristina Berasainek BERRIAn argitaratutako erreportaian duzu irakurgai. 









1“La Preparación de la Novela” Barthes, R. 69. or.

2025-10-02

Ez gaitezen isildu, ez gaitezen kikildu

Berriozarko Osasun Etxean

Ez gaitezen etxean gera. Elkar gaitezen berriz ere Palestinaren alde eta genozidioaren aurka kaleetan. Egoeraren larriak hartaratuta bildu gara gaur, kontuan hartuta bart Askatsunaren ontzidia Gazarako bidean zihoala, ausart, irmo, kemen eta erabakitasunez Israelek eraso egin duela. 


Ez diezagutela ziria sar. Bihar ere bildu beharko gara, zeren eta Trump-en plana iruzur handi bat da, palestinarren iritzia kontuan hartu gaberik egina. Hortaz, ezin daiteke plan onik izan palestinarrentzat, kontatzen digutena kontatzen digutela. Gogora dezagun sahararren kasua. Azaroan beteko dira berrogeita hamar urte “Pactos de Madrid” direlakoak sinatu zituztela, jakina, sahararren iritzia kontuan hartu gabe. Mende erdia igarota sahararrak errefuxiatu jaio eta errefuxiatu bizi dira, basamortuaren basamortuan, baina Mendebaldeko Sahararatik at, Marokok sahararren baliabideak ustiatzen dituelarik. Mendebaldeko Sahararen aurrekaria ikaskizuna dugu. Ez gaitezen engaina.

Ez dezagun etsi. Ohartzen al gara iruzurgileen manipulazioari buru egiteak ze garrantzia duen? Nahitaezkoa da Palestinari buruz hitz egiten jarraitzea, gure ahaleginak biderkatzea, Palestinaren aldeko gure engaiamendua berrestea. Jarrai dezagun hitz egiten Palestinaz, jarrai dezagun Israel estatu sionista salatzen eta boikoteatzen. 

Ez gaitezen isildu. Askatasunaren ontzidiaren aurkako eraso bidegabea salatzeko eta atxilotuen berehalako askatzea eskatzeko, hala nola  Israelerako armen bahitura eta estatu sionistarekiko harreman oro galdegiteko, kalera. 

Berriozarren kale agerraldi bat egin ordez, hiru egin ditugu gaur: Osasun Etxearen atarian 11etan, Institutuaren sarreran beranduxeago eta Euskal Herria plazan ilundu aitzin. Ez gaitezen isildu, ez gaitezen kikildu.

Berriozarko Euskal Herria plazan





2025-09-23

Hitzordua Hemingway-ren iturrian

 



Iruinsemea izanik, betidanik ezagutu ditut Hemingwayri buruzo topikoak: Sanferminetan mozkor arraildurik, emakume ederrez inguratua ibiltzen zela eta zezenketak maite zituela. Baina badago beste Hemingway ezezagun bat, ezaguna bezain interesgarria, eta haren literatura eta izaera ongi ulertzeko, ezinbestekoa. Sanferminen atariko, komunikabide gehienek beti transmititzen diguten Hemingwayren gaineko irudia topikoz betea da, sobera komertzializatua, kontsumismoa bultzatzen duena. Iruñeko ibilerak aski auspotzen direnez gero urtero-urtero, funtsezkoa da era berean Hemingwayk Iratin eman zituen garaien berri izatea, egin zituen ibilaldiak ezagutzea, paisaiak, lagunak eta tokiak. Horietako batean, aski ezezaguna, Hemingway-ren iturrian, asteburu honetan bildu ginen Bortua eta Literatura jardunaldiaren karietarat. Orbaizetan, bertzeak bertze, ibilaldi laburra egin genuen aski ezezaguna den Hemingway-ren iturriraino. Jarrain doakizuen testuan bertan esandakoak biltzen ahalegindu naiz.



Izan ere, saldu diguten irudi tipiko-topikoa Ernest Hemingwayren irudi guztiz desitxuratu bat da. Agure ile-urdin, mozkorti, andre-zalea baino askoz ere gehiago izan baitzen Hemingway, baina, maleruski, Frankismoak bere interesen araberako irudi hori ekoitzi zuen, topikoz betea, eta irudi hori baino ez zaigu heldu. Haatik, duela ehun urte, 1920 eta 1930etako hamarkaden, hemen ibili zen Hemingway gazte bat, benetan idazle emankorra izan zena.


Historiagilea ez naizez gero, niri literatur aldetik interesatzen zait Ernest Hemimgway. Agure eta itsasoa, —The Old Man and the Sea—, Kanpaiak joka norengatik ote —For Whom the bell tolls—, Armei agur —A Farewall to Arms—... Nobel saridunaren eleberrien izenak gutxienez ezagunak dira, baina Hemingway batez ere ipuingile bikaina izan zen eleberrigile ona baino gehiago. 2011n Xabier Olarrak haren ipuin ospetsu bat, Francis Macomberren bizitza labur zoriontsua, eta Javi Cillerok beste batzuk euskaratu eta guztiak bilduma batean batu zituzten: Francis Macomber eta beste zenbait ipuin.


Nik biziki maite ditut Hemingwayren ipuinak. Francis Macomber eta beste zenbait ipuin, Igela argitaletxeak plazaratutakoa eta oraindik prezio irrigarrian salgai dagoen liburuttoa... aitor dezadan enetzat aurkikuntza bat izan zirela: ipuin iradokitzaileak, esaldi laburrak, menpeko esaldi gutxi, estilo zuzena eta asko esaten duena... esplizituki adierazi gabe ere. Nobel saria eman bazioten, ipuingintzari esker eta literaturan eginiko ekarparengatik izan zen, ezen ez eleberriengatik, beste literatur mota baten ekarpena egin baitzuen orduan Hemingwayk literaturar munduan... egia badarik ere eleberriak baino ezezagunagoak direla ipuinak.


Bestalde, Ernest poeta ere bazen. Berak ez zuen poesia anitz idatzi, baina bere bizitza osoan zehar idatzitako 88 poema horiek ematen dizkigute haren narratibaren eta haren bizitzaren gaineko gako eta giltza osagarri anitz. Poeta naizenez egero ez dut saririk espero, baina ene ekarpena Hemingwayren poesia aztertzea izan da eta hainbat poema euskaratzea, Baionako Maiatz literatur aldizkarian argitara emanak eta blog honetan bertan aipatuak. Poema horiek guztiak Armiarma.eus webgunean jarri ziren iaz, denon eskuragarri.

Ernest Hemingwayren poesia osoa lau arotan sailkatzen ahal da:

  • Gazte garaiko poemak (1912-1917)
  • Bidaiak (1918-1925)
  • Maiteño bat eta beste zenbait eskaintza (1926-1931)
  • Agurrak (1944-1956)

Poema horietako batzuek, duela ehun urte idatzitako batzuek, —ene ustez hoberenak— gaurkotasun izugarria gordetzen dute. Lehen Mundu Gerraren ondoren eta ondorioz idatziak, antimilitaristatzat jo daitezke, bertan agertzen zaigun Erneste Hemingway gerraren aurkari amorratu baten gisa azaltzen zaigularik. Egia da argiki ikus daitekeela hori Armei agurA Farewall to Arms eleberrian ere, baina nik azpimarratuko nituzke gerrarteko garaian idatzitako poemak, batez ere beraien gordintasun eta indarrarengatik. Horren adibide, blog honetan bertan dagoen Eric Dorman O’Gowan lagun irlandarrari eskainitakoa.


Noan bukatzera, luzatzen ari naiz eta. Hasieran aipatzen nuen Hemingwayren gaineko irudi topiko-tipikoa zalantzatan jarri badut, pozik eta uros, topikoak engainagarriak eta eztabaidagarriak direlakoz.


Post scriptum: goian erran bezala, Koro Navarrrok Fiesta: Eguzkia jaikitzen da itzuli zuen, maistraki itzuli ere. Datorren urtean mende bat beteko da liburu ezagun hori argitara eman zenetik... Polita litzateke horren karietarat zerbait egitea, adibidez, Auritzerako bidaiaren kronika ezagun hori berriz egiteko ekimen bat edo beste.